Komikia

tintinTintinen abentura berriak 2052an kaleratuko dituzte

Ez, ez dago akatsik titularrean ageri den datan . Georges Prosper Remi Hergék (Etterbeek, Belgika, 1907 – Woluwe-Saint-Lambert, Belgika, 1983) sorturiko pertsonaia ezagunaren istorio berriez gozatzeko aukera izango da 2052an. Hala jakinarazi dute Hergéren lanen eskubideak kudeatzen dituzten Casterman argitaletxeak eta Moulinsart elkarteak. 2053an domeinu publikokoa bihurtuko da Tintin, Hergé hil zela 70 urte beteko baitira urte horretan. Haatik, Tintinen eskubideen kudeatzaileek ez dute hori gertatzerik nahi. Antza denez, bera hil ostean beste inork Tintinen abentura berririk sortzea ez omen zuen nahi Hergék. Hortaz, 2052an Tintinen istorio berri bat kalera-tzen badute, gaztetxo ilehoria domeinu publikokoa bilakatzea saihestuko dute, eta haren abenturak edonork edozein modutan egitea galarazi. Data zehaztu dute, baina beste ezer ez. Hau da, oraindik ez dute erabaki 2052an zer nolako lana plazaratuko duten. Komikia, marrazki bizidunak, eleberria... hainbat aukera aipatu dituzte, baina ezer zehatzik ez. Zer egin erabakitzeko denbora, behintzat, sobera izango dute.