Inoiz ez dakizu non dagoen muga

arinarinShakti Olaizola
Bihurrikaria

Bihurrikaria ez ezik, akrobata, dantzaria eta margolaria da Shakti Olaizola (Azpeitia, 1987). Arte Ederrak ikasi zituen, eta Bilboko Kukutza gaztetxean zirku diziplinak ezagutu ostean ekin zion akrobazia eta kontortsionismoa lantzeari. Besteak beste, Ane Miren, Lucio Baglivo eta Lila Monti izan ditu irakasle. Hainbat konpainiarekin egin du lan: Disparate, Neska Kabaret, Plataforma Tirante, Zirkuan Zirko... Bere konpainia, Shakti Olaizola, sortu zuen 2011n, eta egun Irakurriz lana aurkezten dabil. Egun, Bilboko Karola Zirku Espazioko kidea da.

 

 

 

Kukutzarik izan ez balitz?
Segur aski ez nukeen zirkua aurkituko, Kukutza izan baita Bilbon zirkuak izan duen sostengua.
Bihurrikaria izateko, gorputz malgua eta altzairuzko borondatea behar al dira?
Berez, errazagoa da malgua izanez gero, baina, adibidez, Ane Mirenek dio berak artikulazioak gogorrak zituela eta landuz eta landuz lortu duela egindakoa. Ni pixka bat malgua banaiz, baina landuz askoz gehiago lortzen da. Niri askotan tokatu zait bakarrik entrenatzea; kristoren borondatea izan behar da egunero entrenatzeko, eta diziplina nahiko berezi hau egiteko.
Dohain bereziak behar dira?
Asko gustatu behar zaizu. Ordu pila bat sartu behar delako eta agian ez delako beste diziplinak bezain esker onekoa. Adibidez, akrobazian, trapezioan... segituan hasten zara gauzak egiten, eta animatu egiten zara. Beraz, gustatu egin behar. Badago erraztasuna duen jendea, baina... lana eskatzen du.

Gorputzak ez dauka mugarik?
Badu, bai. Gure hezurrek eta giharrek badituzte mugak, baina inoiz ez dakizu non dauden. Mugan sartzean, gauza asko jartzen dira jokoan: min hartzeko beldurra eta...
Zirkuan, prestakuntzari dagokionez, gabezia handia dago Euskal Herrian?
Bai. Euskal Herrian bi gauza behar dira zirkua garatzeko: batetik, ikasleak edo interesa duen jendea; eta, bestetik, lekua, ikasle horiek trebatzeko eskolaren bat. Eskola egon daiteke, baina ez badago jenderik... Agian, oraindik ere jende gutxi dago zirkuan interesatua. Eskolaren bat jartzen badugu, agertuko al da jendea? Gainera, krisia dela eta, diru asko kendu diete eskola askori. Baina beno, gauza asko egin daitezke oraindik. Erakundeen laguntza falta da.
Irakurriz. Irakurketa sustatzea baino akrobazia zailagorik ba al da?
Irakurriz ondo ari da mugitzen, jende nahikotxok agertu du interesa. Irakurketa sustatzeko modu originala da. Erraza den? Bada, ez. Gaur egun ez gara oso irakurleak; hori dela eta, niretzat oso interesgarria zen zirkua eta irakurketa batzea, egungo mundu digitalean gero eta gutxiago sartzen diren gauzak direlako. Oso tresna interesgarria da, bai nire aurkikuntzak egiteko, bai sustatzea gustatzen zaidan gaia delako.
Egungo mundu digitalean, zirkuak badu oraindik zer eskaini?
Bai, eta izan behar du. Lehenik eta behin, bere lekua izan behar du, beharrezkoa delako. Jakina, mundu honetan bizi gara ikuskizunak sortzen ditugunok, eta mundu honetara moldatu behar dugu. Nire ustez, jendeak eskertzen du zuzenean bizi eta ikusteko eskaintza. Nik, behinik behin, hori bilatzen dut: ikusleak zuzeneko bizipen horretatik zerbait eramatea barruan.


Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna?
Eguzkiak.
Eta zerk tristatu? Egun grisek.
Zerk haserrarazten zaitu? Trafikoak.
Zerk eragiten dizu barrea? Txisterik tontoenak.
Eta negarra? Lagun bat joateak, adibidez.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Margolaria.
Eta orain, zer ez duzu izan nahi? Bulegaria.
Bizio bat: Musika entzutea.
Zirkuko artista bat: Raphaëlle Boitel.
Plaza bat: Gasteizko Probintzia plaza.

Eñaut Mitxelena