Hizkuntzak

Galesaren alde ere, korrika!

AEK-k antolatzen duen Korrikaren eredua pixkanaka zabaltzen ari da munduko hainbat hizkuntza gutxituen artean. Hala, iragan ekainaren 20an, beste “Korrika” bat gehitu zitzaien euskararen, katalanaren, galizieraren, bretoiaren eta Irlandako gaelikoaren alde egiten diren lasterketei: galesaren aldeko Korrika, Ras yr Iaith (http://rasyriaith.org). Oztopo dezenteri aurre egin behar izan diete Ras yr Iaith-en antolatzaileek, baina, traben gainetik, euren hizkuntzaren aldeko lasterketa egin ahal izan zuten. Hori bai, Korrikaren aldean, berezitasun nabarmenak ditu Galeseko lasterketak. Hasteko eta behin, egun bakarrean burutu zuten. Goizean goiz Machynlleth hiriko parlamentutik abiatuta, arratsean Cardiganen amaitu zuten, 22 kilometroko ibilbidean 9 hiritatik pasa ostean. Lehen edizio honen ondoren, galesaren aldeko lasterketa bi urtetik behin antolatzeko asmoa dute antolatzaileek; hortaz, 2016ra arte itxaron beharko dugu hurrengo hitzordura arte. Hura iritsi bitartean, izan bedi aurtengoa 750.000 hiztun inguru dituen hizkuntza gutxitua suspertzeko lagungarri!