97.0 FM: Bilbo Handian eraikitzen ari den irrati librea

radioa

Bilbo Handia. Piztu irratia, bilatu 97.0 FM dialean eta entzun. Gasteizko Hala Bedi irrati librea emititzen! Nolatan, ordea? Bada, hainbat arazo tarteko, irailean isildu zen Tas-Tas irrati librearen seinalea frekuentzia horretan, baina ordurako hasiak ziren Bilbo inguruko hainbat lagun 97.0 Salba Dezagun kanpaina astintzen. M. Egimendi

 

 

Tas-Tasen ibilitako sei-zazpi kidek, beste zenbait herri-mugimendutako lagunekin batera, 30 ekintzaile inguruko talde sustatzailea osatu eta Hala Bedi irrati libreko kideengana jo zuten laguntza eske. Ez zuten 97.0 frekuentzia librea galtzerik nahi, “ez ahaleginik egin gabe, behintzat”, Txema Uriarteren esanetan. Izan ere, batik bat 90eko hamarkadan sortutako irrati piloaren artean, izugarri kostatu zen hari 21 urtez eustea. Gasteizkoek euren gain hartu zuten, sei hilabetez gutxienez, emisorearen funtzionamenduari eusteko kostua, Hala Beditik Bilborako berariazko programazioa emanez, beti ere bizkaitarrek euren irrati propioa muntatu bitartean. Horretarako behar den dirua lortzeko jarri zuten martxan 97.0 Salba Dezagun kanpaina, eta horretan dihardute gaur egun.
Lehen helburua emisioa eta oinarrizko programazioa ziurtatzeko dirua lortzea da. Horretarako, hilean 10€ ordainduko dituzten 100 bazkide behar dituzte gutxienez. Beti ere, “behar denaren araberako kopurua lortzeko, alegia, gure nahia ez da daukagun diruarekin zer egin pentsatzea, baizik eta zer egin nahi dugun pentsatu eta horretarako dirua eskatzea”. Irailaren 30etik, 97.0 frekuentzia Hala Bediren programazioak okupatzen du, baina bizkaitarrak ari dira pixkanaka-pixkanaka euren saioak programazio horretan txertatzen, adibidez, La biblioteca perdida, Kuba información eta El gallinero irratsaioak, hala nola telefono bidezko beste kolaborazio batzuk: “Gaur egun nahiko erraza da mp3a eta ordenagailua dauzkan edonorentzat saio bat egitea, baina estudiotxo bat behar dugu” dio Uriartek.
Tas-Tas behin betiko ixteaz arduratzen ari den taldeak erabakiko du zer egin erabilitako tresneriarekin eta Zaratas konpartsarekin, baina egitasmo berri hau hutsetik abiatu da: “Tas-Tasen asanbladaren erabakiaren arabera, litekeena da zenbait gauza guk eskuratzea, edo ez, baina momentuz ez dugu ez erakunderik, ez estatuturik, ez materialik, ez estudiorik, ez dirurik. Hutsetik hasi gara. Beraz, orain Hala Bediren laguntzarekin egiten ari gara  aurrera, eta hala jarraituko dugu proiektua gauzatu arte”. Halere, ez dakite oraindik noiz jarriko den abian irrati berriaren emisio osoa, ezta zein izango den irratiaren izena ere: “Oso egitasmo berria da, bi hilabete eskas baino ez daramagu lanean. Eraikitzen ari den irratia da, oso proiektu irekia eta erakargarria adierazteko zerbait duen edonorentzat, berak erabakiko baitu zer esan nahi duen eta nola. Etortzen denak egitasmoaren eraikuntzan hartuko du parte, ez da egitasmo itxi eta bukatu batean sartuko”. Hori bai, argi dute irrati libre bat izango dela, horrek dakartzan ezaugarri guztiekin.
Definitzeko dago, hortaz, zelakoa izango den irrati berria. Hausnartzeko puntuen artean, euskarari eskainiko zaion lekua ere badago: “Gure entzuleen profila zein den neurtu behar dugu. Oso ezberdina da Bilbo inguruan adin ertaineko erdaldun elebakarrak hurbiltzea edo euskara hurbilago duen gazte jendea. Berez, gure entzuleria naturala Bilbo Handikoa da, baina orain arte inork ez du serio hartu Bilbo euskalduntzea. Euskarak arazoak ditu hemen, azken urteotako plangintzak euskara eskakizunak lortzeko hizkuntza bihurtzea ekarri du: batzuek badakitela dioen paper bat dute, baina sarritan ez dute  komunikatzeko erabiltzen. Euskara ez da hizkuntza nagusia Bilbon, orduan... Gure helburua saioak euskaraz egitea da? Bada, kideek hori pentsatzen badute, hori egingo dugu, baina, printzipioz, egitasmoan parte hartzen duen jendeak esan behar du euskara dela bere hizkuntza, eta horrela hartu nahi duela parte, alegia, eurek erabakiko dute zer eta nola kontatu nahi duten, naturaltasunez. Hori bai, saiatuko gara euskara bultzatzen, batzuok euskararen aldeko apustua egingo dugulako. Asanblada definitzen dugunean, han erabakiko da zelan egin”.
Hiru lantaldetan banatuta dabiltza Bilbo Handiko irrati libre berriaren sustatzaileak. Bata bazkideak bilatzeaz arduratzen da, emisioa mantendu ahal izateko; bigarrenak, komunikazio lanetan dabilenak, laster ekingo dio 97.0 Salba Dezagun kanpaina zabaltzeari; eta, azkenik, programazioa osatzea da hirugarrenaren zeregina. Guztietan bultzatu nahi dute jende berria eta gaztea egotea, “gu oso zaharrak garelako, pasa den belaunaldikoak” dio Uriartek, Tas-Tas irratian urte luzez ibilitakoa bera. Irrati libreek 80ko hamarkadan izan zuten hazkunde handia eta zenbaitek nostalgiko batzuen kontutzat dituzte, baina Uriarte ez da iritzi berekoa: “Gaur egun, irrati libreak inoiz baino garrantzitsuagoak dira, euren helburua ahotsik ez dutenei ahotsa ematea delako. Egun komunikazioan izugarrizko monopolioa dago, komunikabide guztiek esaten dute gauza bera, prototipo bakar bati atxikita. Irrati libreek, aldiz, jokatzeko beste zelai bat eskaintzen dute, tartean dirurik egon ezean, kide guztiak direlako militanteak”. Joko zelai berria eraikitzeko lanak, beraz, abian dira Bilbo Handian.