Ikastea eta dibertitzea, bat

Opor “luzeen” hasieran daude ume gehienak orain, inoiz amaituko ez direla ematen duen une horretan: datorren ikasturteko eskola egunak urrun ikusten dira, eta igarotakoen oroimena lausotzen hasia da. Guraso batzuek oporraldirako liburuak erosiko dizkiete haurrei, ikasteko ohitura guztiz ez galtzeko; beste aita-ama batzuek erabateko oporrak ematea erabakiko dute, etxean, udalekuren batean edota familiarekin bidaiatuta; eta izango dira, badira, ohiko udalekuak aparteko zerbaiten “ikaskuntzarekin” lotuko dituztenak.  Aisialdia gai jakin batzuen lanketarekin uztartzen duten udaleku horien artean daude orri hauetara adibide gisa ekarritakoak. Dena den, irakastean baino, umeak zerbaitetan zaletzean datza udalekuon xedea. Zertan aritzen diren umeak? Bada, esaterako, bertsotan, ingeniaritzan edota musikan. Eñaut Mitxelena, M. Egimendi, Ivan Santamaria.

“Urtez urte ikusi da sekulako motibazioa dela haurrak gehiago bertso zaletzeko”

 bertsouda

Uztailetik irailera bitartean, 9 eta18 urte bitarteko 226 haur eta gaztek hartuko dute parte Bertsozale Elkarteak antolaturiko 17. bertso-udalekuetan. Adin tarteen araberako bost txandatan, egonaldiak egingo dituzte Irañetan, Arrazolan, Orion, Zuhatzan eta Baigorrin, Bertsozale Elkarteko Transmisio arduradun Ixiar Eizagirrek (Hernani, 1979) zehaztu duenez.

1998an egin zituzten, lehenengoz, bertso-udalekuak. Orduan, Bertsularien Lagunak Elkarteak eta Udal Leku Elkarteak antolatuta, 20 haurrek hartu zuten parte Hazparnen antolaturiko egonaldian. Harrezkero kopuruak aldatu arren, helburuak sorrerako berberak dira: “Udako oporraldia aprobetxatzea, herrialde ezberdinetako ume bertsozaleak elkartzeko eta elkarren artean harremanak egiteko”. Hots, batetik, bertso-eskoletako haurrek udan ere euren zaletasuna sustatzea bertso-eskolan jarrai dezaten; eta, bestetik, bertso-eskoletan ez dabiltzanen kasuan, zaletasuna sortzea beren herriko bertso-eskoletara jo dezaten.

Eizagirrerenhitzetan, “urtez urte ikusi da sekulako motibazioa dela haurrak gehiago bertso zaletzeko. Batez ere, harremanek daukaten indarrarengatik. Beste herrialdeetako haurrekin elkartzen direnean, eta zaletasun bera dutela ikusten dutenean, askoz gehiago lotzen dira bertsolaritzara”. Hala, “nolabait, harreman sare iraunkorra sortzen da. Hori ez zegoen duela 20 urte: nork bere bertso-eskolako errealitatea bizi zuen. Salto handia nabaritzen dugu”.

Helburu horiek direla eta, bertso-eskoletako haurrek izan ohi dute lehetasuna, edota gurasoetakoren bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenek. Gelditzen diren tokiak edonork bete ditzake. Aurten, esaterako, bertso-eskoletako kideak izango dira partaideen % 82: “Txandetan % 50etik gora bertso-eskoletako haurrak izateak bermatzen du taldean gehiengo bertsozalea izatea. Eta hori, lehenbizikoz doanarentzat, zorte handia da, bertsozalea den taldea aurkitu eta horrek kutsatu egingo duelako”.
Nolanahi ere, bertso-udalekuetan parte hartzeko ez da beharrezkoa bertso-eskolei edota bertsolaritzari lotua egotea. ”Asko beldur izaten dira zer egin beharko duten. Ez dute ezer egin behar, norberak nahi duen neurrian hartzen da parte. Zaletasuna sustatzen da, baina ez da inor ezer egitera behartzen, eta, aukera sortzen bada, horretaz disfrutatzeko aukera dute: entzule, gai-jartzaile...”.

Egonaldietan, “egun bakoitzak zentzu edo gai bat izaten du: Erronka Eguna, Euskal Herriaren Eguna... Otutzen zaiena. Horren inguruan, egun osoko egitaraua antolatu eta dinamikak edo jolasak izaten dituzte: jokoak, ginkanak, irteerak...”. Horien baitan, “bertsoa txertatzen saiatzen gara”. Dena dela, txanda guztietan izaten da bertsolaritza tailer bat, “behin ere egin ez dutenek bertsoa nola egin jakin dezaten”. Beste zenbait hitzordu finko ere izaten dituzte; nagusia, bertsolariekin partekatzen duten eguna: “Bi edo hiru bertsolari ezagun joaten dira udalekura eta haurrekin ibili ohi dira jolasean eta ekintzetan parte hartzen. Gauean, bertsotan egiten dute, umeek prestatutako ariketen arabera. Bat-batean aritu nahi duten haurrek ere aukera izaten dute bertsolariekin bertsotan egiteko”.
Kantagintzak ere tarte berezia izan ohi du, Kantagintzaren Egunari esker. Urteon, halaber, Emakunderekin elkarlanean, genero sentsibilizazioa lantzeko eguna gehituko diete udaleku txandei.
Euskalkiei ere arreta berezia paratzen diete bertso-udalekuetan: “Udaleku hauen ezaugarria da, oso polita, eta guretzat garrantzizkoena. Ez dakit zenbat udaleku dauden lapurtarrak, nafarrak, arabarrak, gipuzkoarrak eta bizkaitarrak batzen dituztenak eta, gainera, euskaran ardazten direnak”. Izan ere, haur gehienak bertso-eskoletakoak izaki, “nahiz eta herri euskaldunago edo erdaldunagokoak izan, nahiz eta guraso euskaldunak edo erdaldunak eduki, umeek dagoeneko badaukate hizkuntza-kontzientzia eta ez zaie otutzen udalekuetan gaztelaniaz edo frantsesez hitz egiten hastea. Hortaz, zorionez, ez dago zertan euskaraz hitz egiteko dinamikarik egin. Hori pribilegio handia da”. Hori bai, arreta berezia jarri ohi diote euskalkien nahasketari. Betiere, ikuspegi jakin batetik: “Gure euskalkia edo hizkuntza harrotasunez bizitzea denok, beste ondasun bat balitz bezala”. Inondik ere, nahasketa aberasgarria: “Elkarren arteko harremanari esker, udalekuak asko laguntzen die errealitate soziolinguistiko ezberdinak ezagutzen”.

17 urte bete dituzte bertso-udalekuek, etengabe hezten eta hazten. Arrakastaz. Horren erakusle, bi adibide: batetik, “umeak zirela udalekuetatik pasatakoak dira egungo begirale asko, eta hori oso positiboa da, ondo baino hobeto ulertzen dutelako udaleku hauen filosofia”; bestetik, haurren kasuan, “gehiengoak urtero errepikatu nahi izaten du. Hori da seinalerik argiena”.

 

“Umeek primeran pasatzen dute konturatu barik ikasiz”

udarobot

Jon Beltran (Getxo, 1984) CampTecnologico kanpamentuen koordinatzailea da. Hezkuntza egitasmo honen helburua da zientzia, matematika, teknologia eta ingeniaritzaren inguruko interesa piztea 6 eta 17 urte bitarteko ume eta gazteen artean. Nola? Bada, printzipioz zailagoak diruditen ikasgai horiek era dibertigarri eta praktikoan landuz. Hala, umeek berehala ikusten dute eskolan ikasitako teoriak aplikazio praktikoak dituela.


CampTecnologicok urte osoan antolatzen ditu tailer teknologikoak, baina udan ia egun osoko udalekuak eratzeko aukera ematen du, arratsaldean kirolak gehituta; baita astebete edo bi asteko egonaldiak ere, Sopelako hondartzan surf ikastaroa egin eta Pukas Peña-Txuri Surf eskolak Urdulizen duen baserrian geratuta. Udaleku horretako umeek tailer teknologikoa egiten dute goizez Deustuko Unibertsitatean, eta hango kafetegian bazkaltzen dute. Arratsaldean, Sopelako hondartzara eramaten dituzte surf ikastaroa egitera; eta eguna bukatu eta lotarako, Urdulizko baserrira.

CampTecnologicok bideojokoen eta sakelakoetarako aplikazioen sorkuntza, arte digitala eta robotika tailerrak eskaintzen ditu. Beltranek dioenez, “umeek gustura eta erraz erabiltzen dituzte gailu teknologikoak, baina guk erabiltzaile izatetik sortzaile izaterako jauzia ematea gura dugu, ez baita hain zaila jolaserako baliatzen duten bideojokoaren antzeko zerbait egitea. Tailerretan, besteak beste, sakelakoetarako egindako aplikazioak Google Play Storera igotzen dituzte, Android eragilea daukan edozein lagunek deskargatzeko”.

Umeek “primeran” pasatzen dute kontzeptu konplexuak “konturatu barik” ikasiz: “Funtsean, matematika erabiltzen da robotak programatzeko adibidez, buelta eman dezan sentsoreak horma 20 cm-ra duela detektatzean; baita bideojoko batean bizitzak zelan galtzen diren programatzeko ere. Etengabe ikasten dute, eskola teoriko barik”.
CampTecnologico enpresa pribatua da, baina lotura estua du irakaskuntza arloarekin, ingeniaritza fakultatea duten unibertsitateekin batera aritzen baita lanean: “Eurei nolabaiteko harrobia sortzea interesatzen zaie, etorkizunean gazteek ingeniaritza ikasketak aukera ditzaten; eta gu umeengan gai horiekiko jakin-mina pizten saiatzen gara”. AEBetako eredua kopiatu dute neurri batean: “Han programazioa dagoeneko derrigorrezko ikasgaia da ikastetxe guztietan. Programatzen ikasteak dakar ordenagailu soil batez ia edozer sortu ahal izatea. Oso arlo gutxitan dago, hemen bezala, zerbait hasieratik bukaerara arte eraiki eta funtzionatzen duela ikusteko aukera”. Gainera, “puntako teknologia hurbiltzen diegu umeei, gurea tresna berrien laborategia ere badelako”.

Bestalde, tailer hauek errealitatearen isla3 ei dira: “Herrialde garatuetako biztanle kopuruaren erdia osatu arren, emakumeen % 10-15 baino ez dira aritzen ikasketa teknologikoetan; tailer hauetan berdin gertatzen da”. Horregatik saiatu dira eskaintza egokitzen: “Ikusi dugu neskentzat ez direla hain erakargarriak auto itxurako robotak edo borrokan egiten dutenak. Nahiago dituzte sormenarekin lotutako gaiak, adibidez, eskulanak erabiltzea robotak egiteko, eta horiei bizia ematea motorrak eta sentsoreak jarrita. Edota osagarri teknologikoak sortzea arropa dekoratzeko”. Borroka hau oso garrantzitsutzat dute, “AEBetan bakarrik, 2020. urtera bitartean, milioi bat eta erdi lanpostu programazioarekin lotuta egongo direlako. Lanpostu horiek karrera teknologikoetako ikasleek betetzen badituzte, emakumeek 700.000 lanpostu inguru galduko dituzte”.

Proiektu hau 2011ko udan abiatu zen Zamudioko Parke Teknologikoan, bi tailer eta 250 umerekin. Iaz, ia mila ume ibili ziren Hego Euskal Herriko tailerretan eta aurten, Bilbon, adibidez,14 tailer izango dira aukeran. Gipuzkoan eta Bizkaiko herri batzuetan euskaraz bakarrik egin daitezke, baina gainontzean elebidunak dira.

 

“Gazteek benetako musika talde baten esperientzia izan dezaten saiatzen gara”

ROCK

Helldorado elkartearen eskutik egiten dira Gasteizen urtero Gazterock udalekuak, musikaren munduan erabat murgiltzeko aukera eskaintzen duen aisialdi eskaintza. “Dena hutsetik pentsatu behar izan genuen. Ez zegoen antzekorik beste inon, ez genuen eredurik topatu”. Horrela gogoratzen du Juan Uriartek duela sei urte Arabako Foru Aldundiko Gazteria Sailetik Gazterock udalekuak sortzeko bota zioten erronka. Helldorado kultur elkartearen arduradunetako bat da Uriarte. Gasteizen duten izen bereko areto independentea rock musikaren ezinbesteko topagunea da Euskal Herrian.


Gazteak musikara, eta bereziki rock musikara, hurbiltzeko sortu ziren udaleku hauek. Urtero egiten dira uztailaren 1etik 12ra Arabako hiriburuan, eta 15 eta 17 urte bitarteko nerabeei daude zuzenduta. Gehienak Euskal Herrikoak izaten dira, baina Espainiako beste lurralde askotatik ere etortzen dira. Guztira, 60 gazte elkartzen ditu musikaren abenturak. “Udalekuak, batez ere, musika tresnaren bat jotzen dakiten eta musika gustukoa duten gazteentzat dira. Badakite zerbait jotzen, gutxi bada ere. Gitarra, baxua, bateria, teklatuak... denetarik izaten dugu” azaldu du Uriartek.

Hasieratik ahalegindu dira nerabeentzat erakargarria izan zitekeen formula bat eraikitzen. “Gazteek benetako musika talde baten esperientzia izan dezaten saiatzen gara. Taldeka biltzen ditugu, jatorri eta maila ezberdinetakoak, ondo banatuta egon daitezen”. Prestakuntza plan bat daukate, Frantziako Rock School proiektuan oinarritua. 28 urtez landutako bide-orria da. “Gazteek talde bat osatu eta izena ematen diote. Ondoren, beraien esku geratzen da proiektu hori garatzea eta defendatzea” nabarmendu du Uriartek. Eurek aukeratutako bospasei abestiko errepertorio bat lantzen dute, eta, horrekin batera, era guztietako tailerrak izaten dituzte. “Benetako talde batek eguneroko jardunean dituen eginbehar guztiak izango dituzte”.

Tailerren edukia era askotarikoa da. Beraien taldearen bideoklipa ekoizten dute, baita merchandising osoa ere: elastikoak, afixak6, txapak, etab. Argazkilaritza tailer batean, oinarrizko ezagutzak irakasten zaizkie, euren proiektuan erabiltzeko. Musikaren inguruko alor ugari lantzen dituzte, esaterako, lindy hop rock dantza klasikoa ikasteko ikastaro txikia edo grafitiak. Aurten, beste urrats bat emango dute. “Murtziako talde batek lagunduta, nork bere musika tresna eraikiko du. Ukelele antzeko bat izango da, kontserba lata handi batzuk erabilita. Eraiki ostean, jotzen irakatsiko zaie”.

Oso udaleku praktikoak izaten dira, baina musikaren oinarriak lantzeko aukera ere izaten dute gazteek. “Badugu rockaren historiari buruzko tailerra. Blues hastapenetik orain artekora azaltzen dugu, hamarkadaz hamarkada, eta oso interesgarria izan ohi da” dio Uriartek. Horrekin batera, egun batzuetan solasaldiak egiten dituzte musikari ezagunekin. Enrique Villarreal Drogas, Gorka Urbizu edo Evaristo Paramo izan dituzte bisitari. “Ezagunak diren musikariak ere gitarra merke batekin eta ahal zuten tokian joz hasi zirela erakutsi nahi dugu. Hitzaldi irekiak eta oso lasaiak izaten dira”. Gainera, kontzertu bat ondo ateratzeko behar diren baliabide teknikoei (argiztapena, soinua) buruzko oinarrizko kontzeptuak irakasten zaizkie.

Azken egunean, ikasitako guztia eszenatokian defendatzeko ordua iristen zaie gazteei. Kontzertuan, eurak eta benetako talde bat aritzen dira. Bukaerarako, barneratutako guztia islatu ohi da oholtzan. “Benetan amaitzen dute gazteek oso murgilduta musikari zeregin horretan. Ekintzak parte-hartze maila handia lortzen du”. Hasieran, harrituta geratzen ziren gazte askoren maila eta ezagutzarekin. Haatik, ezagutza handirik ez dutenak edo udalekuetan interes berezirik ez zutenak ere buru-belarri sartuta amaitzen dute. “Madrilgo neska bat etorri zen, oso negatiboa, baina gero hiru urtez jarraian errepikatu zuen esperientzia” gogoratu du Uriartek.

Sei urteren ondoren, udalekuak ondo finkatuta daude. Helldoradoren eskaintzaren parte dira, eta bazkide ugarik laguntzen dute prestaketan. Egindako ahaleginak ere gazteen onespena lortu du, eta hori da garrantzitsuena antolatzaileentzat. “Udalekuak antolatzen dituzten estatuko erakundeen ordezkariak batzarretan biltzen dira urtero, egindakoa aztertzeko. Gazteek nota bat jartzen diote egon diren lekuari. Bi urtetan, notarik altuena jaso duen udalekua izan gara” azpimarratu du Uriartek. Rockaren etorkizunerako belaunaldi berriak irabazi dituzte, gainera.