Nepal, herrialde atsegina

nepal

Bidaia hau bidaia guztiak bezala hasi zen, ametsetan... Lagun batek gomendatu zidan: mendizalea izanik, egunen baten hara joan behar nuela, benetan ederra zela eta mendiekin zoratuta bueltatuko nintzela. Urrunegi iruditu zitzaidanez, hortxe gelditu zen ideia, bueltaka, aurtengo apirilera arte! Motxilak egin eta harantz abiatu ginen. Finean, hegazkinez ezer ez dago urrunegi! Asier Arroita.

 

 

Nepal Asiako herrialdea da, Indiako iparraldean eta Tibeteko hegoaldean kokatua. Tibetekin batera, munduko zortzimilako gehien dituzten mendikateek ospetsu egin dute. Baina Nepalek baditu bestelako gauza asko ikusteko, dastatzeko eta, batez ere, gozatzeko.
Aste Santurako genuen hartuta hegazkina, montzoia baino pare bat hil lehenagorako. Izan ere, bertara joateko denboraldirik onenak martxotik maiatzera eta urritik abendura bitartekoak dira, hau da, euri denboraldiaren aurretik eta ostean; eguraldi epelagoa, zerua garbiagoa... Mendira joateko eguraldi aproposa!
Nepaleko hiriburuan, aireportu txikitik atera bezain laster, argi eta garbi sumatzen duzu Asian zaudela. Lurrak badu beste usain bat, beste kolore bat, eta jendeak ere kolore berbera du: lur kolorea, marroi gorrixka polita. Arraza eta kasta nahasketa ere agerikoa da, erlijio nahasketa bezainbestekoa, baina Nepalen hori aberastasun bihurtzen ikasi dute eta pixkanaka-pixkanaka, kasta sistema legez kanpo aldarrikatu zenetik, gero eta gutxiago dira kalean ikus daitezken ezberdintasunak. Guri, ordea, Katmanduko beste puntatik igartzen zaigu atzerritarrak garela! Begiak zabal-zabalik, ahoa bezalaxe!
Zuzenean hotelera. Oñatiar batzuek lotuta zuten eta beraiekin joateko gonbitea egin ziguten. Lehenengo barre urduriak egin ditugu errepidean, baina ez dira azkenak izango, Nepalen gidatzeko era nahiko bitxia baita: ziztu bizian, semafororik gabe eta, aurreratzeko orduan, ezkerretik zein eskumatik, klaxona jo eta aurrera. Bidegurutzeetan ere berdin: klaxona jo eta aurrera; eta abisatzeko, jendea paretik kentzeko, agurtzeko, klaxona!
Sumatzen hasiak ginen beraiek bakarrik uler dezaketen kode bereziren bat dutela... Baina han izan ginen denbora guztian ez genuen ikusi istripu, oihu edo aurpegi txar bat bera ere, ez, behintzat, gidatzen zuten bitartean. Bitxia iruditu zitzaigun hasieran, baina gerora konturatu ginen: klaxona, mendebaldean, ohartarazteko baino mehatxu moduan erabiltzen dugu. Han, aldiz, abisatzeko baino ez, eta ez dute aurpegi txarrik  jartzen guk errepidean egin ohi dugun bezala. Hain dira atseginak, non haserretzea ere ez dagoen sozialki onartuta! Hori bai jarrera baikorra!
Katmandu txundigarria
Gauzak hotelean utzi eta berehala joan ginen baimenak ateratzera. Bi baimen berezi behar dira: ACAP eta TIMS direlakoak. Lehenengoa, Annapurnetarako babesgunean sartzeko da beharrezkoa, eta bestea trekking egitera doazenentzat. Biak ala biak eskatuko dizkigute hainbatetan bidean zehar, militarrek espresuki jarritako chekpoint-etan.
Katmandu hiri harrigarria da benetan. Gizadiaren Ondare izendaturiko hainbat plaza eta monumentu ditu, kale kantoi ilun eta zikinekin batera. Zaila da esatea zeinek daukan xarma gehien. Txoko eta bazter guztietan daude stupa-k (kupula borobildun tenpluak), gompa-k (budisten tenpluak), mandir-ak, behi sakratuak, oroigarri hindu edo budistak (askotan, zail samarra egin zitzaigun bereiztea, jainko eta erritual asko berdinak baitira; beste batzuk, aldiz, konpartitu egiten dituzte).
Bakthapur gune historikoa bisitatu genuen, baina ibilbidea hasteko hainbat gauza falta genituenez, arropa eta mendiko materiala erosteko ospetsua den Thamel aldera jo genuen. Ondo merezia du ospea, denetarik topatu ahal baita: mendiko materiala eta arropa, lanparak, mapak, musika, musika-tresnak, jatetxeak, diskotekak eta abarrak. Hori bai, ez duzue sekula jakingo prezioa zein den. Tratua da salneurria jartzeko modua  eta, erosteko orduan zein trebeak zareten, horrelakoxea izango da azken prezioa ere. Haatik, beti geratuko zarete merkeago lor zenezaketen sentsazioarekin.
Biharamunean goiz altxatu eta autobusez 130 kilometro 5 orduan egin ondoren (halakoxea zen bidea), Besisahar-en agertu ginen. Han, alemaniar batzuekin batera, lur orotako ibilgailu bat alokatu eta gure ibilbidearen abiapuntua izango zen Syange herrian agertu ginen.
Bapo janda
Janariari dagokionez, jatetxe edota tea-shop guztietan oinarrizko janaria eskaintzen dute, oso prezio merkean, gure ustez. Dal baht delakoa (3 bat euro) da beraien elikaduraren oinarria: arroz zuria, dilista min zopa moduko batekin, patata egosiak eta talo erako artozko ogi fina. Dena azpil berean eta eskuarekin jateko. Platera nahiko handia izan arren, errepikatu nahi duzun galdetuko dizute, arroz, dilista edota patata gehiago nahi duzun, hurrenez hurren. Eta lehenengo aldian, behintzat, baietz esan behar da, bete-beteta egon arren, esker onekoa baita. Horrez gain, noodles-ak, patatak, baratxuri zopak, bufalo eta yak okela, yak gazta, pizza eta abar izango dugu aukeran. Baina sherpak eta nepaldarrak egunean birritan ikusiko dituzue dal baht-a jaten, besterik ez, egunero-egunero.
Bagenekien denboraz justu ibiliko ginela, beraz, mendizale onenen antzera, txoriekin batera esnatzea erabaki genuen... Baina han txoriak oso-oso goiz esnatzen dira! Eguzkiarekin bizi dira, txoriak ez ezik, baita gainontzeko gizakiak ere. Egunero, 6:00ak aldera bidean izaten ginen, eta arratsaldeko 16:00etan bukatzen genuen etapa, batez beste 20 bat kilometro egin ondoren.
Bidean ez dago galtzerik, dena baitago kartelez eta GR markez (zuriak eta gorriak) margotuta. Pare bat aldiz despistatu ginen, baina txistuka abisatu gintuzten lurra lantzen zebiltzanek; beste batean, gugandik gertu zebiltzan sherpek ohartarazi ziguten okerreko bidetik gindoazela.
Lo egiteko, lodge-ak erabili genituen. Bertan afaldu eta gosalduz gero, doan aterako zaizkizue dutxa, komuna eta ohea (negoziatuta). Horixe da aukerarik erosoena, lo egiteko zakua soilik eroanez gero; gainera, aukera horrek bertakoekin zein turistekin afaria konpartitu eta solasaldi bitxiak izateko parada ederra eskaintzen du. Izan ere, mundu osoko jende asko batzen da trekking hauek egiteko, eta afalostean 10 lagunen artean, ingelesa nagusitu den arren, 5 hizkuntza desberdin entzun daitezke aldi berean. Eta, zelan ez, euskara ezin falta! Ez dira gutxi haraino joaten diren euskaldunak!
Uper Pisang
Ibilbidearen 3. egunean, azkenean Annapurna II izan genuen begi bistan, baita etapa osoan bidelagun ere. Uper Pisang zen gure helmuga; handik aukera izango genuen Annapurna II, III, IV eta Gangapurna aurrez aurre ikusteko. Eta mendialdean bisitatuko genuen lehenengo tenplu budistan egon ginen, benetan zaindua eta ederra, paraje ezin ederragoan kokatua. Etapa gogorraren ostean (jada 3.300 metrora geunden), limoi ur beroarekin egin zigun harrera tenpluko serorak, eta gure motxiletan zer geneukan urrunetik begiratu ondoren, hurbildu eta barre-algaraka hasi zen umeentzat (egia esan, guretzat ziren) generamatzan pailazo sudurrekin. Zer pentsatuko dute mendebaldeko jendeaz bertan lasai bizi diren mendiko gizon-emakume horiek?
Hurrengo egunean, Braga herri bitxia bisitatu eta Manang-en hartu genuen ostatu. Harritzekoa da 3.500 metrora dagoen herri horren itxura,eta, zelan ez, turistei eskaintzen dizkien zerbitzu guztiak: dendak, kafetegiak, lodge-ak, igotzeko (edota jaisteko) motorrak eta astoak... Eta hiru zinema-areto! Zer edo zer behar izanez gero, horixe da azken aukera Thorong-Passeraino. Hori bai, salneurriak hiriburuan baino dezente garestiagoak dira.
Tilicho Lake
Manang-etik pare bat egunera, Tilicho lakua ikus daiteke, munduko lakurik altuena omen dena: ur urdin zoragarriak inguruko hormen zuritasunarekin kontrastatzen du. Tilicho-ko oinarrizko kanpamendura hurbildu eta buelta eman behar izan genuen ibilbide zail eta arriskutsu samar batetik. Aurreko egunean, bertaraino ailegatzeko, harriak jausten diren gune batetik igaro behar izan genuen eta haietariko batzuk, ertainak, gugandik hurbil baino hurbilago erori ziren. Zorionez, itzultzeko orduan, elurrak eutsi zien harriei eta eroso egin genuen aurreko eguneko ibilbide bera.
Thorong-Pedi High Camp eta Thorong-La
Zazpigarren egunean ailegatu ginen Thoring Pedi High Campera (4.900 m), ibilaldiko punturik altuena igarotzeko azken gaua pasatzeko. Gau hotza: logela barruan, tenperatura 0 gradura jaitsi zen. Afarian, aldamenekoak ikusi genituen sukaldean kantinplorak betetzeko ur bero eske, eta geuk ere halaxe egin genuen, goxo lo egin ahal izateko, behintzat. Asmakizun ona, amamaren ur botila beroa!
Hurrengo egunean, goizeko 4:00etan esnatu eta bapo gosaldu ostean, bideari ekin genion, apurka-apurka 5.400 metroraino, ohiko argazkiak ateratzeko eta harri eta zur gelditzeko goian topatu genituen ikuspegiekin, isiltasunarekin eta... tea-shop-arekin! Ai ama! Garaiera hartan ere bai! Behin hara gora iritsita, zer edo zer eskatu behar!
Handik aurrerako bide osoa maldan behera egin genuen, ia 2.000 metroko jaitsiera ordu gutxi batzuetan. Beste bailara batera iritsi ginen, jendearen janzkeran eta aurpegietan nabaritzen zen. Antzekoak bai, baina ezberdinak, eta tenplu budista gehiago. Izan ere, lehen baino apur bat gertuago geunden Tibetetik. Iparralderantz egin genuen bide gehiena, eta, muga naturala atzean utzita, Tibeteko jende gehiago bizi da hor beste bailaran baino.
Hurrengo egunak
Johnson-eko aireportua ikusi genuen. Jendeak, normalean, han bukatzen du trekkinga, baina guk egun batzuk irabazi genituenez, Tatopani (ur termalak dituen herria) eta Gorepanira hurbildu ginen (Phon Hill mendixkara igo eta egunsentiak Annapurnak zelan koloreztatzen dituen ikusteko). Beraz, pare bat egunez berriro gozatu genuen trekkingarekin. Irakurrita genuen etapa aspergarriak zirela, baina baso, ohian eta berdegune ikaragarriak ditu, guztiz gomendagarriak, benetan. Etapa pare baten ere, marihuana landareak nonahi ikusi genituen, bide osoan zehar.
Tatopanin gehiago behar izango ez genuen hotzerako arroparekin trukeak egin eta ur termaletan bainatu ostean, Gorepanirako bide luzea hartu genuen, harrizko eskailerak eta eskailerak dituena. Gora eta gora ibili ginen egun osoan, baina merezi izan zuen, hurrengo eguneko sariagatik: Dhalaugiriak osaturiko mendikatea osorik ikustea. Egunsenti benetan ederra! Guk bezala beste 300 bat lagunek asmo bera izan ez balute eta mendixkara igotzeko kobratuko ez balute!
Baina gure azken eguna zen Annapurnetako trekkingean. Gerora, Chitwan parke naturala, Patan, Bhaktapur, Bohuda, tximinoen tenplua eta abar eta abar bisitatu genituen. Mapa gehiago erosi beharko ditugu, Auñamendietan bezala, hemen ere leku asko daudelako ezagutzeko. Eta bidaia amaitu dugulako... Baina ez da azkena izango! Nepal, itzuli arte!

 

 

NEPALEKIN AMESTEN

Bidaia orain dela urte batzuk hasi zen, bidaia gehienak hasten diren bezala. Amestuz...

“Eta Nepalera joango bagina?” bota zidan lagun batek aspaldi. Eta hortxe gelditu zen ideia, buruko eta, batez ere, bihotzeko zirrikituen artean. Aurten, Bilboko Mendi Film Festibalean, Barnetegi Ibiltariko lagun batzuekin elkartu eta, saritutako filmen artean, Nepal eta Tibet inguruko irudiz osatutako bat ikusi nuen. Eta bihotza eta burua hor gelditu ziren, irudiekin amesten.

Egun batzuk beranduago, irudiek bueltaka jarraitzen zuten, eta, ia pentsatu barik, “Aurten Nepalera joango naiz, bazatoz?” entzun nion nire buruari galdezka. Eta ondoan zihoanak, birritan pentsatu barik, “Goazen!” erantzun zuen.

Eta halaxe egin genuen! Hegaldiak begiratzen egun pare batez zoratzen ibili ostean, esku artean izan genituen txartelak!

Orduan, zer egin erabaki behar... Interneten eta liburu-denda espezializatuetan informazioa bildu ondoren, Annapurnetako trekkinga egokia izan zitekeela erabaki genuen. Izan ere, politagoak egon badaude, eta garaiagoak ere bai, zailtasun gabeak batzuk, beste batzuk, ordea, maila handikoak. Baina trekkinga egiteko hoberen prestatuta dagoena hauxe da, duda barik: aterpe-sarea, ibilbidea markatuta eta atzerritarrok behar ditugun erraztasun guzti-guztiekin... Gerora ikusi ahal izan genuen bezala, igual larregi ere! Dena den, gure prestaketak egun batzuk (nahikotxo) lehenago hasi ziren: ibilbidea, egunak eta lo egiteko lekuak erabaki, nepaleraz hitz batzuk ikasi...

Apirilaren erdialdean abiatu ginen Loiuko aireportutik eta, Brusela eta Indian eskalak egin ondoren, 25 ordu beranduago, azkenean, Nepal zapaldu genuen. Urduritasuna, gogoa, ezinegona... nahasten ziren gure baitan hegazkinetik jaitsi aurretik.

Bisatuak egun batzuk lehenago eskuratu genituen (40 euroan) Madrilgo enbaxadaren bitartez eta zigilua jarritakoan kalera irten ginen. Beste mundu baten atarian geunden. Lehenengo begi-kolpean, argi zegoen ez geundela guk ezagutzen dugun eta ohituta gauden mendebaldean. Irakurrita nuen Asia bestelakoa zela, eta hala da!

Aireportutik, Oñatiko bikote batekin batera (euskaldunak gutxi garela diote, baina munduan ongi sakabanatuta gaude), herrialdeko hiriburuaren erdialdera abiatu ginen, Katmandura, hain zuzen. Errepidean, lehenengo algarak egin eta argazkiak eta bideoak etengabe atera genituen. Izan ere, dena suertatzen baita deigarria: asfaltatu gabeko errepide nagusiak, kale-bazter guztietan dauden tenplu txikiak, janzkerak, non-nahi dauden denda txikiak, kalean janaria saltzen duten dendariak… eta, batez ere, bere buruaz beste egin nahi duten txofer zoroak! Han ez dago ez semafororik, ez trafiko-seinalerik, eta daudenek ez dute inolako eraginkortasunik. Klaxona da guztirako erabiltzen den seinalea! Hori burrunbara!

HIRI ZOROA!

Katmandun, erdialdean hartu genuen hoteltxoa. Motxilak utzi eta segidan joan ginen trekkingak egiteko behar diren baimenak eskuratzera. Katmandun egin behar dira eta, gidarekin edo antolatutako talde baten egon ezean, bertara heldu arte ez dago horiek eskuratzeko aukerarik. ACAP eta TIMS txartelak leku berean atera daitezke, Turism Office Board delakoan (igandeetan itxita egoten da). ACAP txartela (2.200 errupia eta 3 argazki) Annapurnetako parke naturalaren kontserbaziorako ordaintzen da; TIMS (2.000 errupia eta 2 argazki), aldiz, trekkingak egiteko ezinbestekoa, sherpen bizi-kalitatea eta prestakuntza bermatzeko erabiltzen omen da.

Turismo-bulego horretan, eta baimenak izapidetu ostean, Internet doan erabiltzeko aukera izango duzue. Aprobetxatu, Nepalen doan eskura daitekeen gauza bakarrenetakoa da eta.

Baimen guztiak eskuan izateak dakarren lasaitasunarekin, Thamel aldera abiatu ginen. Ospetsua da han elkartzen direlako motxiladunak eta meditazioa egitera Nepalera joaten direnak. Bertan dauden dendetan denetarik topa daiteke: oroigarriak, mendirako arropa, denetariko janaria, tea, mandalak, Nepaleko mapak.... Baina esan beharra dago gehienak, batez ere arropa, kopiak direla, nahiz eta prezio-kalitate harreman oso oneko gauzak topatu ahal diren.

Han dirua aldatu genuen; errupia gehienak 1.000 errupiako billeteetan eskuratu genituen.

Azkeneko erosketak egin eta jendez, motorrez eta kotxez beteriko kale estuetan barna galdu ginen. Hiri hori berez da zoroa! Inolako logika barik nahasten dira jatetxe eta tea-shop modernoak gompa eta tenplu txikiekin, eta hiriaren erdi-erdian, kantoi ilunenetan, museoak eta abarrak topatu ahal dira. Gainera, egunez, elektrizitatea soilik 8 orduz izaten zuten gu bertan egon ginen garaian. Herrialde pobrea izanik, ez dute herrialde osoari energia emateko beste ekoizten, eta, ondorioz, halako ordu-tarte batzuen arabera ibiltzen dira argia jartzen eta kentzen.

LEHENENGO EGUNA

Hurrengo egunean, mendirako bidea hartu genuen, autobusez (225 errupia bakoitzak). 130 km 7 orduan! Eta aurreko eguneko taxilariekin zur eta lur gelditu baginen ere, oraindik ez genekien zer ziren Nepaleko “errepideak”... Asfaltatu gabeko hautsez beteriko bideetan barna kamioiak, autobusak, motorrak eta motorrak... eta, nola ez, mendebaldeko txirrindulari zoro batzuk ere ikusi genituen.

Helmuga Besisahar genuen; hantxe baimen-kontrola igaro ostean, bikote alemaniar batekin Syangeraino joan ginen Patrol batean. Orduan bai, mendian geunden! Kotxeen klaxon zaratatsuak atzean uztea benetan eskertzen da!

Baina oinez hasteko berandu egin zitzaigunez, hurrengo egunerako utzi behar izan genuen!

Laguneko gastaturiko diru-kopurua:

Ostatua: 100 errupia

Afaria eta gosaria: 900 errupia

BIGARREN EGUNA

Goizean goiz esnatu, motxilak bizkarrean ondo egokitu eta ibiltzen hasi ginen! Bidaia osoan ezagunak egingo zitzaizkigun lehenengo zubi eskegi eta otoitz-banderak ikusi genituen. Baita lehenengo mani-harriak ere. Herri guztietako sarrera eta irteeretan dauden otoitz egiteko eraikin txikitxo batzuk dira, erdian tutu zilindriko batzuk dituztenak nepaleraz zizelkatutako otoitz-esaldiekin. Ezkerretik pasatu eta eskuarekin birarazi behar dira, zorte ona erakartzeko, eta geuk bidaia ondo bukatu nahi genuenez, erabakia hartu genuen bidean topatzen genituen guztietan egiteko; horrenbeste izango zirela jakin izan bagenu…

Bazkaltzeko Thal izeneko herri polit baten gelditu ginen eta, gure harridurarako, urte berri on opa ziguten! Urte berri on? Bai, egun hori izan zen urte berri eguna, izan ere, nepaldarren egutegiaren arabera, 2071. urtean baikaude! Hura sorpresa, etorkizunera bidaiatu genuen! Bada, urte berri on!

Erreka erdi-lehor bateko harri pila baten artean, “EUSKARAZ BIZI NAHI DUT” mezua utzi genien atzerritar guztiei, eta, jakina, bertatik igaroko ziren euskaldunei!

Egun horretako helmuga Dhanagyu zen eta hantxe, eta ez azkenekoz, Euskal Herriari buruzko azalpenak ematen ibili ginen: “Zein hizkuntzatan hitz egiten duzue? Ez, ez da Espainia; ez, ez da Frantzia. Baina zuek nongo pasaportea duzue, espainiarra, ezta? Bai, baina azalduko dizut...”. Eta horrela orduak eta orduak, oso kuriosoak diren nepaldarren jakin-mina ase nahian eta, noski, gure nortasuna argi utzi nahian. Erraza leku askotan mezu berberarekin gure aurretik igarotako euskaldunei esker!

Laguneko gastaturiko diru-kopurua:

Bazkaria: 600 errupia

Ostatua: 100 errupia

Afaria eta gosaria: 1.150 errupia

HIRUGARREN EGUNA

Timan herri ederra zeharkatzen ari ginela, eskolarako bidean zihoan umetxo batekin egon ginen berriketan. Mendian egon arren, eskolatze-maila oso altua da eta ikasketak zorrotz burutzen dituzte, lehenen-hezkuntzan, behintzat. Ume batekin hizketan hasi eta berehala bere lagun guztiak inguratuko zaizkizu, eskolarako boligrafo eske. Herri horretan, lehendabizikoz jabetu gara zer nolako komunitate-bizitza daramaten nepaldarrek. Herri txikietan bizi direnez, auzolan eraginkorrean oinarritzen dute bizitza, bai lanari dagokionez, baita egunerokotasunari dagokionez ere. Bizitza elkarrekin egiten duten pertsonak dira, eta oso gutxitan ikusiko duzu jendea bakarrik. Lanerako, gosaltzeko, lurra lantzeko edo egonean egoteko, eta barre egiteko, beti zoriontsuak ematen baitute, elkarrekin ikusiko dituzu. Zenbat dugun ikasteko herrialde aurreratuetatik gatozenok!

Umeak eskolara joan bitartean, guk inguruarekin txundituta egiten genuen aurrera... A zer nolako mendi-puskak ikusten diren! 6.000 eta 7.000koz inguratuta geunden, eta 8.000koak  gertu izan arren, hurrengo bihurgunera ailegatu arte ez genituen begi-bistan izan. Han zegoen, parean, Annapurna II. Eguneko lehenengo geldialdia izan zen, laino artean, kaskoa duen mendiari aho zabalik begira. Jendea haraino igotzen dela pentsatzea, askatasun bila, haien esanetan, edo Budarengandik, ala norberak nahi duen jainkoarengandik, gertu egotearren... Dena dela, handik ikusita esan daiteke jainkoak menditzarrak eurak direla.

Hurrengo geldialdia Uper Pisang izan zen. Leku guztietan gomendatzen zuten bertaraino igotzea, ez bakarrik altuerara moldatzeko, baizik eta bertan inguruetako gompa budista ikusgarrienetako bat dagoelako, alde batetik, eta Annapurna II, III eta IV eta Gangapurna aurrez aurre ikusi ahal direlako, bestetik. Ikaragarria bertan, bakardade eta isiltasunean, eguzkia mendien atzealdetik zelan ezkutatzen den ikustea.

Laguneko gastaturiko diru-kopurua:

Bazkaria: 400 errupia

Ostatua: doan

Afaria eta gosaria: 800 errupia

LAUGARREN EGUNA

Uper Pishangetik gorako bidea hartuta (egunero desnibel-maila txikia, baina etengabea, gainditu behar genuen), herri bitxi txiki batera ailegatu ginen. Goian, beste gompa bat topatu genuen, eta herri horretan bailarako agureak aterpetzen dituen zahar-etxe moduko bat ere bai. Harritu gintuen mendien artean, garaiera hartan, halakoak topatzea, baina igartzen da denen artean ongi baino hobeto zaintzen dituztela, eta, hemen ez bezala, kalean egoten dira egun osoan, denen zaintzapean eta irribarretsu eta txantxetan beti. Sumatzen hasiak ginen atseginak direla, baina gero eta harrituago geratzen ginen.

Handik Braghara abiatu ginen, alegia, hurrengo geltokira. Herri bitxia da, polit-polita, antzinakoa eta abandonatua ematen duena, baina urrunetik bakarrik. Ailegatu bezain laster, irrintzi eta algara batzuk entzun genituen: herriko jaiak ziren. Gizonek, arku eta geziekin, itu txiki-txiki batean asmatu behar zuten eta, hala gertatzen zenean, algaraka hasten ziren. Ikustera igo (edozer egiteko beti dago igo beharra han!) eta elurretan hasi zen, beraz, bertan behera utzi zuten ikuskizuna. Montzoia laster zen etortzekoa eta jada sumatzen ziren bere lehenengo ondorioak.

Bragan tea-shopean gelditu (bidean edonon daude, baita leku sinestezinetan ere) eta aurrera egin genuen Manageraino. Herria 3.500 metrora dago eta, artean, ibilaldia hasi genuenetik,  ikusitako arraroena zen. Kale bakar batek osatzen du eta bertan ostatuak, jatetxeak, arropa-dendak (bere burua hotzerako prestatu ez duenak, hortxe dauka bere azken aukera) eta... zinemak! Harrigarria! Ez genuen imajinatzen halakorik egon zitekeenik errepide gabeko herri baten! Baina bai, maisuak dira nepaldarrak halakoak egiten, eta astoak eta motorrak baliatzen dituzte gauzak bertaraino eramateko. Jende gehienak 2 egun ematen ditu herri horretan, altuerara moldatzeko. Geuk ere horixe egin genuen.

Laguneko gastaturiko diru-kopurua (2 egun):

Bazkaria: 500 errupia

Ostatua: doan

Afaria eta gosaria: 1.000 errupia

SEIGARREN EGUNA

Aurreko eguna, bosgarrena, inguruan zehar ibiltzen eman genuen. Seigarrenean, Tilicho lakura hurbildu ginen, Annapurnetako trekkingetik apur bat aldenduta. Laku hori munduko altuena omen da. Bertatik bi ordura dagoen ostaturaino heltzeko, harriak jausten diren leku arriskutsu batetik igaro behar da. Ordubeteko ibilaldi estu-estua da eta etengabe ikusten dira goitik harriak mugitzen eta jausten. Urduri igaro genuen tarte luzea. Eta genekienaren arabera, biharamunean bertatik bueltatu beharko ginen gure ibilbidearekin jarraitzeko... ez zeukan, ez, itxura onik!

Ostatura ailegatu ginenean, elurra mara-mara ari zuen, eta ordu gutxi batzuen buruan dezenteko elur-geruza  bildu zen ostatuaren inguruan; gorago, lehen harria ikusten zen tokian, elurra besterik ez zen ikusten.

Laguneko gastaturiko diru-kopurua:

Bazkaria: 500 errupia

Ostatua: doan

Afaria eta gosaria: 1.175 errupia

 

ZAZPIGARREN EGUNA

Tilicho ikusi barik bueltatu behar izan ginen. Goizean esnatu bezain pronto leihotik begiratu eta dena elurrez estalita zegoen. Hotza eta 30 zentimetroko elur-geruza nahikoa izan ziren buelta eman behar genuela jakiteko. Hurrengo baten izan beharko da. Gurekin batera, zamaketari batzuk eta gu bezalako motxiladunak zeuden. Inor ez zen ateratzen bidea egitera, denok baikenuen gauza bera buruan: “Arraioa! Atzoko leku berberetik igaro beharra dugu, baina, gainera, elurtuta; bidea ez da ikusiko eta, eguzkiak jotzen badu, harri-jauzia “interesgarria” izan daiteke...”.

Azkenean, denok batera egin genuen aurrera, lehenengoak motxila jarri zuenean guztiok atera ginen atzetik, ilaran. Hasieran, poloniar batek hartu zuen aurrea, baina, nola jakin gabe, euskaldunok jarri ginen tropelaren buruan. Besteek jarraitu egiten gintuzten... bada, jai zeukaten, gu kikilduta baikindoazen! Azkenean, ez zen horrenbesterako izan eta ongi baino hobeto egin genuen buelta. Elurrak harriei eutsi zien eta egun hartan ez genuen bat bera ere ikusi, ezta entzun ere.

Aurreko eguneko bide bera jarraitu genuen saihesbide bat topatu genuen arte. Yak Kharkarako bidea hartu eta, berriro ere maldan gora, bertan bazkaldu genuen. Gure nepalera nahiko aurreratuta generaman: 10 hitz besterik ez genekien, bailaratik bailarara aldatu egiten zirenak (70 dialekto baino gehiago dituzte, baina ez dute behar “nepalera batua”), baina janaria eskatu, ordaindu eta agurtu nepaleraz egiten genituenez, nepaldarrak ote ginen galdetu ziguten, geure aurpegian barre eginez... ez dugu horren ongi egiten, antza!

Herri horretan, jendea pilatzen hasten da. Ordura arte, herrietan ez genuen inolako arazorik izan ez lekua topatzeko, ezta aukeratzeko ere, baina herri horretatik aurrera toki gutxi daude atseden hartu ahal izateko, eta jende-pilaketak igartzen hasten dira. Beraz, aurrera egitea erabaki genuen, hori bai, erritmo bizian, aurretik ikusitako taldeak harrapatu eta aurreratzea lortu arte. Leterren hartu genuen ostatu familia batekin eta berarekin eman genuen egun osoa sukaldean, turistengandik aparte, berriketan eta barreka. Hori umorea nepaldarrena! Galdera tipikoez harago, denetarik jakin nahi dute, eta arraroa egiten zaie 30 urtetik gorakoek familia eta seme-alabarik ez izatea, harrituta uzten ditu besteek ez edukitzeak beraien bizitzaren oinarria dena... Gure herrialdean sexua praktikatzea ohikoa ote den ere galdetu ziguten! Euskal Herriak duen ospea ezagutuko balute!

Laguneko gastaturiko diru-kopurua:

Bazkaria: 700 errupia

Ostatua: doan

Afaria eta gosaria: 1.000 errupia

ZORTZIGARREN EGUNA

Esnatu eta denak elurtuta jarraitzen zuen; aurreko egunean baino elurtuago, gainera. Eguzkia izan arren, hotza nabaritzen zen. Gosaldu eta argazki batzuk atera genituen hango jabeekin, baita ondoko lodgera erreskatera etorri zen helikopteroari ere. Erreskateak ugariak dira han, altuerako gaitza eta istripuren bat edo beste tarteko, helikopteroak egunero ikusten omen dira. Ene! Geuk asegurua Euskal Herriko Mendi Federazioan atera genuen, baina, badaezpada, poltsikoan generamala egiaztatu genuen!

Thorong-Phediko oinarrizko kanpamenturako bidea hartuta, lau bat ordu genituen aurretik, baina arin pasa zitzaizkigun. Ederrak dira inguruak: harriak eta elurra, baso gabeak, apenas landarerik erakusten duen ingurua. Bela txingak eta Blue Sheep motako ahuntz basatiak (ez dira, baina, urdinak) baino ez dira ikusten. Eta, zelan ez, trekkingzaleak eta sherpak. Gero eta gehiago!

Base Campera ailegatu eta atsedenalditxo bat egin genuen. Bide osoan, ezintasun fisiko eta psikologikoak zituzten ume eta heldu nahikotxo ikusi genituen, eta kanpamentuan ere egin genuen topo batekin. Horren zergatiaren gainean galdetu genuen, bitxia egin baitzitzaigun horrenbeste ikustea... Antza, elikagai-eskasiak eta hotzak mututasuna, itsutasuna, gormututasuna eta bestelako gaitzak eragiten dizkiete, baina, guk uste ez bezala, guztiz integratuta bizi dira eta bizitza arrunta egiten dute herrian gainontzeko bizilagunek bezala. Bikain!

Azkenean, Thoron-Phediko Hig Campera igo eta han dagoen lodge bakarrean hartu genuen logela bat. Girora hobeto moldatzeko, gertuko tontortxo batera igo ginen, 300 bat metrora, eta eguzkiaren goxotasunean argazki batzuk atera genituen. Bueltan, bazkari ederra genuen zain! Bidean, jende ugari ezagutu genuen: Londresen bizi den neska portugaldarra, Holandako ilehori kirolzale amorratua, metro eta erdiko lagun nepaldarrarekin, isil-isilik zebilen eskoziarra eta sherpa ugari, besteak beste. Denok izan ginen mahai beraren bueltan bazkaltzen elkarrekin komunikatu nahian. Izan ere, gogoa dagoenean, hizkuntza ez baita oztopoa!

Gehienak goiz joan ziren lotara, hurrengo egunean goizeko 4:30ean hasiko ziren-eta gosariak banatzen. Hori bai, logelara joan aurretik, mundu guztiak egin zuen galdera berbera: “Zein ordutan aterako zarete?”.

Gaua hotza izan zen (logela barruan, 0ºC-ra ere jaitsi zen tenperatuta), baina kantinplorak ur beroz bete genituenez, oso gustura egin genuen lo zaku barruan.

Laguneko gastaturiko diru-kopurua:

Ostatua: 175 errupia

Bazkaria, afaria eta gosaria: 12.240 errupia

BEDERATZIGARREN EGUNA

Goizean goiz esnatu eta kalera irten ginen. Hori hotza! Halere, jendeak ezin zuen itxaron eta  dagoeneko ikusten ziren zenbait argi ilaran tontorrerako bidean.

Ederki gosaldu eta geu ere abiatu ginen, azken egunetan apopilo hartuta geneukan  portugaldarrarekin batera. Gure aurretik, morroi bi txirringaz zihoazen! Ero-koadrila ederra han biltzen dena! Guk egindako bide bera bizikletaz egin zuten, baina egun gehiagoan! Halere, bizikletak ez zirudien oso aproposa bide hartarako.

Aurrea hartu eta sherpen atzean jarri ginen. Haiek, egun hartan, besteetan ez bezala, ia atseden hartu barik eta erritmo bizian zihoazen gorantz. Patxadaz igotzea eta atsedenaldi asko egitea gomendatzen dute, baina haiek erdi korrika zihoazen. Ez zen arraroa, haien arropei erreparatuz gero: telazko zapatila arruntak, galtza bakeroak, kamiseta bat, jaka polarra eta eguzkitarako betaurrekoak. Besterik ez! Hotzak akabatuta zeuden!

Tontorra, munduko mendi-leporik altuena omen dena, laster ikusi genuen: Thorong-Pass! Tartetxo hunkigarria izan zen, sherpak eta gu baino ez baikeunden han, eta argazki mordoa ateratzeko baliatu genuen. Aprobetxatu beharra dago! Bat-batean, non eta tontorrean bertan, mendiaren epika apurtzen, harri-pilotik 5 metro eskasera, tea-shop bat! Sinestezina! Tea ez ezik, leku guztietan topa daitekeen Coca-Cola, jatekoa, rona, Vodka eta abar ere erosi ahal dituzu... Garestitxo, hori bai, baina ez dago besterik.

Hortik aurrerakoa, beherako bidea, ia-ia hiru mila metro, ordu gutxi batzuetan egin genuen, baina oraindik ere herri eta paraje ikaragarriak ikusi ahal izan genituen. Kontraste ikaragarriak sumatzen dira bailara batetik bestera, eta 3 egunean berdeguneetan, elurretan eta marroi koloreko bailaretan barna ibili ginen. Kontrasteak are politagoa bihurtzen du ingurunea!

Mukinatheraino ailegatu eta berriro erakutsi behar izan genituen baimenak. Bidean, hainbat lekutan, irakurria geneukan herri horretan BTT direlakoak alokatzen dituztela. Bilatzen hasi eta topatu ere topatu genituen. Baina bizikletak garesti samarrak iruditu zitzaizkigunez, oinez jarraitu genuen. Bete-betean asmatu genuen! Izan ere, gerora gida eta blog askotan irakurri baikenuen ez zuela merezi Mukinath edota Jhomsonetik harago jarraitzea; halere, egunak sobera genituenez, aurrera egitea erabaki genuen. Eta ez zen ideia txarra izan, han topatu baikenituen ingururik politenak. Hasieran, errepidetik joan ginen, baina errepideak ez du aukera handirik ematen, beraz, GR-tik jarraitzea erabaki genuen. Baso eta oihan artean, apurka-apurka garaiera galduz joan ginen, eta herri eder batzuk zeharkatu genituen. Kagbeni izan zen horietako bat, nahitaez bisitatu beharrekoa. Tenplu budista handi bat dago bertan, baita zonalde hartako medikuntza-eskola ere (behar izanez gero, kontsulta ere egingo dizute, betiere diru truke, jakina).

Herri horretan, gainera, fenomeno bitxi bat ikusi ahal izan genuen: eguzkiaren inguruan, guztiz borobil agertu zitzaigun ortzadarra! Guztiok gora begira geundela, ohikoa ote zen galdetu genien bertakoei. Eta izango da, zeren eta haiek ez baitzioten kasu handirik egin kontuari.  Guk, ordea, bai, eta hantxe egon ginen gora begira bazkaria hozten zitzaigun bitartean.

Laguneko gastaturiko diru-kopurua:

Bazkaria: 400 errupia

Ostatua: 100 errupia

Afaria eta gosaria: 850 errupia

HAMARGARREN EGUNA

Lodge txiki eta polit baten lo egin ostean, Jhomsoneraino 4x4 bat alokatzea erabaki genuen. 15 kilometro ziren eta, aurreko eguneko jaitsiera eta egiteko geneukan etapa luzea kontuan hartuta, hobe zen kilometro batzuk gainetik kentzea. Hortaz, Jhomsoneraino hurbildu ginen, inguruan “aireportua” duen herri bakarrera. Txikia benetan lurreratzeko pista, eta mendi altuen artean...

Guk, baina, urrunetik ikusi eta Tatopanirako bidea hartu genuen, horrenbeste egunez mendian ibili ondoren Jhomson oso handi eta modernoa iruditu baitzitzaigun. GR berriro topatu eta, ordu gutxiren buruan, Mharpan ginen. Han, bidean ezagututako sherpa-koadrilarekin egin genuen topo. Sherpek, antza, Mukinathetik aurrera autobusez egiten dute bidaia, euren bezeroek oinez jarraitzen duten bitartean. Beraiekin bazkaldu, pattar gogor samar batzuk edan (lana bukatutakoan, edan egiten dute, eta ondo edan, gainera!) eta, Katmandurako hitzordua jarri ostean, berriz abiatu ginen. 3 ordu inguru igarota, Tucuchera ailegatu eta, sherpen aholku jarraituta, Ghasaraino autobusaren zain gelditu ginen hango neskato batekin boleibolean jokatzen; nepaldarrak kirol horren zale amorratuak dira.

Autobusaren ordutegia jakiteko orduan, arazoak izan genituen bertakoekin, izan ere, galdetzen genuen bakoitzean ordutegi ezberdin bat esaten baitziguten. Ondorioz, aukerarik onenera jo genuen: oinez hasi eta, autobusa pasatzean, keinua egin geldi zedin. Hori bai, edonora igo aurretik, ados ezazue prezioa! Eta, ahal izanez gero, jesarri aurrealdeko jesarlekuetan, bestela, guk bezala, saltoka eman beharko duzue-eta bidaia osoa. Ongi gidatzen dute, hori ere esan beharra dago, baina zer nolako bideetatik! Eta, gainera, amildegiak hortxe daude, metro gutxira...

Gorputz osoa txikituta genuenean, Marpharaino heldu ginen, azkenean. Mapan letra larriz agertzen zenez, herri handia espero genuen, baina autobus-geltokia eta 8 etxe inguru besterik ez duen herri txikitxoa topatu genuen. Lodge bi baino ez zeuden, beraz, eskaintzen zigutenarekin moldatu behar izan genuen, gauez bidaiatzeak ez baitzigun konfiantza handiegirik ematen eta...

Laguneko gastaturiko diru-kopurua:

Jeepa: 150 errupia

Autobusa: 250 errupia

Bazkaria: 400 errupia

Ostatua: 500 errupia

Afaria eta gosaria: 620 errupia

HAMAIKAGARREN EGUNA

Gaueko helmuga Tatopani genuen. Aurreko gauean erabaki genuen oinez jarraitu behar genuela, kilometro gutxi zirelako, eta sumatzen zen inguru zoragarriaz gozatu nahi genuen.  Halaxe egin genuen. Goizean goiz ekin genion bideari, oporrak bukatze aldera atseden hartu ahal izateko. Turista eta trekkingzaleak Mukinathetik aurrera ez genituen apenas ikusi, eta egun hartan bikote bat besterik ez. Non zeuden guztiak?

Mendian gora ibili ginen, herri txiki polit asko zeharkatuz. Han, besteetan ez bezala, ez zegoen ez tea-shopik, ez oroigarrien dendarik... Nabari zen, bai, turista askorik ez dela ibiltzen paraje hartatik. Baina, gure ustez, ibilbide horrek gauza bitxi eta eder asko eskaintzen ditu, eta, denbora (eta gorputza) izanez gero, guztiz gomendagarria da.

Halaber, lehendabizikoz, marihuanaz inguratuta gaude, leku guztietatik hazten da belarra. Bidean, etorri ginenetik, egunero-egunero saldu nahi izan digute marihuana, edota haxixa. Merkea bai, baina ez oso ona, antza. Berez, salmenta eta kontsumoa debekatuta daude Nepalen, baina, Euskal Herrian bezala, gauza bat da debekua eta beste bat bizitza. Halere, oso zigortuta daude bai trafikoa, bai kontsumoa, beraz…

Lau orduan, Tatopanin sartu ginen. Herri txikia, eta bitxia, hura ere. Kale estuz eta dendaz josita: turistak bueltan dira! Gehienak, Mukinathen autobusa edo patxola hartuta, honaino etortzen dira ur termaletan bainua hartzera eta biharamunean-edo Gorepanira joateko, edo, bestela, beste autobus edo Patrol baten Phokarara joateko.

Geuk ere hartu genuen bainua, zelan ez! Merezia genuen!

Laguneko gastaturiko diru-kopurua:

Bazkaria: 550 errupia

Ostatua: 400 errupia

Afaria eta gosaria: 1.580 errupia

HAMABIGARREN EGUNA

Tatopanitik aurrera, lehenengo kilometroak errepidez egin genituen. Hortik aurrera, aldiz, basoa eta oihana zeharkatuz, harriz egindako eskailera moduko bide bati ekin genion: etengabe gora eta gora atsedenik hartu gabe. Zuhaitz zaharrez osatutako basoetatik barna ibili ginen, eta eguneko nekea pilatuz joan zitzaigun, ez baita erraza 7 orduz aldapan gora ibiltzea! Eskerrak txorien kantuek lagundu eta bidea alaitu ziguten!

Gorepanira ailegatu eta koloretako arku batek eman zigun ongietorria: Namaste - Wellcome to Gorepani. Bazen garaia!

Herri turistikoa da, apenas dauka ezer berezirik, Pon-Hill mendixkagatik ez balitz. Dendak eta lodgeak... han, zelan ez, eskumuturrekoren bat edo beste erosi eta konpainia ederrean afaldu genuen beheko suaren inguruan aurreko egunean ezagututako lagun batzuekin. Solasaldi bitxiak, etengabe bidaiatzen ari den jendearekin edota bidaia espiritualaren bila joandakoekin.

Laguneko gastaturiko diru-kopurua:

Bazkaria: 700 errupia

Ostatua: doan

Afaria eta gosaria: 800 errupia

HAMAHIRUGARREN EGUNA

Goizeko lauretan jo zuen iratzargailuak. Zelako oporrak, ene! Gauez atera ginen kalera eta, kopetako linternak argitzen zuena jarraituz, gorako bidea hartu genuen Poon-Hillerantz. Gu bezala, beste asko ere goiz esnatu ziren, denok xede bera gogoan: Dhalaugiri eta Annapurnetako mendikate osoak egunsentian ikustea. Bertara sartzeko, baina, sarrera ordaindu behar da; ondoren, 40 minuturen bueltan, gailurrera iristen zara.

Artean, ilun egon arren, sumatzen ziren mendiak, urrunean… Benetan ikusgarria da lekua, izugarriak handik goza daitezkeen ikuspegiak. Esan bezala, askok eta askok izan zuten gure ideia berbera, eta, hortaz, han ibili ginen denok argazkiak atera nahian, jende gehiegi baitzegoen argazkiak behar bezala atera ahal izateko, baina... moldatu beharko! Azkenean, egunsentiak egunari bere lekua egin zionean, beherako bidea hartu genuen. Lehenago sarrera ordaindu genuen lekuan, ezta arimarik ere! Jakin izan bagenu... Gainera, argazkiak ateratzeko, hobe ilunabarrean igotzea egunsentian baino, askoz ere argi ederragoa egongo baitzen... Hurrengorako badakigu!

Lodgera buelta egin, bapo gosaldu eta Nayapulerako bidea (gure ibilbidearen helmuga) hartu genuen. Aurreko eguneko norabide berbera hartu genuenez, eskailera guztiak jaitsi behar izan genituen! Igoera gogorra izan zen, baina jaitsiera ere ez zen samurra izan... Aurreko egunean ez bezala, kontrako norabidean zihoan jende askorekin egin genuen topo. Phokaratik autobusa hartu eta Poon-Hillera hurbiltzen dira aipatu mendiak ikustera. Oraindik falta zaiena jakingo balute!

Bide horretan, ordura arte topatu genuen errekarik garbi eta politena aurkitu genuen. Ur garden-gardena eta putzu ugari. Azkenean, presaka genbiltzanez, bainu barik gelditu ginen, eta ederki damutu zitzaigun! Baina, tira, Nayapulera ailegatzeko gogoz genbiltzan!

Azkenean, herrira ailegatu eta, autobusa hartuta, Phokarara abiatu ginen, turistak legez! Ene ba, autobusean ere ezagunak! Hau da hau! “Zer moduz?”...

Une horretatik aurrera, turisten munduan murgildu ginen: Phokara, Chituan parke naturala, gompak, monasterioak, tximinoak, oroigarriak... Gauza bitxi asko eta asko daukate erakusteko, ikusteko, gozatzeko, entzuteko eta, batez ere, bizitzeko! Nepal miresgarria da, benetan, eta ziur itzuliko garela! Bazatoz?

Namaste, Nepal...

AHOLKUAK:

  • Dirua, aldatu 1.000 errupiako billeteetan. Horiekin erraz moldatu ginen gauza gehienetarako, billete-sorta itzela izan arren.
  • Autobus-geltokia nahiko bitxia da, eta berehala hurbilduko zaizkizu bertakoak laguntza eskaintzera. Guk geuk kasu egin genien eta primeran atera zitzaigun! Beshisahar grafia latinez idatzita ere topatuko duzue. Turistentzako autobusetan denbora gutxiago emango duzue, eta erosoagoak ere badira. Halere, ez pentsa gu ohituta gauden autobusak bezalakoak direnik. Zertxobait hobeak bai, baina eurek ere ohikotasunez erabiltzen dituzte.
  • Dirua emateko zein jasotzeko orduan, esku batekin dirua ematen edo jasotzen den bitartean, bestearekin norberaren ukondoa ukitu behar da. Begirunea adierazten du.
  • Edozein tenplutan sartzeko, zapatak kanpoan utzi behar dira.
  • Budisten tenpluetan badago sartzea; hinduetan, aldiz, normalean debekatuta egoten da.
  • Herrialde segurua da, edo hori ematen du, behintzat. Polizia non-nahi dago, eta laguntza eskaintzera hurbilduko dira sarritan.
  • Arropa eta mapak eskuratu behar izanez gero, Thamelen bertan aukera ederrak dituzue, merke-merkeak eta, arropari dagokionez, eskaintza zabalarekin.
  • Prezioak adosteko orduan, hartu patxadaz; maisuak dira horretan eta, presaka ibiliz gero, behar baino gehiago ordainduko duzue. Txantxetan hasten bazarete, eta irribarrez, askoz hobeto! Merkeago lortuko duzuen ez dakit, baina behintzat hobeto pasatuko duzue. Finean, ez duzue horrenbeste jarriko jokoan!
  • Txai (baietz) eta txaina (ezetz) keinu bidez adierazteko era bitxia dute nepaldarrek: baietz esateko, alboetara mugitzen dute burua, guk kili-kolo esateko erabiltzen dugun keinuaren antzera; ezetz esateko, aldiz, buruarekin ez eta eskuarekin gutxi gorabehera adierazteko erabiltzen duguna baliatzen dute eurek.
  • Guztiaren prezioa ados daiteke, arroparena, janariarena, garraioarena, hotelena, garagardoena... Ez izan inolako lotsarik!
  • Bidean, lodgeetan, ez galdetu logelen prezioaren gainean; galdetu bertan afaldu eta gosalduz gero dohainik den ala ez.  Normalean, doan aterako zaizue.
  • “Namaste” agurra esatearekin batera, elkartu esku biak eta egin otoitz egiteko ohiko keinua. Denek agurtzen dute elkar mendian, beraz, ikasiko duzue!

 

Lau hitz nepaleraz:

Kaixo: Namaste

Zenbat da? Kati?

Ura Pani

Bai Txai

Ez Txaina

Eskerrik asko Danebat