Euskara

Frantziako Gobernuak dio ezin duela Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna berretsi

Aude departamenduko Roland Courteau senatariaren idatzizko galderari erantzunez, Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna berrestea ezinezkoa dela jakinarazi du Aurelie Filippetti Frantziako Kultura eta Komunikazio ministroak. Ituna berresteak Frantziako Konstituzioaren lehen eta bigarren artikuluen kontra egingo luke, haren esanetan. Berez, 1999an sinatu zuen Frantziak ituna, baina harrezkero ez du berretsi. Horretarako, konstituzioa aldatu beharko litzateke, hala erabaki baitzuen Frantziako Konstituzio Batzordeak. Presidente bihurtu aurreko hauteskunde kanpainan, ituna berresteko konpromisoa azaldu zuen François Hollande egungo presidenteak, baina, oraingoz, hitza jan du. Hala eta guztiz ere, ministroak nabarmendu du hizkuntza gutxituekiko konpromisoa betetzeko xedearekin aholku batzordea  abian jarri dutela. Halaber, urtea amaitu baino lehen “Frantziako hizkuntzen adierazpen eremuak” zabaltzeko Gobernuak neurriak hartuko dituela gehitu du. Nolanahi ere, momentuz, ituna indarrean jarri ezean, Frantziak hainbat hizkuntzatako hiztunen eskubideak urratzen jarraituko du. Tartean, euskaldunonak.