Txile

nerudaPablo Neruda ez zutela pozoitu dio ikerketa batek

Haren hilotza aztertu duen nazioarteko ikerlari taldearen arabera, Pablo Neruda poeta txiletarra ez zen pozoituta hil. Gorpuzkiari egindako azterketa toxikologikoetan ez dute aparteko gai kimikorik topatu. Detektaturiko gai kimikoen jatorria bestelakoa dela uste dute adituek: Nerudak zuen minbizia tratatzeko erabilitako botiken arrastoak izan daitezke. Horrenbestez, Nerudaren heriotzaren kausa minbiziarekin lotua egon liteke, eta ez pozoitzearekin. 2011tik ari da Mario Carroza epailea Nerudaren heriotza ikertzen. 1973ko irailaren 23an hil zen poeta, Augusto Pinochet jeneralak estatu kolpea eman eta egun gutxira. Bertsio ofizialaren arabera, prostatako minbiziak hil zuen, baina, 2011n, Nerudaren gidari eta laguntzaile izandako Manuel Arayak esandakoak oinarri, abiarazi egin zuten ikerketa. Arayak salatu zuenez, pozoitu egin zuten Neruda. Gorpuzkiaren ikerketak pozoi arrastorik aurkitu ez badu ere,  Nerudaren familiak ez du baztertu erailketaren hipotesia, eta epaileak ere ez. Ondorioz, ikerketak zabalik jarraituko du oraingoz, eta ez dute baztertu azterketa gehiago egitea.