Euskara

nafarroaoinezTuteran egingo da aurtengo Nafarroa Oinez

Nafarroako Erriberako ikastola bakarrari laguntzeko aukera izango da urriaren 20an Tuteran, bertan egingo baita 2013ko Nafarroa Oinez Taupadaz bat egin! lelopean. Tuterako Argia ikastolak antolatuko du, hirugarrenez, Nafarroako ikastolen aldeko jai erraldoia. Aurtengoan, bi helburu finkatu dituzte antolatzaileek. Batetik, ikastolaren bideragarritasun ekonomikoa sendotzea, eta, bestetik, Erriberan euskara eta euskal kultura bultzatzea. Egoera kaskarra bizi du euskarak eskualde hartan, baina, zailtasunak zailtasun, pixkanaka gorantz doa. Argia ikastolaren garapena horren lekuko: 1984an sortu zenean, 5 neska-mutilekin hasi zuen jarduna. Egun, aldiz, Erriberako 15 herritako 250 ikasle dituzte. Hala eta guztiz ere, egoera ekonomiko zailean da Argia ikastola. Horregatik, euskaltzaleen laguntza, elkartasuna eta inplikazioa ezinbestekoa dute euren lana aurrera atera eta eskualdean kalitatezko hezkuntza euskalduna eskaini eta euskaraz bizi ahal izateko. Urriaren 20an da hitzordua, baina egun horri itxaron gabe ere badira Argia ikastolari laguntzeko bestelako moduak, www.nafarroaoinez.net/ webgunean ikus daitekeenez.