Lasai, ez da ezer gertatzen

lasaiAna Malagon

Elkar, 2014

Bilduma honek 162 ipuin txiki biltzen ditu; hain laburrak, non batek ere ez duen orrialde bateko luzera gainditzen, eta askok, ezta erdia ere. Aitzakiarik gabe geratu dira ez irakurtzeko asti falta argudiatzen dutenak, erabat solteak baitira kontakizunak: gaur bat irakurri eta bi hilabete barru har dezakezu berriro liburua, bitartean txoko batean hautsa hartzen edukita.
Hala ere, irakurleak ez du ziurrenik horrenbeste denboraz utziko. Ezin esan eleberri on batek bezainbeste katigatzen duenik, baina arin eta gustura irakurtzen da mikroipuin bakoitza, behin baino gehiagotan: birritan, hirutan... Batzuetan, ustekabeko bukaerak eraginda; bestetan, oso gustagarria gertatuta; eta, lantzean behin, beharbada irakurlearen euskara mailaren arabera, lehen irakurraldian ondo ez ulertuta. Dena den, azken arrazoi horregatik bada, lasai, ez da ezer gertatzen: berriro irakurri eta kito.
Izan ere, ironia barabil askotan idazleak eta, hainbatetan, tonu isekaria ere bai. Bestela, ez dago inongo arazorik: kontakizunak laburrak izateaz gain, Malagonek idazkera soil eta zehatza baliatu du, enfasiak eta apaingarriak alde batera utzita. Ez da egongo liburu osoan hitz bat bera ere sobera.
Bakardadea, frustrazioa, inkomunikazioa... aipatu dituzte askok liburuaz mintzatzean, baina sarritan eragiten du irribarrea ere. Adibide moduan, irakurri Rita (29. or.) edota Lincoln (95. or). Ez zarete damutuko.
I.E.