Landatu,hazi, elikatu

basoa

Hirigunean baso jangarri bat sortzeko proiektuari ekin dio Gasteizen Salburua auzoko elkarte batek. Ivan Santamaria.

 

“Hiriko beste auzo batzuetan martxan zeuden baratze ekologikoen proiektuek erakartzen ninduten, baina permakulturari buruzko ikastaro batek ideia aldatu zidan”. Hizketan ari dena Irma Mier da, Gasteizko Salburua auzoko biztanle eta Basalburu elkarteko kidea. Proiektu berezi bat abiatu berri duen taldea da: baso jangarri bat eratzea auzoan.
Eta zer da baso jangarri bat? Ekosistema buruaski bat litzateke, zuhaitz eta landarez osatua. Elementu bakoitzak erabilera bat du. Fruituak ematen dituzten fruta-arbolak daude, noski, baina baita botikak egiteko edo egurra ateratzeko erabil daitezkeenak ere.
“Hiru dimentsiotako baratzea dela esan genezake” azaldu dute elkartetik. Lur mailan dauden ortuetara ohituta gaude. Kasu honetan, luzera eta zabalera ez ezik, altuera ere baliatzen da. Geruza ezberdinak izango ditu inguruneak. Posible da lur azpian hazten diren produktuak ekoiztea (patatak eta azenarioak, esaterako), lur mailan hazitakoak (tomateak, letxugak, etab.), eta ondoren arbolak baliatzea: sastrakak, fruta-arbola txikiak (sagarrondoa edo madariondoa, kasu), eta altuera handiagoa dutenak (intxaurrondoak, gaztainondoak eta halakoak). Lurraren erabilera jasangarria sustatzen dute, eta urrats bat dira elikadura burujabetza lortzeko bidean.
Bestelako berezitasun batzuk baditu Basalburukoen ekintzak. Orain arte, Gasteizko Udalak gidatu eta zuzendu du baratze ekologikoen eskaintza. Azken finean, lur sail batzuk zozketatu eta bost urterako esleitzen dizkie onuradunei. “Nahiko kontu indibidualista iruditzen zait. Gureak, hasieratik, ekintza kolektiboa izateko asmoa du” zehaztu du Mierrek. Auzolanean eta elkarlanean garatu nahi da baso jangarria, hasieratik bukaerara. Interesa duen jendearentzat, bilera irekiak egiten dituzte Burdinbide auzo elkartearen egoitzan.
Udalera jo du kolektiboak eta, hasiera batean, harrera ona izan du baso jangarria sortzeko ideiak. European Green Capital saria jaso ondotik, nekez ulertuko litzateke gisa horretako ekintzak baztertzea. CEA Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren babesa ere badute. Besteak beste, bertako landare eta arbolak berreskuratzea ere bada elkartearen asmoa. Era berean, proiektua diseinatzeko bidelagun eta laguntzaile ezinbestekoak dituzte Arabako Kiribilore permakultura elkarteko kideak.
Argi dute epe ertain eta luzerako apustua dela. Basoa ez da egun batetik bestera sortuko, eta orain kokapenak  aurkitzea da erronka. Udalak orube bat eskaini die auzoan bertan, Errekaleor ibaiaren ondoan, baina beste aukera batzuk ere aztertzen ari dira. Izan ere, interes ekologiko handia duen hezegune baten parean eraiki da auzoa. Udalak lurrak desjabetu zituenean, aspaldiko ortu batzuk bere egin zituen. Elorriaga herrixkaren parean bada horrelako gune bat. Abiapuntu ezin egokitzat jotzen dute baso jangarriaren proiekturako. Esaterako, oso leku aproposa da lurra nola garbitu edo arbolak nola kimatu eta zaindu ikasteko. Intxaurrondo eta sagarrondo ugari daude ingurunean, gainera.
Guk geuk asko daukagu ikasteko eta trebatzeko” dio Mierrek. Kanpoko esperientzia batzuen berri badute. Adibidez, Avilesen (Asturias) orain dela pare bat urte hasitako baso jangarria. Hirigunean kokatutako basoa da, eta aukera ona izan zen auzotar talde baten eskutik hutsik zegoen gune publiko bat berreskuratzeko. Avilesen bezala, Salburuan ere makina bat orube hutsik geratu da. Horiei balioa emateko abiatu da baso jangarria. Oraingoz, auzotar ugari erakarri ditu ekintzak.