Badok.info berrituak eskaintza zabalagoa dakar

badok

Orain arteko ezaugarriak mantenduta eta berriak gehituta, euskal kantagintza ezagutu eta entzuteko gune eraginkorragoa bilakatu da Badok.info ataria. Berria kazetak sortu zuen 2009an, euskal kantagintzari buruzko dokumentazio bilgune izan zedin. Atari berrituak ezaugarri horiei eutsi badie ere, aldaketa esanguratsuak izan ditu, eta orain hiru zutabe nagusi ditu.  Batetik, euskal musikaren kontsumoa eta hedapena sustatzeko asmoz, streaming bidez euskal musika entzuteko plataforma bilakatu da. Hainbat aukera eskaintzen ditu zerbitzu horrek: beste plataformetan dagoen euskal musika entzun, zerrenda propioak sortu, musikari eta jende ezagunaren zerrendak entzun... Bestetik, euskaraz ekoitzitako lanen datu-basea hobetu eta osatu dute: orain artean, 60ko hamarkadatik 2.000. urtera arteko ekoizpena jasotzen zen; orain, azken hilabeteotan ekoitzitakoak ere bilduko ditu. Horrenbestez, 160 biografia eta 1.000 disko ingururi buruzko informazioa batzetik 370 bat biografia eta 1.900 disko ingururi buruzko aipamenak jasotzera pasa da. Azkenik, aldizkari digitala ere izango du atariak, gaurkotasunari, azterketari eta kritikari lekua egiteko. Azken atal honetan, halaber, zenbait blogariren lanak eta gai jakinei buruzko sailak ere irakurri ahal izango dira.


 

 

MINTZANET egitasmoa ardatz, AEKren Praktika Zerbitzuak eta maramara* taldeak hitzarmena sinatu dute berriki. Hala, Internet bidez euskara praktikatzeko aukera ematen duen Mintzanet ekimenean (www.mintzanet.net) parte hartzeko aukerak zabalduko zaizkie mintzapraktiketan dihardutenei. Hitzarmena bi urratsetan gauzatuko da: lehenengoan, euskara praktikatzeko ezinbestekoak diren laguntzaileak (Mintzaneten bidelagun izendaturikoak) lortzeari emango zaio lehentasuna, hots, euskaraz mintzatzeko arazorik ez duten lagunak erakartzeari; bigarren urratsean, aldiz, bidelariei egingo zaie leku, hau da, euskara ikasten edo hobetzen ari direla, euskara praktikatu nahi duten guztiei. Izan ere, horixe da Mintzanet ekimenaren helburua: Internet baliatuta, mundu zabaleko edozein txokotan egonik ere, euskaraz hitz egiteko aukerak eskaintzea euskara ikasten edo hobetzen ari den orori, bidelagunak eta bidelariak harremanetan ipinita.