Komunikazioa

Ipar Euskal Herrian, hedabide berria sortzeko egitasmoa abiarazi dute

Ondo bidean, Ipar Euskal Herrian hedabide berria izanen da datorren udazkenean. Iazko abenduan itxitako Euskal Herriko Kazetako langile talde bat hedabide berria sortzeko asmotan baitabil. Dagoeneko lehen urratsak ematen ari da egitasmoa, proiektuaren berri ematen ari baitira Ipar Euskal Herriko hainbat herritan, jendartearen sostengua lortzeko asmoz. Internet eta papera izango ditu euskarri hedabide berriak eta, Euskal Herriaren izaera aintzat hartuta, lurralde osoko informazioa eskainiko du. Proiektua ezagutarazteko lehen hazia erein dute dagoeneko, hedabideberria.info webgunea sareratuta. Horrez gain, uztailaren 10era bitarte hainbat informazio bilkura eginen dituzte. Hurrengo hitzorduak honakoak izango dira: uztailaren 4an Baionan eta Mugerren, 5ean Bardozen eta Maulen, 7an Izuran, eta 10ean Donapaleun. Arestian aipaturiko webgunean eskura daitezke hedabide berriaren xehetasun guztiak.