Hilerriak tontorretan

GURUTZEAK

Euskal Herriko mendi tontor askotan ikus daitezke gurutze eta oroitarriak. Tradizioari lotutakoak batzuk, hildakoen oroimenez ipiniak besteak, paisaiaren zati bihurtu dira gailur askotan. Baina azkenaldian ugaritzen ari direla eta, haien egokitasuna hizpide bilakatu da, eta neurriak ere hartu dituzte non edo non. Esaterako, Hernion. Azken urteotan gehiegi paratu dituztela iritzita, gurutze eta oroigarriak kentzeko lanean hasi dira Herniopeko udalak. Eñaut Mitxelena.

 

 

Jende asko joaten da urtean zehar Herniora. Inguruko herritarrentzat ez ezik, gipuzkoarrentzat eta mendizaleentzat ere gailur berezia da, estimatua. Berezia esanahiz, eta berezkoa itxuraz, tontorra gurutzez eta oroitarriz josia baitu. Batzuek tradizioan dute jatorria, gailurrera doan gurutze bidekoak, kasu, baina beste asko norbanakoek ipinitakoak dira.
Azken urteotan, hildakoak errausteko ohitura hedatu den neurrian, errautsak haizatutako lekuetan oroitarriak ipintzeko joerak ere gora egin du. Ondorioz, kanposantu itxura hartzeko arriskuan daude hainbat natura ingurune. Hernioren gaina, adibidez. Joera hori tarteko, eta azken hamar urteotan oroitarri eta gurutze mordoxka paratu dutela ikusita, neurriak hartzea erabaki dute Herniopeko zortzi udalek.
Iragan irailean publiko egindako adierazpenean, aurrerantzean Hernioko gurutze eta oroitarriekin nola jokatuko duten azaldu zuten Aia, Albiztur, Alkiza, Asteasu, Bidegoian, Errezil eta Larraulgo Udalek. Finean, Hernioko lurretan edozein oroigarri partikular jartzea galarazi dute, eta aurretik ipinitako gehienak kentzea erabaki, eremua “herri ondare delako eta naturak hala eskatzen duelako”. Horretarako, urtebeteko epea eman zaie hildakoen senideei oroitarri edota gurutzeak euren kabuz ken ditzaten. Datorren urteko irailean kendu gabe daudenak, udalek erretiratuko dituzte. Denak ez, zenbait utzi egingo baitituzte. Era berean, ororentzako baliagarria izango den oroitarri komuna ere ipini dute. Hori bai, hildakoen oroimen kontuak mingarriak izan ohi direla  jakitun, kontu handiz jokatu dute hasiera-hasieratik, inor ez mintzeko asmoz. Irizpide eta epe zehatzak ezarri dituzte, eta kaltetuekin aldez aurretik hitz egin.
Gregorio Iraola Albizturko alkateak azaldu duenez, aspaldidanik zetorren kezka: “Ikusten zen gero eta oroigarri gehiago jartzen ari zirela, eta muga bat jarri behar zitzaiola horri. Bestela, neurriz kanpo haz zitekeen kontua”. Iraolaren hitzetan, “azken hamar urteotan, gutxi gorabehera, hamabost bat gurutze eta oroitarri ipini dituzte”.
Urrats neurtuak
Urtebete pasa da Hernio azpiko udalak afera lantzen hasi zirenetik. “Hainbat hausnarketa behar izan ditu, gaiak sentiberatasuna eragiten duelako. Nahiz eta denok garbi izan hori egin behar zela, eta bidezkoa eta zuzena dela, hausnarketa eskatzen zuen” dio Iraolak. Uneoro zentzuz eta tentuz jokatzen saiatu dira. Hildakoak tarteko, sentimendu kontuak daude oinarrian, eta, ondorioz, gaia oso konplexua dela dio Iraolak. Ororen gainetik, inor ez mintzeko xedea izan dute. “Gurea ekimen orokor bat da, Herniora joaten diren guztiekiko errespetuagatik, daudenen eta ez daudenen errespetuagatik egiten ari garena. Hori garbi utzi nahi dut: jendeari begirunea erakutsiz  jokatzea da gure desioa, nahia eta borroka, eta gurekiko gauza bera eskatuko dugu: errespetuz jokatzea”.
Horregatik, erabakia publiko egin eta abian jarri aurretik, gurutze eta oroitarrietan identifikatu ahal izan dituztenen familiekin harremanetan jarri dira. Denekin ezin izan dute hitz egin, baina Iraolak dioenez, “oro har, ondo jaso dute erabakia senideek. Espero baino hobeto. Gehiengoak ondo ikusten du oroigarriak kentzea. Hau da, bat zetozen gaia neurriz kanpo hazten ari zela”. Zalantzak ere agertu izan dizkiete, batik bat erabakia indarrean jartzeko irizpideen inguruan. “Batzuek galdetu digute ea zergatik utziko ditugun orain artekoak eta hemendik aurrerakoak debekatu; edota herrien izenean ipinitako gurutzeak kendu behar ote ditugun... Guk argi esan diegu: ezin dugu berezitasunik egin. Edo denak, edo bat ere ez”. Hau da, irizpide oso zehatzak ezarri dituzte, ez dadin ez kalapitarik, ez gaizki ulerturik sortu: “Norbanakoen gurutze eta oroitarriak kenduko dira”. Beste zenbait, aldiz, bertan utziko dituzte, “historikoak, kalbarioko gurutzeak, inolako identifikaziorik ez duten zenbait eta, momentuz, Hernion bertan hil direnenak. Batzuk ez ditugu kenduko, baina edukiko dute beren zergatia. Gure ustez, behintzat, zentzuzkoa”.
Hala ari dira. Urratsak ondo neurtzen. Lehenik eta behin, orori zuzendutako oroigarri komuna ipini zuten tontorrera daraman azken aldatsean: xafla bat, Loidisaletxe bertsolariaren bertso batekin. “Ezertan hasi baino lehen, oroigarri hori jarri genuen. Han sentimendu bat daukanari errespetua zor diogula uste dugu”.
Orain, 2014ko irailera arteko epea izango da oroitarriak kentzeko. “Neurria hartu eta oroigarriak berehala kentzea ezinezkoa zela iruditu zitzaigun, eta epe bat behar zela. Uste dugu urtebete nahikoa denbora izango dela norbanakoek gaiaren inguruko hausnarketa egin eta oroigarriak kentzeko. Ordurako kendu ezean, zortzi herrion ekimenez kenduko ditugu”. Oraindik ere denbora dezente geratzen da, baina dagoeneko zenbaitek kendu dituzte. “Bi ja kendu dituzte” zehaztu du Iraolak.
Arazo hedatua
Herniopeko udalek neurri zehatzak hartu dituzte, baina erakundeak aspalditik ari dira gaia lantzen. “Badira urte batzuk gai honi heltzen hasi ginela Gipuzkoako Mendi Federazioarekin egiten ditugun bileretan, baina arazoa azken bolada honetan mahaigaineratu da indarrez” azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Basozaintza eta Natura Ingurunearen zerbitzuburuak, Ismael Mondragonek. Gipuzkoako Mendi Federazioak ere Gipuzkoako mendietan hildakoak oroitzeko elementuak jartzeko irizpideak izeneko idatzia onartu eta plazaratu zuen. Biek ala biek irakurketa bertsua egiten dute arazoaren inguruan. Mondragonek azaldu duenez, “zenbait mendi tontorretan gehiegi ari dira ugaltzen azkenaldi honetan horrelako oroigarriak, eta elementu artifizial horien bitartez mendiaren izaera aldatzen da. Kasu larrienetan kanposantu  itxura hartzeko bidean dira, martxa honetan jarraituz gero”. Herniokoa, gainera, ez da kasu isolatua. Mondragonen aburuz, “gehiago edo gutxiago Gipuzkoako beste paraje batzuetan gertatzen den fenomenoa da, errauste joerarekin lotuta dagoena. Lehen gehienbat kanposantuetan jartzen ziren oroigarriak. Orain, errautsak zabaltzen diren tokietan nahi dira jarri”.
Arau orokorrik ez
Indarra hartu duela eta, gaia lantzen ari da Aldundia, baina erabaki zehatzik ez du hartu oraingoz. Halere, unean uneko neurriak hartu izan dituzte. “Herri Onurako Mendien eta Naturguneen kudeaketan zuzeneko ardura dauka Aldundiak, eta kasu horietan eskaera jaso dugunean, ez da baimenik eman. Zuhaitzak landatzeko eskaerak izan direnean, ordea, baimenak eman dira, zuhaitz horiek enbarazu egiten ez duten tokietan landatzen badira. Gertatzen dena da gehienetan oroigarriak baimena eskatu gabe jarri izan direla”. Ondorioz, “Gipuzkoa osoan hartu beharko dira erabakiak”, Mondragonen aburuz. Baina, Herniopeko udalek egin dutenaren antzera, kontu handia izan beharko dutela onartu du: “Oroigarriak kentzearena agian oso puntu zehatzetan baino ez da egin beharko, baina betiere arazoa ondo aztertuz eta tartean daudenen iritziak kontuan hartuz”. Halere,  neurriez ez ezik, arazoa gizarteratzearen beharraz ere mintzatu da Mondragon: “Eginbehar nagusia jendea kontzientziatzea da,gure mendietan ez daitezen horrelako elementu gehiago jarri. Normala da maite izan dugun pertsona gogoratu nahi izatea, baina konturatu behar gara mendian oroigarriak jartzea ez dela bidea.  Joera hori baztertzea lortu ezean, gehiegi atzeratu gabe araudiren bat argitaratu beharko dugula uste dugu”.
Gipuzkoako Mendizale Federazioak ere ildo berari eusten dio. Martxoan onartutako idatzian zioenez, “lehen, elementu horiek leku esanguratsuetan ezartzen ziren, baina gaur egun edozein lekutan jartzen dira, eta, kasu askotan, lekuak berak duen xarma galtzen du”. Gipuzkoan halako elementuak zenbat izan daitezkeen ez dakite, baina inbentarioa egiteko asmoa dute, lurraldeko mendi elkarteen laguntzarekin. Hain juxtu, datorren azaroaren 21ean egingo duten batzar orokorrean landuko dute gaia elkarteekin.
Inbentarioa egin gabe badago ere, helburua argi dute Federazioan: “Poliki-poliki elementu horiek gure mendietatik desagertzea”. Lan horretan, Hernion jarraitutako bidea egokia izan daiteke Igor Aldalur Gipuzkoako Mendi Federazioko Ingurumen teknikariaren ustez: “Lehendik dauden oroitarriak kentzea gai zaila da, sentimenduak tarteko, eta fronte arriskutsua ireki daiteke. Kentzea planteatzen bada, familiekin harremanetan jarrita egin beharko litzateke beti. Horrek izan beharko luke bidea: familiekin adostasuna dagoen kasuetan kentzea”. Hori bai, bestelako aukerak ere proposatzen dituzte. Aldalurren hitzetan, “guk proposatzen dugu, batez ere, hemendik aurrera mendizaleen eta mendizale ez direnen artean ohitura aldaketa ematea, eta xafla bat jarri beharrean, bertako zuhaitzak landatzea”. Maite izandakoak oroitzea bezain garrantzitsua baita ingurumena zaintzea.