6 Cultural footprint

paiaXabi Paia

XX. mendearen bukaeran, ekologiaren iraunkortasunaren garrantziaz jabeturik, hainbat adituk Aztarna Ekologikoaren Analisia (Ecological Footprint Analysis ingelesez) tresna sortu zuten, gizatalde edo herri batek bizitzeko behar duen Lurraren ondasun kopurua neurtzeko asmoz. Erreminta hark agerian utzi zuen planetako herrialderik boteretsuenak galaxia beteko ondorioak ekar zitzakeen tamainan zebiltzala jokoan, eta handik jaio zen Kyotoko protokoloa: estatuok kutsadura eta munduaren xahutzea murrizteko akordioa. Itunaren xedea, laburki esanda, biodibertsitatea eta planetako ekosistema babestea da. Bada, landareak eta animaliak dauden tokian jar itzazue hizkuntzak eta kulturak… eta orduantxe traza hartuko diozue izenburuko “cultural footprint” edo kultur aztarnari. Munduaren globalizazioa gero eta basatiagoa den garaiotan, inork hartuko ote du planetako bazter bakoitzeko kultur adierazpide eta identitate berezien etorkizuna ziurtatzeko ardura? Galdera horretatik abiatu zuten kultur aztarna neurtzeko proposamena Jordi Baltà-k eta Elna Roig-ek (Jordi duela zenbait urte ezagutu nuen, Europako Forte proiektuaren baitan bertso-eskolak aztertu genituenean), eta aztarna ekologikoa neurtzeko baliabideen konparazioari ekin zioten. Aztergai garrantzitsuak iruditzen zaizkie kultur erresilientzia (gizatalde batek kultur identitatea eta ezagutza kritikoa garatzeko gaitasuna), kultur segurtasuna (pertsona batek bere kulturaren baitan hezi eta elkarrekikotasuna izateko eskubidea) edo kultur arteko ikaskuntza (inguruko kulturen berri izateko beharrizana). Lau oinarri ditu kultur politikak neurtzeko proposamenak: Kultur eskubideen adierazpena, Unesco, Europako Batzordea eta etorkizunerako dibertsitatearen ikuspuntu pragmatikoa landu beharra. Europako kasuan, Batasunak ez baldin baditu aniztasunaren iraunkortasun praktikorako bideak ikertzen, zaila izango da europar identitatea akordio ekonomiko batetik harago eramatea, eta, interesa hori balitz ere, kontinenteak bihar-etzi merkaturatu ahal izango duen lehengai behinena5 mendez mende ondutako kultur aniztasuna izango da.