“Non den futbolaren esentzia? Bada, 3. mailan edo”

arrasate

Jagoba Arrasate

Jagoba Arrasate futbolaria (Berriatua, 1978) 16 urterekin heldu zen Zubietara. Realaren harrobian, baina, gorako biderik topatu ez eta 2.B eta 3. mailetako beste talde batzuetan jokatu zuen, futbola Lehen Hezkuntzako irakaskuntzarekin uztartuta. Botak utzita, jaioterriko taldea entrenatzen hasi zen, eta Elgoibarkoa gero. Azkenean, Zubietara itzuli zen, jubenilak bi urtez entrenatzera. Orduan bai, Montanierrekin aurkitu zuen lehen talderako bidea. 13/14 denboraldian haren ardura nagusia hartzean, LFP-ko entrenatzaile gazteenetakoa bihurtu zen. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

 

Nolatan Realzalea ume bizkaitar bat?
Aita Mutrikukoa dut eta ume-umetan eraman ninduen hango taldera, Debako hondartzan joka nezan, Atotxara ere bai... Berak transmititu zidan sentimendua, beragatik naiz Realekoa.
Literatur kritikaria idazle frustratua ei da. Entrenatzailea, futbolari frustratua?
Ni pozik nago jokalari egindako ibilbidearekin, gora heldu ez arren: disfrutatu egin nuen, oso momentu onak pasatu, lagun piloa egin... Entrenatzaile lanetan gorago iritsi naiz, baina ez dakit jokalari frustratua naizen... Hori bai, bokazioz naiz entrenatzailea. Jokatzen nuenean ere hainbat konturi erreparatzen nion zelaian, jokoa zuzentzeko, entrenatzaileari laguntzeko... Inor ez da bihurtzen entrenatzaile egun batetik bestera.
Ibilbide luzea duzu aurretik. Imajinatzen duzu zeure burua Bartzelona edota Real Madrid bezalako talderen batean?
Ez, entrenatzaile gaztea izan eta lehen mailan egoteak ez du esan nahi urte asko egingo dudanik horrela. Realean oso gustura nago, neure taldean eta lehen mailan, baina futbolean ezin da oso urrun begiratu. Ez dakigu zer pasatuko den datorren urtean, edo hemendik bi urtera. Orain gozatu egin nahi dut, bizipen hau ahalik eta gogotsuen bizi. Hortik aurrera... entrenatzen jarraitu nahiko nuke, baina ez da nire ametsa Madril edo Bartzelonara joatea, Realarekin urte askoan egon eta gauza politak lortzea baizik.
Denboraldi amaierara iritsitako entrenatzailea, rara avis?
Entrenatzaileok esaten dugu beti eduki behar direla maletak prest. Beti esaten dizute proiektu bat dagoela, baina, gauzak okertzen direnean, kanporatzen lehena entrenatzailea izaten da. Gaur egun toki batean bi urte, edo hortik gora, egitea oso gaitza da, oso pazien-tzia gutxi dago.
Golak, ordea, ez dituzte jokalariek sartu behar?
Bai, baina gu jokalarien eskuetan gaude. Azken batean, eurek maila ona erakusten badute, entrenatzailea hobetu egiten dute, eta alderantziz: jokalariak ez badabiltza ondo, entrenatzaileak txarragoa dirudi. Beti da errazagoa entrenatzaile bat botatzea hogei jokalari baino, talde guztiek egiten dute berdin. Futbolak badu ezinegon puntu bat, batez ere inguruagatik: pare bat emaitza txar dagoenean, dena ipintzen da kolokan.
Gogor kritikatu zaituzte sektore batzuek, zelan eramaten da hori?
Nik arreta handiagoa jartzen diot eguneroko beharrari, hau da, gehiago aztertzen dut zelan hobetu, ondo eta txarto egiten duguna... nahiz eta jakin kanpoan badaudela kontrako hainbat iritzi, hori onartu beharra dago. Jarri nindutenean, ez ninduten ezagutzen, hortik etorri ziren kritikak. Gero gauzak ondo joan ziren, baina denboraldi amaieran batzuk gehiago egin behar genuela esaten ibili ziren. Hori guztia heldu egiten zaizu, baina pixka bat isolatu beharra dago benetan jakiteko zerk egingo gaituen hobeak, horretan buru-belarri saiatzeko. Sare sozialetakoa, berriz, puztutako errealitatea da: hogei badira, bi mila dirudite; garrantzi handiegia ematen zaie. Nik ez dut uste horrenbestekoa dutenik, azken batean, anonimotasunean babestuta, edonork idatz baitezake edozer. Hor dagoen iritzi korronte bat dela onartu arren, ez zaie jaramon handiegirik egin behar.
Realeko jokalari batzuk joan egingo dira. Ez du amorrua ematen kirolari bat prestatu eta, futbolari distiratsu bihurtutakoan, alde egiteak?
Realak hori onartuta dauka. Alde batetik, amorru puntu bat ematen du, taldeak baliabide guztiak jarri dituelako jokalari horrek urratsak ondo eman ditzan. Bestetik, poza ere bai, talde askok nahi dutelako zeuk behe-behetik goraino eraman duzun hori. Halere, bat joaten den moduan, etorriko da beste bat harrobitik. Realak beti eduki du argi filosofia hori: lehenengo etxean begiratu eta, hor behar dena egon ezean, beste nonbait bilatu. Belaunaldi guztiak ez dira berdinak, baina beti atera dira jokalariak harrobitik. Realak beti zaindu du oso ondo hori. Eta neu ere harrobiaren defendatzailea naiz, jakina.
Zer da pozgarriagoa: gazteak trebatzea ala taldea futbol-zelai handietan zuzentzea?
Entrenatzailearentzat garrantzitsuena taldea da, edozein taldetan eta edozein mailatan. Harrobian bi urtez egon naiz gazteekin eta poza ematen du jokalarien eboluzioa ikusteak, zelan hobetzen diren eta zelan prestatzen diren, lehenengo Sanserako eta gero lehen mailarako. Oraingoa oso ezberdina da, domeketan irabazteak baino ez du balio. Orduan, asetasun maila ezberdina da: gazteekin agian entrenamendu batek asko asetzen zaitu; hemen, domekan irabazteak eta horrek dakarren lasaitasunak.
Umeen futbol partidetan, gurasoak haserre bizian. Futbol profesionala negozioa bada eta umeena horrela badago, non dago benetako futbola?
Lehen mailako futbolak gauza asko ditu futboletik aparte, eragin txar asko ere bai, eta hori behe mailetan islatzen da. Badaude begirale prestatuak, baina azkenean gehiago agintzen du guraso batek. Horrek semeari, alabari, arbitroari... edozer esatea goitik datozen eragin txarren ondorioa da. Horri buelta eman behar zaio, kaltegarria baita futbolarentzat. Futbola jokoagatik gustatzen zaigu, baina goian ez da jokoari buruz berba egiten. Telebista saio gehienak morboaz aritzen dira, ez jokoaz. Non den futbolaren esentzia? Bada, 3. mailan edo. Gorago, negozioa da; beherago, eragin txarrak daude: umeek ez dakit noren botak nahi dituzte, gola sartu eta ospatzeko keinu bereziak egiten dituzte... Futbola desbideratzen ari da. Begiraleez gain, gurasoek zeresan handia dute, oso garrantzitsuak dira, onerako zein txarrerako. Ea zuzentzen den, baina ez da erraza.
Zaila da “milioidun goiztiar” (Marcelo Bielsaren esana) koadrila bat kudeatzea?
Askotan, 19-22 urte bitarteko jokalariak izaten dira, eta heldutasun puntu bat falta zaie. Bat-batean, ospetsu bihurtzen dira: prentsan agertu, autografoak sinatu, kontu korronte potoloa... hori dena kudeatzea ez da erraza. Hor ikusten da benetan nor den heldua edo nork eduki duen heziketa ona, etxean zein eskolan. Milioidun goiztiarrarena agian ez da orokortu behar, baina kasu askotan hala izaten da.
Futbolari gazteek badute pribilegiatuak diren kontzientzia?
Batzuek bai. Gurean, behintzat, jokalari askok badakite errealitatetik kanpo bizi direla, koadrilakoak langabezian edo pote bat ordaindu ezinik dituztelako. Errealitate hori bizi dute eta pribilegiatuak sentitzen dira. Beste askok, berriz, badakite jendearen ilusioa edo motorra direla. Horrelako jendea, zorionez, badaukagu. Izan ere, gaur egun, jendartea dagoen bezala egonda, Realak irabaztea edo poz bat ematea oso garrantzitsua da askorentzat. Gu kontziente gara iaz Lyonen edo Manchesterren jokatzea dirutan ordaindu ezin den zerbait izan zela jende askorentzat. Geuregatik egiten dugu, profesionalak garelako, baina jakin badakigu, halaber, jendearen ilusioaren motorra garela. Jende askorengana heltzen gara, pertsona horien  egunerokotasunean gaude. Haatik, beste jokalari batzuk ez dira ezertaz konturatzen, inkontzienteak dira. Pentsatzen dute denak eurak bezala bizi direla. Halakoak ere badira, zoritxarrez; ez asko, baina egon badaude.
Zelan prestatzen da entrenatzaile bat?
Entrenatzaileok beti egon behar dugu birziklatzen. Bakoitzak bere metodoa eta estiloa ditu, baina beti egon behar da prest hobetzeko, informazioa besteekin partekatzeko, zer hobe daitekeen, zer ez aztertzeko... +++etengabekoa3 da. Jokalaria entrenamendua bukatu eta etxera joaten da, ez da hurrengo egunera arte kezkatzen. Aldiz, entrenatzailea 24 orduz egoten da entrenamendua prestatzen, ondo ez dagoen jokalariarengan pentsatzen... Bila joan barik ere, burura etortzen zaizu hori guztia. Ohean, etxean edo emaztearekin zaudenean, 24 orduz buruari bueltaka, nahi duzunean eta nahi ez duzunean, etorri egiten zaizulako.
“Gizarte manipulatu baten kezka nagusi bihurtu arazi naute” (Julio Soto bertsolaria, futbolaz).
Hori egia da, futbola erabili egiten da, komeni delako. Lehen esaten zen Real Madridek irabazi ondorengo astelehenean igo egiten zela Espainiako produkzio maila. Atera kontuak noraino heltzen den eragina. Jendartea dagoen moduan, futbola hainbat gauza estaltzeko erabiltzen da, bideratu egiten dute ihesbidea izan dadin jendearentzat, onerako zein txarrerako. Ez zait gustatzen horren parte izatea edo erabilia sentitzea; baina gero, ikusten duzunean aldagelan 25 lagun dituzula entrenatzeko, segituan jartzen zara lanean, hori, behintzat, benetakoa delako. Geure artean daukaguna oso benetakoa da, bete egiten zaitu, kanpoan esango denagatik erabilia sentitu arren.
Helena Costa, gizonezkoen futbol talde profesional bat entrenatuko duen lehen emakumea...
Jendea asko harritu da, baina ni ez nau ustekabean harrapatu. Ikastaroetan ikusten da neska asko dabiltzala entrenatzaile izan nahian, eta asko daude prestatuta. Karrera bat ikastea bezalakoa da, hiruzpalau urte behar dira eta ikasgai asko izaten dira. Ez dut harritzeko motiborik ikusten. Lehenengoa dela? Hemendik urte batzuetara normaldu egingo da hori. Agian ez dira gizonezkoak beste izango, baina prestatutako emakume gehiago helduko dira maila profesionalera. Ez dut txarto ikusten, normala iruditzen zait.
Euskara erabiltzen duzue Zubietan? Edo estrategia gisa, arerioak ez ulertzeko?
Ez estrategia moduan bakarrik, era naturalean erabiltzen dugu. Hemen jokalari euskaldun asko daude eta euren arteko harremana, baita nirekin ere, euskaraz gauzatzen da. Gainera, kontziente gara partida barruan agindu bat euskaraz ematea abantaila txiki bat izan daitekeela. Era naturalean erabiltzen hasi ginen, baina estrategia ere bihur daiteke.
Bertsotan ere egiten omen duzu...
Tira... lekuaren edo giroaren arabera, bai. Bertso eskolan Jon Lopategi izan nuen irakasle. Beti jarraitu izan dut eta, ofizialki abestu ez arren, sasitxapelketaren batean parte hartu izan dut. Lagun artean ere gustatzen zait, bai abestea, bai saioak entzutea.
Orduan, egiguzu denboraldiaren balorazioa zortziko txikian...
Bertsoa botatzeko
orain berehala
baloraziotxo bat
hemen nola-hala.
Urte exijentea
ez da izan makala,
ni gustura nago eta
baita ere Reala!

 

KOLKOTIK

Zergatik gustatzen zaizu entrenatzaile izatea? Futbola, jokoa, gustatzen zaidalako, eta dakidan hori beste batzuen artean zabaltzea. Bi urteko alabak inoiz Reala ez den beste talde batekoa dela esango balizu... Momentuz beti dabil “Aupa, Real!” esaten, baina egunen batean beharbada ez zaio futbola gustatuko, eta nik ez dut ezertara bultzatuko. Nahikoa daukat, sobera, bera pozik ikusita. Topikoak: futbolarien erantzunak ala kazetarien galderak? Frogatuta dago kazetariek beste era bateko elkarrizketak egiten dituztenean, jokalariek beste era bateko erantzunak ematen dituztela. Denetarik egon daiteke, baina gehiago da kazetarien kontua. Futbola ez den beste kirol bat? Denak, oro har, baina zesta-punta asko gustatzen zait. Asko ibili naiz frontoian, lagun puntistak ditut. Zerk alaitzen dizu eguna? Alabaren irribarreak, esnatu eta nigana etortzeak besarkada bat ematera. Hori nahikoa dut egun osorako. Entrenatzaile bat? Manix Mandiola, lau urtez egon nintzen berarekin. Futbolari bat? Mikel Aranburu. Bertsolari bat? Andoni Egaña. Zer da zailagoa: Old Trafford-eko presioa jasatea ala BEC-en bertsoa botatzea? Niretzat, BEC-en bertsoa botatzea, batean egonda nagoelako eta bestean ez naizelako inoiz egongo! Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea? Realak titulu bat irabazi duela, edozein, ez gaude-eta aukeratzeko moduan. Zer duzu buruan bueltaka? Erregearen Kopako finalerdietan Mascheranok Velari egin zion penaltia. Gauetan gogoan izaten dut oraindik.