Ongi etorri zortzigarren probintziara

Beharbada ez duzue igarri, baina Euskal Herriak, euskaraz egiten duen herriak, zortzi probintzia ditu ekainaren bukaeraz geroztik.
Zortzigarren probintzia zabal-zabala da. Hain zabala, non mugarik ere ez duen. Are gehiago, lurralde historikoak ere barne hartzen ditu. Durangon zaudenean, Bizkaian egoteaz gain, zortzigarren probintzian ere bazaude. Zuberoan zaudenean, ere bai. Baita New York, Tokion edo Caracasen zaudenean ere.
PuntuEus da lurralde berriaren izena, euskara eta euskal kulturak sarean agerikoagoak izateko estreinatu berri dugun domeinu berria. Momentuz, biztanle gutxi dauzka, 91, hain zuzen ere, baina laster edozeinek eskatu ahal izango du bertan 'erroldatzea'. Baldintza bakarra izango da: euskaraz edo euskal kulturaz jardutea.
Hartara, orain arte hor zehar .com, .net, .biz, .eu eta abarretan barreiatuta bizi izan garen sarelariok geure auzoa izango dugu sarean. Eta bloga.eus, posta.eus, bilatzailea.eus topatzen duenak berehala jakingo du euskaldunak garela bertan bizi garenak. Halaber, euskaldunon bila dabilenak ere erraz asko jakingo du nora jo.
Beren izena beste batek hartzea nahi ez duten enpresa handiek ere haien .eus izango dute, baldintza bakar batekin: edukia euskaraz ere izatea. Horrelaxe lortu dute katalan hiztunek Microsoftek, Googlek, SEATek, FNACek, REPSOLek eta beste askok katalana onartu eta erabiltzea...
Zortzigarren lurraldea ez da berez eta ezerezetik sortu, noski. Lagun gutxi batzuen urtetako lan eskerga egon da honaino iritsi arte: ate asko eta asko jo beharra, lan diplomatiko eta burokratiko itzela... dena diskrezio handiz, hain ohikoak ditugun haserre eta liskarrak ekidinez. Bihotzez eskertu beharreko lana egin du PuntuEus Fundazioak honaino iristeko, eta emaitza ere egindako lanaren neurrikoa da. Mila esker haiei; besteoi, berriz, osasunez urra dezagula!

Loturak, estekak, linkak...

http://www.domeinuak.eus
PuntuEus domeinuei buruz jakin nahi duzun guztia: noiz, non, nola... Zortzigarren Lurraldeko bizilagun aitzindarien berri ere bertan topatuko duzu: aek.eus, baieuskarari.eus, sustatu.eus, elhuyar.eus...
http://sustatu.com/1132922524
2005eko artikulu honetan ikusi nuen lehenengoz Zortzigarren Probintziaren aipamena. Oso kontzeptu polita da!
http://blogak.com/8probintzia
Bere garaian, Joxe Aranzabal sarelari aitzindariak tartetxoa izan zuen Euskadi Irratian euskaldunok Interneten egiten genuenaz jarduteko. Zortzigarren Probintzia deitu zioten tarteari.