Only Lovers Left Alive

only

Zuzendaria: Jim Jarmusch. Gidoia: Jim Jarmusch. Aktoreak: Tilda Swinton, Tom Hiddleston, John Hurt, Mia Wasikowska, Anton Yelchin. Erresuma Batua, 2013.

Istorioa: Adam eta Eve banpiroak dira. Hilezkorrak izaki, euren arteko harremana mende luzetatik atzera dator. Elkar maite dute, baina bereizirik bizi dira, iraganeko dirdira aspaldi galdu zuten hiri banatan: Adam Detroiten eta Eve Tangerren. Berriz batuko dira, baina euren harremana Everen ahizpa Eva agertzeak aztoratuko du.
Onena: Irudi eta musika zainduekin, gizateriaren nora ezarekin gogaituak diren bi banpiroon bizitzan eta pentsamoldean barneratzen gaitu filmak. Hilezkortasunak gizakion historiari buruzko ikuspuntu ezin osoagoa eman die, jakintza handikoak baitira, jantziak. Horregatik, gizakiaren dekadentziaren lekuko pribilegiatuak dira.
Txarrena: Gizakiaren inguruko hausnarketa dotore eta pertsonala ala banpiro snob batzuen gorabeherei buruzko film handiustea? Txantxetan bota bazuen ere, ez dago sobera Jarmuschek esandakoak kontuan hartzea: “Mila urte baino gehiago bizi izanda, eta historiako gertakizunik garrantzitsuenak bertatik bertara ezagututa, nor ez litzateke izango snob hutsa?”. Norberak erabaki dezala.

Eñaut Mitxelena