Animaliak

Koalek zuhaitzak besarkatzen dituzte gorputza freskatzeko

koala
Sargori denean, ur beharra gutxitu eta deshidratazioa saihesteko, zuhaitzen enbor eta adarrak besarkatzen dituzte koalek. Hala, klimatizagailu modura baliatzen dituzte zuhaitzak. Hori ondorioztatu du Melbourneko Unibertsitateko (Australia) ikerlari talde batek, 40 koalaren mugimenduak eta portaera aztertu ostean. Besteak beste, ikertzaileek kamera infragorriak erabili zituzten koalak aztertzeko eta tenperatura aldaketak neurtzeko. Antza, negu partean, adaburuetan ibili ohi dira koalak elikagai dituzten eukalipto hostoak jaten. Haatik, udan, bero sapa izaten denetan, zuhaitzen beheko partera jo ohi dute, enbor aldera. Izan ere, ikertzaileek frogatu dutenez, 39 graduko tenperatura denean, zenbait zuhaitzen azpialdean zazpi gradu baxuagoa izan daiteke tenperatura. Gainera, zuhaitzen zatirik freskoenak ez ezik, espezie egokienak ere hobesten dituzte. Esaterako, euren elikaduraren oinarria eukaliptoak izan arren, espezie freskoagoak nahiago izaten dituzte halako egoeretan, akaziak, kasu. Behin lekuz aldatuta, adar lodienak edota enborrak besarkatzen dituzte, gorputzeko beroa enborrera iragateko. Horrela, sargoriak iraun bitartean, gorputza zertxobait freskoago mantentzen dute, eta deshidratatuta hiltzeko arriskua saihestu.