Zientzia

Emakumezko izena duten urakanek heriotza gehiago sortzen dituzte

urakanAEBetan eginiko ikerketa batek dioenez, emakumezko izena duten urakanek gizonezko izena dutenek baino heriotza gehiago eragiten dituzte. Bitxia dirudi, baina bitxikeriatik gutxi du, jendartean hain hedatua eta barneratua dagoen sexismoa baitago atzean. Proceedings aldizkarian kaleratu dute bi lan ildotan oinarrituriko ikerketa: batetik, 1950etik hona AEBetan izandako urakanen heriotza kopuruak aztertu dituzte ikertzaileek; bestetik, urakanak etorriz gero nola jokatuko luketen galdetu diete mila lagun baino gehiagori, beti ere emakumezko eta gizonezko izenak dituzten ekaitzak bereizita. Emaitza, arestian aipaturikoa: jendeak lasaiago jokatzen du emakumezko izena duten urakanen etorreraren aurrean, ez zaizkiolako hain beldurgarriak iruditzen. Alegia, kontzienteki edo inkontzienteki, sexismoak gidatzen duela euren portaera halako egoeretan. Funtsik gabeko portaera, ikerketak erakutsi duenez. Izan ere, gizonezko ala emakumezko izena eduki, urakanen eragin suntsitzailea bertsua izan zela ikusi zuten ikertzaileek. Haatik, emakumezko izena zutenek, eskuarki, hildako gehiago utzi zituzten. Finean, urakanek emakumezko izena edukiz gero, jendeak ez dituelako hain zorrotz betetzen hartu beharreko segurtasun neurriak. Jokamolde arduragabea, uste sexista bezain funtsik gabean oinarritua. 1978tik, nazioarteko erakundeek emakume eta gizonezko izenak tartekatzen dituzte urakanak izendatzeko (lehenago, emakume izenak baino ez ziren baliatzen, XIX. mendean Clement Wragge meteorologo australiarra hala egiten hasi zenetik). Sexismoa desagerrarazteko egin beharreko lan eskerga ikusita, ez ote da komenigarriagoa bitartean urakanak izendatzeko modua aldatzea?