Korsika, itsasoa eta mendia

korsika

Ez dakizula mendira edota itsasora joan? Ez dago arazorik. Biak elkarren ondo-ondoan dituzu irla honetan. Ikusi baterako, Mediterraneo itsaso erditik sortzen den mendi erraldoia da. Irla txikia dugu, baina, txikia izanagatik ere, 2.000 metrotik gorako mendiak ugariak dira. Hainbat parke natural, desertua, bainurako erreka paregabeak eta hondartza ikaragarriak.  Han zaudela, begiek ikusten duten edertasunak ez ezik, usainak ere erakarriko zaitu, machja-ren (mendiko landaretza) usainak, hain zuzen. LIERNI  AIERBE.

 

Bost zentzuak gozarazteko aukerak ugariak dira Korsikan. Lerrootan ezin denak batu, ordea. Aukeretako bat, Bastiatik, Ipar Korsikako hiriburutik, abiatu eta iparralderantz jotzea izan daiteke, Capu Corsu-rantz, hain zuzen ere. Kostaldeko hainbat herritatik pasako zara: Erbalunga, Macinaggio… Aurrera jarraituz, Centuri izeneko herrixka arrantzale zoragarri batera iritsiko zara. Beherago, Nonza-ko hondartza beltza aurkituko duzu; merezi du gelditzea, benetan ikusgarria baita, harearen ordez amiantoa daukalako. Hori dela eta, ez dago bainatzerik.  Zonalde horretan, deigarria da zenbat eta zenbat mausoleo dauden, aurrean palmondoa dutela, dirua egitera Ameriketara joan zirenenak. Bertakoek diotenez, iturriko ura irlako eremu honetan jarri zen lehenengoz.
Aurrerago, San Fiurenzu dago, turistaz, yatez, musikaz… betetako herria.  Udan, musikari ospetsu asko izaten da bertako kontzertuetan. Hortik Balagna eskualdera jo daiteke. Merezi du L’Agriate desertutik pasatzen den errepidea hartzea eta, astia eta garraiobide aproposa izanez gero, Saleccia hondartzara hurbiltzea. Ez dago errepiderik, zuloz betetako mendi-bidea da, baina, iristea lortzen baduzu, hondartza liluragarri bat topatuko duzu. Kanpina eta taberna daude bertan.
Koloreak, usainak, zaporeak
Handik zuzenean, Isula Rossa-ra. Eguzkia sartzen hasten denean, kaiaren atzeko mendiak arrosa kolorekoak ikusten dira, hortik datorkio izena. Balagna-n zara, haizearen, oliben eta almendren lurrean. Kostaldean zenbait hondartza daude, adibidez, Algaghjola-koa, baita hainbat kanpin (hondartza ondoan) eta ostatu ere. Barnealdean, mendi muino baten gainean ia ikusezin, Sant’ Antoninu herrixka zaharra. Aldapak eta harri zaharrak nonahi. Bueltatxo bat eman, ardoren bat-edo hartu eta petanka partida bat jokatzeko leku aproposa, betiere hobe ilunabarrean, lasaiago egoten baita herria.
Jarraian, Calvitik pasatuz, Portu-rantz joan zaitezke. Errepidea kostaldetik pasatzen da eta benetan ikusgarria da. Hori bai, uda baldin bada, hartu pazientziaz, trafikoa handia baita,  eta errepidea, estua eta bihurgunez betea. UNESCO-k Gizadiaren Ondare izendatu zuen eremu hau. Itsasontziz egiteko bidaiak eskaintzen dituzte, ingurua itsasotik ikusi ahal izateko: kolorez betetako haitz ikaragarriak, eta horietako askoren gainean itsas-arranoak beren habia erraldoietan. Kostaldean, aipatu zonaldea duzu, Scandola izenekoa, eta barnealdean Spelunca ikaragarria. Hemengo errepideak ere aurrekoak bezalakoak dira, baina merezi du ikustea. Gainera, mendizalea bazara, inguru honetan dituzu Paglia Orba eta Monte Cintu famatuak, besteak beste.
Aurrera eginda, Hego Korsikako hiriburura iritsiko zara, Aiacciu-ra, hain zuzen. Bertan jaio zen Napoleon eta nabari da hiri osoan zehar. Esan beharra dago Korsikako bi hiriburuak nahiko txikiak direla. Beherantz joanda, Prupria-ra iritsiko zara; ez da oso handia, baina denetarik aurkituko duzu. Egun batzuk lasai-lasai pasatu nahi izanez gero, handik hurbil Campumuru herrixka dago, aspaldiko herri arrantzalea, egun batik bat turismoari esker bizi dena. Bertan, harea zuria eta turkesa koloreko urak dituen hondartza zoragarri bat dago, baita ostatuak, kanpinak eta tabernak ere. Oinez ibiltzeko gogorik edukiz gero, kostaldetik Tizza-raino joan zaitezke. Bidea luze samarra da, baina, era berean, ikusgarria; hainbat kala topatuko dituzu, eta gehienetan bainua hartzea gozamena da. Hori bai, ez ahaztu ura eramatea. Hortik gertu Sarte duzu, ezinbesteko geralekua,  bertakoek diotenez, korsikar herrietan korsikarrena baita.
Aurrera jarraituz gero, hegoaldeko muturrera, Bonifaciu-ra, helduko zara. Arroken gainean dago eraikita herri zoragarri hau eta sartu-irtena, bederen, egin beharrekoa da. Dena den, ondo aukeratu noiz joan, uda baldin bada, herrira iristeko sortzen diren auto-ilarak jasanezinak baitira.
Bueltarik handiena eman eta gero Bastia aldera hurbiltzen hasiko zara. Bonifaciu-tik nahiko hurbil Portu-Veghju dago. Tartean hondartza ospetsuenak, postal guztietan agertzen direnak, ikusiko dituzu, baina beti egoten dira jendez gainezka. Portu-Veghju-ra autoz joaten bazara,  errazagoa da kai ondoko aparkalekuan utzi eta oinez igotzea, goialdean dagoen alde zaharrean aparkatzea baino. Dendaz, jatetxez eta tabernaz josita dago. Dirua gastatzeko leku paregabea.
Barnealde ikusgarria
Goranzko bidean, ezinbestekoa da barnealdera joatea. Hondartzek zoragarriak izaten jarraitu arren, merezi du I Forchi di Bavedda (Baveddako orratzak) ikustera joatea, edota, mendian ibiltzeko ohitura baduzu, buelta bat ematea bertan. Haien harrizko punta zorrotzak zuzenean sartzen dira zeruan, arroken artean haizeak erabat okertu dituen pinu korsikarrekin batera.
Ondoren, Cortirako bidea hartuko duzu, hots, Korsikaren bihotzean dagoen herrirakoa. Bertara joateko, bide bat baino gehiago dituzu. Barnealdeko bideetan ikusiko duzun paisaia deskribaezina da, eta errepide batzuk ere halakoxeak dira. Halere, astirik izanez gero, merezi du. Cortira iritsitakoan ikusiko duzun lehenengo gauza zitadela izango da, herriaren alde bateko mendixkaren gainean, eta, inguruan, sekulako harrizko mendiak. Irlaren independentzia egunetan hiriburu nagusia izendatu zuten honetan sortu zen Korsikako Unibertsitatea. Abuztuko lehen asteburuan, Nazioarteko Jardunaldiak izaten dira. Hainbat herrialdetako jendea hurbiltzen da, besteak beste, Euskal Herrikoa, Sardiniakoa, Kataluniakoa, Irlandakoa eta Saharakoa. Eztabaidez eta mitinez gain, kontzertuak, txosnak eta jatekoa ere izaten dira.
Cortin bertan, Ristonika (mendia eta erreka) daukazu;  inguruan, Castaniccia eskualdea eta Ascu herria, biak ala biak ikusgarriak. Bukatzeko, Bastiara joan zaitezke.

 

Jakin beharrekoak
- Mediterraneo erdian egoteak setioak jasanarazi dizkio hainbat eta hainbat herriren aldetik: erromatarrak, musulmanak, Aragoiko Koroak, genoarrak (hauek eginiko dorreak ikusiko dituzu irla osoan zehar) eta frantsesak. Era berean, 1755etik 1769ra Korsika independentea izan zen. Hizkuntza ofiziala frantsesa bada ere, bertakoen berezko hizkuntza korsikera da.  
- Korsikara joateko, bi aukera daude: hegazkina eta  itsasontzia. Bertan ibiltzeko, txirringa (sasoian egonez gero), motorra edo autoa beharrezkoak dira, hango garraiobideek ez baitute aukera handirik ematen. Zeureak eraman ditzakezu itsasontziz joaten bazara, edo, bestela, han alokatu, merkea izan ez arren. Lotarako, ostatuak, etxe alokatuak edo kanpina erabil ditzakezu. Lehenengo biak  garestiagoak dira eta, urteko sasoiaren arabera, nahiko zailak lortzeko, aurrez erreserbatu ezean, behintzat. Kanpinak, aldiz, bazter guztietan daude, eta prezioak normalak dira.
- Urtaroaren arabera, irlako jarduera asko aldatzen da; adibidez, neguan, kostaldeko negozio gehienak itxita egoten dira udako turistak noiz iritsiko zain. Negu partean, elurretako kirolak egiteko aukera eskaintzen du; uda aldean, mendian ibili edota mendi kirolak egin eta eguzkitan egon zaitezke. Mendia oso gustuko baduzu, GR20 egiteko aukera duzu: iparraldetik hegoaldera mendiz mendi.
- Edozer aukeratuta ere, bertakoekin egon eta beren bizimodua, pentsamendua eta abar ezagutu nahi badituzu, hurbil zaitez barrualdeko herrixketara eta hartu zerbait bertako tabernetan. Euskal Herrikoa zarela esateak, askotan, elkarrizketarako ateak zabaltzen ditu.
- Irla ezagutzeko aukera ugari daude. Dena den, aipatzekoa da, uharte txikia bada ere, errepideen neurri eta bihurguneengatik batetik bestera joatea luze egiten dela lekurik gehienetan.

Aholkuak

- Bidean zehar bertako talderen baten kantaldia dagoela ikusiz gero,  joan zaitez entzutera.
- Mendiko bideetan, kontuz txerri eta basurdeekin.
- Bidaia hau egun gutxitan egin daiteke, baina dezente mugituz. Lasaiago ibili nahi baduzu, geratu gustukoa duzun tokian eta gozatu.