Emakumeak biluzik baino ez museoetan?

girls

Bilboko Alondegiak Guerrilla Girls arte-kolektibo feministaren ibilbideari eskaini dio urtarrilaren 6ra bitartean ikusi ahal izango den atzera begirako erakusketa. Taldea 1984an sortu zen New Yorken, emakumeak artearen arloan pairatzen duen menpekotasun egoera salatu, haren presentzia sustatu eta haren lan artistikoa ezagutzera emateko. Mugimendua, ordea, laster zabaldu zen nazioartera, gerrilla taktikak erabiliz, hala nola, New Yorkeko arte galerien atarietan poster salatzaileak jarriz edota museoetan eta kultur gune publikoetan bestelako ekintzak burutuz.
Urriaren hasieratik daude erakusgai Guerrilla Girlsen afixak (tartean, Emakumeek biluzik egon behar dute Metropolitan museora sartu ahal izateko? galdera duena, euren ikono bihurturikoa) eta bestelako egitasmoak. Bertan ikus daiteke, halaber, Amy Harrisonen Guerrillas in our Midst (1992) izeneko dokumentala, non taldearen sorrera eta lehen urteak azaltzen diren, baita kolektiboak New Yorken izan duen eragina ere.
Lan artistikoaz harago, kontzientziak astintzeko asmoa du, beraz, erakusketak.