Sahara basamortua, urtea agurtzeko

maroko

Zuriñek, Aingeruk eta hirurok basamortuan agurtu genuen pasa den urtea, izarren azpian eta suaren inguruan danborrak joz eta kantatuz. Dena ondo bidean, gauza bera egingo dugu aurten ere, hain izan zen zoragarria esperientzia. Bidaia, ordea, Marrakechen hasi genuen. Amaia urkijo.

 

Bi egunez Marrakecheko lekurik ospetsuenak bisitatu, zoko erraldoian dendaz denda ibili, alde zaharreko kale estuetan galdu eta bertako jakiak dastatu ostean, Omar eta Hamit ezagutu genituen, hurrengo egunetan gure gidari eta bidaide izango zirenak leku zoragarrietan: Ouzoudeko ur-jauziak, Goi Atlasa, Dadeseko eta Todrako arroilak... Alta, gure helmuga Merzouga zen. Eta asmoa, urtea basamortuan amaitzea.
Egun osoko bidaiaren ostean, erabat ilunduta zegoela iritsi ginen Omarren familiaren aterpera. Kontatu zigunez, errepidea bertan bukatzen zen Omar txikia zenean eta han ezagutu omen zituen lehen atzerritarrak, harean hondoratzen ziren autoen gurpilak ateratzen laguntzen zietenean.
Duna Handiak aterpean
Hurrengo goizean kanpora gosaltzera atera eta… hantxe genuen basamortua, Duna Handiak aterpearen parean. Hipnotizatuta bezala geratu ginen itsasoa bezain lasaigarria zirudien paisaia hari begira.
Urteko azken eguna zen eta Merzougako inguruak ezagutzen hasi ginen. Lehenengo bisita Senegaleko esklaboen ondorengoen etxera izan zen. Gaur egun musikariak dira, euren herrialdeko erritmo eta doinuak eskaintzen dizkiete turistei, ondoren CD-ak saltzeko esperantzarekin. Hori bai, betiko moduan, lehenengo gauza tea eskaintzea izan zen. Patioan jesarrita, emanaldiaz disfrutatu genuen, eta, bukaeran, CDak erosi genituen, noski.
Nomaden haimak ere bisitatu genituen. Lautada zabal-zabal eta idor-idor batera heldu ginen, mortua. Haimak elkarrengandik oso bananduta zeuden.  Omarren ezagunak ziren bertakoak eta, ailegatzear ginela, bisitatuko genuen haiman ama-semeak bizi zirela azaldu zigun. Senarrak, umea izan eta gutxira, beste bi emakume gazteagorekin ezkontzeko bota zituen etxetik (haimatik) eta hantxe geratu ziren, kalean, baliabiderik gabe. Herritarrek emandakoarekin haima berria altxatu eta bertan bizi dira. Autotik atera ginenean, nolabaiteko shock egoeran geratu ginen, bihotza uzkurtuta: familiaz genekienaz gain, buztinez egindako etxolatxoa, oihalezko haima bi, pare bat oilo eta hautsa inguruan... Nola barneratu han bizi daitekeenik? Amak lurrean botata zeuden hainbat koltxoitan jesartzera gonbidatu gintuen eta, nola ez, tea atera zigun. Orduantxe hurbildu zitzaigun umea: kontatu zigun (Omarrek egiten zituen itzultzaile lanak) ez zuela eskolara joan nahi, baina herrira hurbildu nahi zuela han ez baitzegoen umerik jolastu ahal izateko. Motxilan generamatzan gozokiak atera eta eskukada bat eman genion. Haren irribarreak hasierako tristurak aldendu zizkigun, eta askotan entzundakoa bizitzeko aukera izan genuen: zenbat emateko prest dagoen gutxien daukana! Gozokiak hartu eta korrika hurbildu zitzaien bisitan joandako ezagun biri, zertara eta gozokiak eskaintzera! Une goxo eta ahaztezina.
Berriro autoan, nomaden zonaldea atzean utzi eta belar pixka bat ikusten hasi ginenean, hara!: asto talde bat, non eta basamortuan! Putzu batera hurbildu eta edaten ematen hasi gintzaizkienean, guzti-guztiak hurbildu ziren. Txangoa bukatuta, bazkaldu, motxila prestatu eta bidaia kontratatu genuenetik gehien espero genuen unea heldu zen: dromedario gainean igo eta urtea basamortuan bukatu.
Agur zoragarria urteari
Dromedarioak aterpearen sarreran zeuden, zakutoak beteta, gure zain. Gu hirurokin batera, bikote italiar bat etorri zen. Ez pentsa dromedarioek, Kanarietan bezala, aulki handiak dituztenik, ez: maindireak, soka batzuk eta burdinazko helduleku txiki bat. Haiek komeriak gainera igo eta martxan jarri ginenean! Aurretik Mohamed (basamortuko gure gidaria, Omarren aita) eta atzetik bost dromedarioak, bata bestearen atzetik, sokatxo batez lotuak, eta gu han goian (benetan altuak dira animalia hauek!). Balantzaka, nola jesarri asmatu ezinik hasi genuen bidea, baina berehala ohitu eta paisaiaz gozatzen hasi ginen: hareazko mendi eta mendixkak, dromedario ilarak, eguzkiak sortutako argi-itzalak… Gaua sartzen hasia, haimara heldu ginen eta, ohiturari jarraituz, berehalaxe geunden mahai inguruan te beroa eskuetan. Elkar ezagutzen hasi ginen, egindako bidaia elkarri kontatzen, eta, konturatu gabe, ailegatu zen afaltzeko ordua. Mohamedek egindako tajima eta kuxkuxa bukatutakoan, kanpora irten ginen. Handik gutxira, Hamit, Omar eta honen anaia Sait igo ziren aterpetik gurekin egotera.
Sinestezina ematen zuen, baina bai, hantxe ginen, basamortuan, inoiz ikusi gabeko zeru izartsuenaren azpian, suaren inguruan danborrak jotzen, gure herrietako abestiak kantatzen, sekula hartu dudan ardo zuririk hotzena edaten... Bai, sutatik metro bat aldenduta, sekulako hotza! Ez ziren bi gradu baino gehiago egongo.
“Foto du solé!” esanez esnatu gintuen gure Mohak (horrela deitzeko baimena eman zigun). Azkar batean jantzi eta dunan gora egin genuen eguzkiaren sorrera ikusteko. Kostata heldu ginen gora, baina merezi izan zuen: 2014ri hasiera emateko modu ederra!
Aterpera itzulita, gosari bikaina, dutxa beroa eta prest ginen Omar eta Hamitekin osteratxoa egiteko. Risaniko azokan bereberren pizza (haragi xehatua eta tipula opil handi baten barruan) erosi eta Duna Handien parean bazkaldu genuen. Arratsaldean inguruko fosil tailer bat bisitatu eta aterpera berriro. Patiora atera (beste turistak egongelan zeuden) eta, gauean joko zituzten danborrak berotzeko, sua piztu genuen. Poliki-poliki etxeko gehienak hurbildu ziren (anaiak, koinata, aita, lagun pare bat...) eta orduak eman genituen Ali lagunaren istorioak entzuten, gidari izan zen garaikoak. Hurrengo goizean, begiak bustita agurtu genituen guztiak, itzuliko ginela esanez. Beraz, plan guztiak ondo badoaz, 2014 ere Merzougan bukatuko dugu!