Bertsolaritza

Gai-jartzaile Eskola abian izango da datorren ikasturtean

gaiUrritik maiatzera bitartean, gai-jartzaileen lana ezagutu eta lantzeko aukera izango da Bertsozale Elkarteak antolaturiko Gai-jartzaile Eskolari esker. Estreinakoz egingo da eskola, eta hiru helburu nagusi izango ditu: gai-jartzaile lan eta ofizioari prestigioa ematea, gai-jartzaileak trebatzea eta gaien inguruko gogoeta bideratzea. Josu Goikoetxea gai-jartzaile gernikarrak zuzenduko du eskola, eta teoria eta praktika uztartuko ditu. Hala, hitzaldiak, eztabaida foroak, tailerrak, ariketa praktikoak eta ikustaldiak egingo dira ikasturte osoan, hainbat gai lantzeko xedearekin: saioen egitura, gaien planteamendua, hitzen ideologia, gaurkotasuna eta lekukotasuna, formulazioa, aurkezpen-lana eta norbere bidea, besteak beste. Era berean, egitasmoaren baitan bi bertso saio egitea ere aurreikusi dute. Orotara, bederatzi eskola egingo dira urritik maiatzera, hileko lehen larunbat goizetan. Gehienak Amasa-Villabonan izango badira ere, Senperen, Iruñean, Gasteizen eta Durangon ere eskola bana egingo dute. Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, 15-20 ikasleko taldea aurreikusten dute. Bertan lekua izango dute txapelketako taldeetan aritu diren gai-jartzaileek, plazan dabiltzanek, bertso-eskoletako kideek eta ofizioa ikasteko interesa duen orok. Izena emateko epea zabalik da dagoeneko eta irailera arte luzatuko da. Informazio gehiago jasotzeko, E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. helbidera idatzi beharko dute interesdunek.