Noiz arte?

egunkaria

Amesgaiztoak ez du etenik. Egunkaria itxi zuten lehenik eta bigarren sarekada egin ondoren, Egunkariaren diru-kontuak aitzakia. Lehen auzian absoluzioa lortu zuten salatuek, inolako deliturik ez zegoela frogatuta. Baina, halere, auzi ekonomikoak aurrera jarraitu du, nahiz eta ustezko iruzurraren ondoriozko kaltetu nagusiek (Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak) iruzurrik ez zela izan berretsi. Haatik, auzi ekonomikoa artxibatu berri du Donostiako Zigor Epaitegiak, balizko delituak preskribatuta daudelako. Errugabetasuna aitortu ez arren, artxibatzeak lasaitasuna ekarri die, hasiera batean, auzipetuei. Alabaina, Gipuzkoako Fiskaltzak helegitea ipini du, arazo formalak argudiatuta. Hortaz, zabalik jarraituko du auziak, epaitegiek epaiketa egin edo auzia artxibatzea erabaki arte, bederen. Auzia zabalik, eta amesgaiztoa bizirik. Kalteari kalte, formalismo kontuak baino, bestelako arrazoiak sumatzen zaizkion erabakiaren bidez. Minak ez du akaberarik, elkartasunak goxatu badezake ere. Goxotasuna baino, justizia behar, ordea. Eta egia. Alta, oraingoz, ez bata, ez bestea. Noiz arte?