Nafarroa

Euskaraz bizi eta ikasteko haurren eskubidea aldarrikatzeko ekimena abian da

Nafarroako Euskararen Legearen arabera eremu ez euskaldun eta mistoan bizi diren hainbat herritarrek Euskaraz Bizi eta Ikasi Herri Ekimena sortu dute, egun bizi dituzten zailtasun eta trabak salatzeko eta euren hizkuntza eskubideak bete daitezen eskatzeko. Eremu horietan bizi diren familietako haurrek euskaraz ikasteko dituzten muga eta oztopoak ugariak dira: egunero kilometro mordoa egin beharra, horrek eragindako gastu ekonomikoa... Hala, egungo egoera aldatzeko, eskakizun zehatza egin dute: “Nafarroako Gobernuak Vascuencearen Legea lehenbailehen indargabetu behar du, euskararen ofizialtasuna eta aukera nahiz erabilera askatasunak Nafarroa osoan bermatzeko”. Manifestu batean batu dituzte eskaerok eta, manifestuaren aldeko sinadurak batu ostean, azaroaren 28an aurkeztu zuten ekimena Iruñean. Era berean, ekimenaren lehen hitzordua finkatu zuten Iruñeko agerraldian: abenduaren 14an, arratsaldez, Tafallan egingo dute euskaraz bizi eta ikasteko eskubidearen aldeko manifestazioa. Artaxoa, Noain, Larraga, Lodosa, Zangoza, Villatuerta, Lizarra, Mendigorria eta beste hainbat herritako lagunek osatu dute ekimena, baina ateak zabalik daude parte hartu nahi duten guztientzat. Izan ere, abenduaren 14ko manifestazioaz gain, aurrerantzean ere ekintza gehiago antolatzeko xedez jaio da ekimena.