Ingurumena

norwayAstelehenetan ez dute haragirik jango Norvegiako armadan

Norvegiako armadako agintariek jakinarazi dutenez, astelehenetan ez dute haragirik zerbitzatuko armadaren jantokietan. Neurria ez dute osasun kontuengatik hartu, ezta sosa batzuk aurrezteagatik ere, ingurumenarekiko arduragatik baizik. Zehazkiago, klima-aldaketaren aurkako borrokan euren aletxoa ipintzeko. Izan ere, abeltzaintzaren industriak kalte dezente eragiten dio ingurumenari: berotegi efektua areagotzen duten gas kopuru handiak sortzen ditu, eta uren nahiz lurren degradazioa eragin. Esaterako, Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) 2006an argitaratu zuen txosten baten arabera, berotegi efektua eragiten duten gas gehiago isurtzen ditu abeltzaintzaren sektoreak garraioarenak baino. Dagoeneko hasi dira dieta berriarekin Norvegiako kaserna nagusietan, eta aurrerantzean armadako unitate guztietara zabalduko dute. Neurriarekin, urtean 150 haragi tona gutxiago kontsumituko dute. Dena dela, Norvegiako armadaren ekimena ez da berria. 2003an AEBetan mota honetako lehen ekimenak abiarazi zirenetik, ingurumenagatik astelehenetan haragirik ez jateko kanpaina gehiago egin izan dira munduko hainbat herrialdetan azken urteotan. Halere, Norvegiako kasuan, astelehenetan haragia jateari utzi beharrean, ez al litzateke eraginkorragoa izango armadaren ibilgailu, hegazkin eta antzekoak bertan behera uztea?