Herriak

leitzaLeitzako baserriak, metroko geltokiak bailiran

Plano berezi bezain praktikoa sortu du Pablo Feo leitzarrak: herriko baserriak topatzeko aurkibidea osatu du, Londresko metroaren mapa eredu hartuta. Leitzako baserrien kokapena eta haietara heltzeko bideak ezagutzeko aukera eskaintzen du mapak, eta larrialdi zerbitzuentzat arras erabilgarria izan daiteke: medikuentzat, anbulantzientzat, suhiltzaileentzat... Izan ere, herriko baserri eta baserri bideak ezagutzea ez da lan makala. Bost auzotan banaturiko ehun eta berrogeita hamar baserri eta etxe inguru daude udalerrian, eta denak jaso ditu Feok. Bost egunez ibili zen Feo baserriz baserri, etxe, bide eta bidegurutzeen inguruko informazio zehatza jasotzen. Ondoren, hilabete inguru eman zuen mapa osatzen. 1931n Harry Beck ingeniari elektronikoak diseinatutako Londresko metroaren mapa du oinarri. Alegia, munduko metro zerbitzu askotan erabili ohi den mapa eredua. Hala, kolore jakineko linea bakoitzak auzo bana irudikatzen du; geltokiak adierazteko zeinuek, baserriak; eta linea arteko loturek, bidegurutzeak. Feok azaldu duenez, “hasiera batean, batzuk harritu egin ziren, eta beste batzuek ez zuten ulertu”. Baina oso erabilgarria dela ezin da ukatu. Feoren aburuz, “gauza interesgarria da Leitza bezalako herrietan martxan jartzeko”. Mapa herrian banatu du Feok, eta herriko liburu denda batean ere eros daiteke, 10 euroren truke. Dena dela, Flickr gunetik ordenagailura edota sakelakora ere jaits daiteke, doan (http://ttiki.com/57568). Gune horretan, halaber, Feok Leitzako hiriguneko etxeekin egindako hiru dimentsioko planoa ere ikus daiteke.