Teknologia berriak

Gero eta maizago entzuten da kexa: garaia dela behingoz informazio eta komunikazio teknologiei 'teknologia berri' deitzeari uzteko. Informatika, Internet eta halakoak eguneroko ogia dira jada, eta, gainera, nahiz eta sarritan 'berriak' direla pentsatu, haietako asko aspaldi-aspaldi asmatu zituzten.
Esaterako, Wi-Fi edo haririk gabeko komunikazioa. Gehienok pentsatuko duzue oso kontu berria dela, duela 10 bat urtekoa asko jota. Baina haririk gabeko datu transmisioa askoz ere aspaldikoagoa da. Harrigarriro zaharra, egia esateko.
“New Yorkeko negozio gizon batek aginduak diktatu eta berehala jaso ahal izango dituzte Londresko edo munduko beste edozein txokotako bulegoan. Bere mahaitik deitu eta planetako beste edozein lekutan dagoen beste telefono batekin hitz egingo du. Gailu merke batek, erloju bat baino txikiagoak, aukera emango dio, nonahi dagoela ere, harengandik urrun dagoen edonon idatzitako musika edo kantuak, buruzagi politiko baten diskurtsoa edo dena delakoa entzuteko”. Ez, ez dira Bill Gates edo Steve Jobsen hitzak. Nikola Tesla ingeniari kroaziarrarenak dira. 1908. urtean idatzi zituen. Bai: duela 100 urte baino gehiago.
Argindar korronte alternoa eta horretan oinarritutako motorrak eta sorgailuak asmatzeagatik da famatua Tesla. Hari eskertu behar dizkiogu, besteak beste, zentral hidroelektrikoak eta aerosorgailuak. Baina beste esparru batzuetan ere ikerketa lan handia egin zuen, eta gure mundua oso ezberdina litzateke gaur egun arlo horietan garapen handiagoa gertatu izan balitz.
1900. urtean, Tesla Wardenclyffe dorrea eraikitzen hasi zen, New Yorketik gertu. Helburu bikoitza zuen dorreak: alde batetik, datuak, informazioa eta ahots-deiak Atlantikoaren alde batetik bestera garraiatzea, haririk gabe; bestetik, argindarra ere ozeanoan zehar eramateko lehen probak egitea.
Zoritxarrez, Teslak garatuta zituen teoriak gauzatzea oso garestia zen. Dorrea eraikitzen hasi zenerako, Marconi ere hasita zegoen “haririk gabeko telegrafia” garatzen, eta, haren sistema askoz merkeagoa eta liluragarriagoa zenez, inbertitzaileek haren alde egin zuten apustu.
Ez dugu sekula jakingo, baina seguru gaur egungo bizimodua oso bestelakoa litzatekeela Teslaren ikerketek aurrera egin balute: beharbada, bateriarik gabeko eramangarri eta sakelakoak izango genituzke, edo auto elektriko merke-merkeak... auskalo!

 

Loturak, estekak, linkak...

http://is.gd/tesla1900
Teslari eta Wardenclyffe dorreari buruzko informazio gehiago, euskaraz

http://eu.wikipedia.org/wiki/Nikola_Tesla
Teslaren gaineko orrialdea Wikipedian

http://www.thebalde.net/edukia.php?uuid=1131
Bitxikeria gehiago Teslari buruz