Karibeko harribitxia

kuba

Kubak, Karibeko irlen artean ederrenetarikoak, oporrak igarotzeko hainbat modu eskaintzen ditu. Gureak motxila bizkarrean ibiltzea eskatu zigun, batetik bestera mugituz, ibilbidean kultura eta historia ekologia eta naturarekin nahasteko. ANA CASTRO.

 

Habanatik abiatu eta irlari bira emanez, uhartearen eta biztanleen xarma eta magia ezagutu genituen. Hilabeteko egonaldiak leku eta pertsona asko ezagutzeko beta ematen du, baina ezin denak kontatu hemen; hortaz, bisitatu genituen toki batzuk labur aipatzera mugatuko gara.
Habana: malekoia baino gehiago
Hezetasunera eta ordu aldaketara oraindik ohitu gabe, kale kantoietan galdu eta Habana Zaharra deskubritzea plan atsegina da. Kubako hiriburua alaia eta dinamikoa da. Gainera, bisitatu beharreko hainbat txoko dauka: Kapitolioa, San Kristobal katedrala, Bacardi eraikina, Plaza de Armas delakoa… Historian murgildu nahi dutenek derrigorrezko hitzordua daukate Iraultzaren Museoarekin eta Plaza de la Revolución izenekoarekin.
Atseden hartzeko eta rona dastatzeko, sona handiko tabernak eta jatetxeak (paladares) daude: La Bodeguita del Medio, El Floridita... famatuak dira Ernest Hemingway idazlearen bisitengatik. Halere, badira leku merke, hobe  eta “kubatarragoak”.
Ilunabarrean, lasaigarria da olatuak malekoiko harresien gainetik apurtzen sentitzea eta gazteak arrantzan ikustea, baita 1950eko auto zahar eta ikusgarrien joan-etorrian galtzea ere, edota, ordu txikitan, mojito freskagarria eta mendafinaren usain gozoa kezkarik gabe dastatzea.
Viñales: irlako paisaia zirraragarrienak
Habanako zalapartatik ihes egin eta azukre zelaietan murgildu ginen. Tabako hostoak lehortzen ikusiz, berehala maitemindu ginen Viñales haranarekin: mogote izenekoak (kareharrizko mendixkak), ur-jauziak, leizeak... ezin agur esan Viñalesi horien artean txangoa egin barik. Ezta egarria asetzeko bertako guarapoa (azukre kanaberaren zukua) dastatu gabe ere!
Turisten artean hain ospetsua ez den Guahanacabibes Parke Nazionala bisitatzea ere merezi du. Irlaren mendebaldeko muturrean, landareak eta animaliak dira nagusi: iguanak, dortokak, askotariko hegaztiak, karramarroak errepideetan manifestazioan... Mexikoko Golkoko ur beroetan bainu ederra hartu genuen, Las Tumbas hondartza bakartian. Parketik hurbil, urpekaritza praktikatzeko txoko bikainak daude, esaterako, Maria La Gorda. Bahía de Cochinosekin batera, urpean ibiltzeko tokirik aproposenetarikoa.
Cienfuegos: izozki baten zain
Egun bateko bisita nahikoa da hiriko txokorik esanguratsuenak bisitatzeko. Hiri honetan, Coppelia izozki denden katea deskubritu genuen. Kubatarren artean, izozkiek (eta, zehazki, denda honek) sekulako arrakasta daukate: ordubete baino gehiago itxaroteko pazientzia dute, prezio onean eskura daitezkeen izozki bola batzuen truke.
Trinidad: son kubatarraren sehaska
Zuloz betetako harrizko kaleek bizia ematen diote herriari. Trinidadeko etxe kolonialak eta beren patioak bereziki ederrak dira. Ez dago gaua kubatarren etxeetan ematea bezalakorik Kuba eta bertoko bizimodua ezagutzeko!
Gerria eta aldakak saltsaren erritmoan mugitzen saiatu nahi? Plaza Nagusian zuzeneko musika egoten da gauero. Biharamunean, axubetarik ez baduzu, txangoa egin dezakezu Escambray mendietara.
Sierra Maestra: iraultzaren bihotza
Zaila da Kubaren historiari buruz Granma probintziarena aipatu gabe hitz egitea. 1868an, Manuel de Cespedek bertatik abiatu zuen independentzia lortzeko mugimendua. Eta XX. mendeko 50eko hamarkadan Fidel Castro eta beste 81 iraultzaile Batistaren erregimenaren aurka matxinatu zirenean, kuartel nagusia (La Plata komandantzia) Sierra Maestra mendilerroan ezarri zuten. Radio Rebeldek ere bertatik emititzen zuen.
Egun, parke nazionala da, turistentzat irekia: Castroren etxebizitza izan zena ikus daiteke, baita Guevararen ospitalea ere. Hainbat ibilbide egin daitezke oinez inguru honetan. Ezagunena Pico Turquinorako igoera da, alegia, Kubako mendirik garaienera.
Santiago de Cuba: inauterien erritmoan
Eskualde hau ere historiari oso lotua dago. Lehenengo geldialdia La Moncada kuartelean egingo dugu. Honi eraso eginez eman zioten hasiera iraultza kubatarrari 1953ko uztailaren 26an. Azkenean, 1959ko urtarrilaren 1ean lortu zuten Batistaren erregimena suntsitzea.
Bigarren geldialdia: San Pedro del Morro gotorlekua. Argazkilarientzako paradisua, hiriaren argazkiak atze-oihal ederrarekin (Sierra Maestra) ateratzeko.
Uztailaren azken astean inauteriak ospatzen dituzte. Kaleetan konga doinuak, desfileak, jana eta edana... izaten dira nagusi. Ospakizun horretan, maskota eta guzti ibiltzen dira: Chaguito!
Baracoa: kakaoa eta kokoa
Guantanamo entzun eta, zoritxarrez, guztioi etortzen zaigu burura AEBetako gobernuaren basea. Guk nahiago dugu eskualde honetako paisaia tropikalari buruz mintzatu: Baracoaren xarma koloniala, Yumiri ibaiaren iturburua, Yunque mendia eta hondartza… Zein inguru zoragarriak! Baracoa hiri lasaia da, baina uztailaren 26ko jai nazionalarekin zeharo aldatzen da kontua.
Inguruetako fruta da irlako onena (bertokoen hitzetan, behintzat), eta kokoa eta kakaoa dira produkturik garrantzitsuenak. Inguruetan txokolate lantegi bat dago. Gozokirik tipikoena dastatzera animatzen zaituztegu: kukurutxoak (kokoz eta azukrez egindako nahaskia palmondo hostoetan bilduta, kono formaduna). Gozozaleentzako paradisua, beraz, Baracoa!
Santa Clara: “Che bezalakoak izango gara”
Hiri honetako lekurik interesgarriena Ernesto Che Guevararen mausoleoa da. Sartzeko sekulako ilara luzean itxaron ostean, eguzkitan, tripa ongi betetzeko plan bikaina da paladar batera joatea. Erdigunean, La Bodeguita del Centro dago. Taberna honetako hormak bezeroen mezu eta marrazkiz beteta daude,  Habanako Bodeguita del Medioren antzera. Komenigarria da kubatarren karta eskatzea, askoz ere merkeagoa baita. Jai giroan ibiltzeko (gure kasuan, urtebetetze bat ospatzeko), leku aparta da Mejunje kluba.
Lagun kubatarrekin gau zoragarria pasatu eta gero etxera bueltatzeko eguna heldu zen. Motxila bizkarrean, Santa Claratik Habanara bueltatzeko eguna, Karibeko harribitxiari agur (edo laster arte) esateko unea.