Venezia

veneziaGondolak, GPS eta guzti

Azaroaren 4tik aurrera, Veneziako kanaletan ibiltzen diren gondolek GPS gailuak, islagailuak eta matrikula eraman beharko dituzte. Era berean, nabigazio arau zorrotzagoen mende egongo dira. Esaterako, ezingo dute paraleloan ibili, ezta ilaran ere, eta abiadura mugatu egingo zaie. Hiri Mugikortasun Plan berriak ezarritako arauak dira horiek guztiak. Iragan abuztuan Alemaniako turista bat zendu zen gondola eta vaporetto baten (bidaiariak garraiatzeko ontzi motordunak) artean izandako istripuan. Halakoak saihestu nahi ditu Veneziako Udalak mugikortasun plan berriarekin. Alabaina, neurriak ez dira gondolentzat bakarrik, baizik eta kanaletan ibili ohi diren ontzi guztientzat. Hala, esaterako, merkantzia gabarrek ezin izango dute hiriko kanaletan edonoiz ibili: goizeko hamar eta erdietatik aurrera debekatua izango duteĀ  nabigatzea. Uretako taxi pribatuei ere eragingo die plan berriak, eta puntako orduetan zenbait kanaletan ibiltzea galaraziko zaie. Neurri polemikoagoak ere aztertzen ari dira. Alemaniako turista hil zeneko istripuan, gondolaren gidariak positibo eman zuen ondorengo droga analisian. Ondorioz, gondolariei tarteka droga eta alkohol analisiak egiteko aukera aipatu dute zenbaitek. Oraingoz, ordea, proposamena besterik ez da.