Jon Eugi

joneugi

Batak bestearekin zerikusirik ez duten hiru liburu gomendatzea erabaki dut,  gustu ezberdinetarako aproposak izan daitezkeelakoan.
Juan Luis Zabala: Galdu arte (Susa, 1998)
Azkoitiko gaztetxean girotutako eleberria. Okupazio mugimendua, asanbladak, kontzertuak, drogak… 1980ko hamarkada hartan puri-purian egon ziren gertaerak azaltzen dira kontakizunean, eta, testuinguru horretan, punk izpirituko nobela mamitu zuen Zabalak.
Bernardo Atxaga: Soinujolearen semea (Pamiela, 2003)
Agian ez da asteasuarraren libururik onena, baina interesgarria da Euskal Herriko gatazkari heltzen diolako. Kontakizunaren zati nagusia Obaban dago kokatuta, baina irakurleak ez du topatuko Obabakoak liburuko euskara liluragarri hura.
Ray Bradbury: Farenheit 451 (Txalaparta, 2010)
Zientzia fikzioko nobela hau Nagore Tolosaren itzulpenari esker irakur dezakegu. Idazle estatubatuarrak liburuekiko maitasuna islatzen duen obra paregabea sortu zuen. Ezinbestekoa irakurtzea gustuko duen ororentzat.