Jendartea

zahartzaroaNon bizi, hala zahartu

Zahartzaroa hobea edo okerragoa izan daiteke bizilekuaren arabera.  Hala dio adinekoen ongizateaz arduratzen den HelpAge International erakundeak Zahartzaroaren Mundu Mailako Indizea delako zerrenda oinarri. Munduko 91 herrialdetan zahartzaroari loturiko hainbat baldintza aztertu ostean osatu du erakundeak aipatu zerrenda. Zehazki, lau faktore nagusi hartu dituzte kontuan: diru iturriak (pentsioak, pobrezia tasak...), osasun baldintzak (osasun zerbitzuen kalitatea, ongizate fisiko eta psikologikoa...), adinekoentzako lan eta hezkuntza aukerak eta gizarte ongizatea (gizarte harremanak, garraio publikoa...) . Horiek guztiak aztertu ostean, zahartzaroa bizitzeko munduko herrialderik onena Suedia dela ondorioztatu dute. Zerrendako hurrengo herrialdeak ondoko hauek dira: Norvegia, Alemania, Herbehereak, Kanada, Suitza, Zeelanda Berria, AEB, Islandia eta Japonia, hurrenkera horretan. Azkena, aldiz, Afganistan da, eta jarraian daude Tanzania, Pakistan eta Jordania. Egileek azaldu dutenez, herrialdeen aberastasunak ez du zertan adinekoen ongizatean zuzeneko eraginik. Hala, Boliviaren kasua nabarmendu dute: eskualdeko herrialde txiroenetakoa izanik ere, adinekoen bizi-baldintzak hobetzeko hainbat neurri ipini dituzte indarrean. Baina zerrendako lehen postuak ikusita, salbuespentzat har daitezke halako kasuak. Eta Euskal Herriaren kasuan, zer? Horretarako, Espainia eta Frantziaren datuei erreparatu behar: Frantzia 18. postuan ageri da eta Espainia, berriz, 22.enean. Hortaz, hegoaldeko eta iparraldeko euskal herritarren artean aldea badago, nahiz eta txikia izan. Nolanahi ere, zerrendaren helburua ez da zahartzeko leku onenen eta txarrenen zerrenda osatzea, etorkizunean zahartzaroak mundu osoan izango duen garrantziaz ohartaraztea baizik, egileek jakinarazi dutenez. Izan ere, adituek diote etorkizunean adinekoen kopuruak gora egingo duela eta, ondorioz, egoera horri behar den moduan erantzun beharko zaiola. Euskal herritarrok azken urteotan pairatzen ari garen murrizketak kontuan hartuta, ez dirudi bide onean goazenik...