Perlak (Perlak)

perlakEtiketak gorabehera

After punk etiketa agertu ohi da Zarauzko Perlak taldearen inguruko iruzkin eta artikuluetan zein bandaren kontzertuak iragartzen dituzten karteletan. Tira, egiatik badu horrek zerbait (kantu gehienen giro goibel eta malenkoniatsua, baxuaren lerroak, Siouxsie & The Banshees taldeko Budgie bateria jotzailea gogora ekar dezaketen zenbait erritmo, Goazen-en leloan, esaterako), baina eragin horiek ez dira Belgrado, Antiguo Regimen eta azken bolada honetan agertu diren after punk talde berrietan bezain esplizituak. Etiketak gorabehera, lan polita paratu dute zarauztarrek, soinu distiratsukoa (Aitor Abioren eskua nabaritzen da hor) eta gustagarria bere laburrean, are gehiago kontuan hartuta lehenengo lana dutela eta taldeak nahiko ibilbide laburra zuela estudioan sartu zenean. Gainera, azala ere oso polita da. Ez, Zarautzen dena ez da hardcore, crust eta zarata amaigabea; badaude bestelako proposamen interesgarriak, eta Perlak dugu horren adibide.
Gotzon Hermosilla