Ikasturte amaierak baditu milaka aurpegi... eta irribarre

bilborockastigarragaEkaina. Ikasturte amaiera. Iragan berri den ikasturteari errepasoa eginez gero, oroitzapen onak izanen dira nagusi, bizipen ugariren topaleku baita euskaltegia. Hala, ikasturteko azken egunak horiek guztiak eta beste ospatzekoak izan ohi dira. Aurten ere, urtero lez, horixe erakutsi digute AEK-ko ikasle eta irakasleek, ikasturtea behar den moduan finitzeko Euskal Herriko hainbat eta hainbat euskaltegitan buruturiko jai eta bestelako ospakizunei erreparatzen badiegu, behitzat. Horren adibide dira orrialde honetan ikus daitezkeen irudiak. Jakina, izandako guztiak ezin orrialde bakarrean bildu, baina izan bitez erakusgarri: urteroko tradizioari eutsita, Bilboko AEK-ko ikasle eta berbalagunek Bilborock aretoan eginiko ikasturte amaierako jaia; Astigarrako AEK-k Hitzkide programako (euskaltegitik kanpo euskararen erabilera bultzatzeko) partaideak omentzeko egindako festa, trikitilari, bideo, bertso, afari eta guzti; VSF-Herrien Bidezko Elikadura elkarteak eta AEKren Praktika Zerbitzuak antolatuta, elikadura burujabetza xede duten esperientziak ezagutu eta jai giroan euskaraz bizitzeko parada eskaini zuen Urduñako Berbalagunen Topaketa; Santurtzitik Sestaora, bertsolari, trikitilari eta orotariko mozorroak lagun, hainbat mintzalagun, piraten antzera, itsasontzi gainean bildu zituen berb@bordaje dibertigarria... Barre adina hitzordu, finean.
Irribarreak eta algarak eskaini zituzten, halaber, Donostiako Irrintzi AEKn eta Goierriko Goiztiri AEKn eginiko sari-banaketek. Donostian, esaterako, Irrintzik antolaturiko II. Euslogan lehiaketako sari-banaketa egin zuten: eusloganeuskaltegiko Lucia eta Libero ikasleek eskuratu zuten labeldun produktuz beteriko saskia, bertoko produktuak sustatzeko asmaturiko leloari esker: Nahi baduzu gozatu, hemengo produktuak dastatu! Ordizian ere umore ona dastatu zuten XXIII. Txiste eta Pasadizo Lehiaketako sari-banaketan. Barrena kultur etxean egindako jaian, Mintzalagunen ikasturte amaierako jaiarekin uztartuta, antzerki emanaldia eta mokadutxoa3 izan zuten bertaratutakoek. Eta, jakina, euren sariak jaso zituzten irabazleek: Idoia Lizarraldek lehen saria, Nagore Etxezarretak bigarrena eta Ordiziako iluntzeko B1 taldeko ikasleek hirugarrena. Hiru txiste irabazleak ezin hemen sartu, baina bat, behintzat, jasoko dugu. Laburrena, bigarren saria jaso zuena:
Nolanahi ere, txisteak irakurtzeko gogoz geratu bazarete, ez kezkatu: 2008tik 2013ra bitarteko txiste saridunak liburuxka batean bildu dituzte Goiztiriko kideek (http://goiztiri.-blogspot.com). Hortaz, heldu barreari, heldu euskarari eta hurrengo ikasturtera arte!