‘Arrakalak’: Kashbad-en disko berria jairik jai

kas

Aurreko lana atera zuenetik 15 urte igaro ondoren, Kashbad taldea Arrakalak disko berriarekin itzuli da, taldea martxan zeneko azken kide berberekin itzuli ere: Txiki, Gorka, Sorkun eta Gorkita. Denbora horretan, ordea, taldekideak ez dira geldirik egon, hainbat musika egitasmotan ibili baitira guztiak, eta hori nabaritu egiten da disko berrian, bakoitzak egindako musika bideak eragina izan duelako taldearen soinuan. Hala, aurreko diskoekin gertatzen zen modu berean, zaila da Arrakalak musika eremu bakar batean kokatzea: rocka, harago joaten diren post rock pasarteak, stoner ukituak, pop kutsuko melodia gozoak, distortsioa edota hardcore oldarkorrez bustitako kantak topatuko ditu entzuleak disko honetan. Bonberenea estudioko entseguetan sortutako abestiak dira, eta bertan grabatu, nahastu eta masterizatu dira urte honen hasieran. Taldeak dagoeneko bukatu du diskoa aurkezteko bira eta festaz festa ibiliko da udan. Uztailean, adibidez, honako herri hauetan joko du: Usurbilen 4an, Errekalden 5ean, Iruñean 13an, Oreretan 21ean, Aretan 25ean, Eskoriatzan 26an eta Algortan 30ean.

 


 

 

inunMIKEL INUNZIAGA INUN kantagileak bere lehen diskoa kaleratu du: Berreginez. Pop estiloko 11 kanta bildu ditu berak ekoitzitako CDan, eta bakar-bakarrik grabatu du, looperra, danbor elektronikoa eta oihartzun ezberdinak egiten dituen pedal bat erabiliz. Orain arte, hainbat proiektutan sartuta ibili da musikari bizkaitarra, baina iazko udan disko propioa egiteko erabakia hartu zuen. Landuak zituen kantak oinarri, diskoa zuzenean grabatu zuen, lanaren eta zuzenekoen soinua ahalik eta berdintsuena izan dadin. Izenburua, berriz, bere burua berregitetik dator: euskara hutsean abesteko erabakia hartu du; gitarraz eta ahotsaz arduratzetik hainbat funtzio dituzten tresna elektronikoak gehitzera pasatu da; eta, looperrari esker, erritmoak eta melodiak berregin ditu.