Txekia

pragaUstelkeria, turistentzako amu

Bisitari ugari jaso ohi ditu urtero Txekiak, nazioarteko turismoaren norako ezagunenetakoa baita. Haatik, Corrupttour izeneko agentziak ezohiko bisitaldiak eskaintzen dizkie turistei: Pragako eraikin ikusgarri eta auzo ederren ordez, herrialdeko ustelkeria kasu nabarmenen berri emateko txangoak egiten dituzte. Hots, gehiegizko kostua izan duten herrilan eta eraikinak, modu susmagarrian aberastu diren pertsona eta politikarien etxe arranditsuak eta beste erakusten dizkiete. Finean, sozialismotik kapitalismora igarotzean ustelkeriak, faboritismoak eta nepotismoak eragindako gehiegikerien adibide diren lekuak, hainbat motatako bisitaldiak eskainita. Izan ere, asko dute ikusteko. Azken urteotan, ustelkeria kasu mordoa azaleratu dute zenbait epaile, hedabide eta norbanakok. Gainera, Transparency International gobernuz kanpoko erakundeak ustelkeria aintzat hartuta munduko herrialdeekin urtero egin ohi duen zerrendan ere, okerrera egin du Txekiak pixkanaka: 2006an 46. postuan bazegoen ere, 2013an 57.era jaitsi zen. Dena dela, ustelkeria turistak erakartzeko biska egokia bada, ez dago zertan Txekiaraino joan halako bisitaldiak egiteko, adibide nahikoa eta sobera badira-eta askoz gertuago…