Toureren sagak badu hirugarrena

arretxe

Jon Arretxek Hutsalaren itzalak (Erein) kaleratu du, Toure etorkin afrikarra protagonista duen hirugarren nobela. Idazleak ez dauka, momentuz, pertsonaia hau alde batera uzteko asmorik: “Erraz esan nezakeen trilogia bat dela, eta amaitu; baina irakurleek estimatu egiten dute pertsonaia eta saga bat egitea erabaki dut”. Haatik, idazle bizkaitarrak argi duenez nobela ezberdinak izan behar direla, hirugarren honek ez du aurrekoen “alaitasun umoretsua edo umore afrikarra”. Argumentua gogorragoa da oraingoan, eta protagonismo handia hartzen dute lau emakumek: Toureren alabak (Sira), prostituta nigeriar batek, Toureren amoranteak (Sa Kene) eta Burkina Fason daukan emazteak. Toure egoera larrian aurkitzen da nobela honetan: alaba desagertzen zaio, paperik gabe jarraitzen du eskrupulorik gabeko abokatu batek engainatu duelako eta emakume trafikoaren biktima izan den prostituta batek umea berreskuratzeko laguntza eskatzen dio. Gai horiek landuta, kritika soziala “berez” atera zaio Arretxeri.


 

 

memoMEMORIAK. Mikel Laboaren biografia bat izeneko liburua idatzi du haren alargun Mari Sol Bastidak. Egileak Laboarekin partekatu zituen bai lanbide ibilbidea, bai bizitza, baina lan hau ez da Bastidaren memorian bakarrik oinarritzen, hainbat eta hainbat agiri eta lekukotzatan baizik. Horrenbestez, memoriak eta historiak, esparru soziokulturalean nahiz pertsonalean, bat egiten dute liburu honetan, artistarekiko eta bikotekidearekiko emozioarekin eta mirespenarekin batera. Bastidak nerabea zela ezagutu zuen Mikel Laboa, eta 1964an ezkondu ziren. Urteetan izan zen lankide musikariaren proiektuetan eta 2009an Mikel Laboa, 1934-2008 izeneko DVD-aren zuzendaritza hartu zuen bere gain. Liburu hau, berriz, azken lau urteotako lanaren emaitza da.