Miryam Petralanda (Gora Japon)

kaskoak

Ez nabil "disko oso" entzule eta gomendioa egitea nahiko ezohikoa da niretzat. Memoria eskasa eta iragankortasuna kontuan hartuta, une eta sentsazioak ditut irizpide bakar.
Hala, Paul Kalkbrenerren Berlin callingen musika entzun nuenetik, barruraino sartzen zait, edozertarako eta edonoiz: goizez, arratsaldez, gauez, lagunekin dantzarako, lasai egoteko, sexurako, bidaiatzeko, etxeko zereginetarako, bazkaria egiteko...
Yelleren Safari Disco Club (abestia batez ere), bigarren nerabetasuneko energiagatik. Gazte freskotasuna, 15 urte eduki ez arren…
Oraindik kaleratzeko dagoen disko pare bat ere aipatu gura dut. Laster entzun ahalko ditugu, baina, bitartean, kontzertuetan ikus-entzun-dantza daitezke: La Basuren eta Aneguriaren disko berriak. Neska raperrak indar handiz!
Dena dela, gehienbat, taldeak eta egileak zuzenean ikusteari deritzot interesgarriena. Hala, beste hainbat egile-musikari-soinulari-zaratari askoren artean, Jon Mantzisidor, Miguel A. Garcia, Inazio Escudero, Magmadan, Eten, Mursego, Elbis Rever, Za, Mattin +Cuarteto d Cuerdos… eta beste askoren hurrengo kontzertuetan ikus-entzutera eta dantzatzera animatzen zaituztet. ADI EGON!