Webgunea berritu du AIZU!-k

AIZU

Ikasturte berriarekin batera, webgune berrituarekin dator AIZU! aldizkaria. Hasteko eta behin, gunearen diseinua aldatu dugu, aldizkariko edukiak begi-kolpe batez modu argi, garbi eta errazagoan bistaratu eta kontsultatu ahal izateko. Horrez gain, gunearen bilatzailean ere hobekuntzak egin dira, AIZU!-ren zenbaki zaharragoen kontsulta errazagoa eta zehatzagoa izan dadin. Hala, termino bidezko bilaketak ez ezik, alez aleko bilaketak ere egin ahal izango dira. Horiez gain, aldizkariaren edukiak aberasteko aukerei atea zabaldu die aizu.eus-ek, eta aurrerantzean ikus-entzunezko dokumentuak paratzeko egokieran izango da gunea. Era berean, eta erabiltzaileekiko hartu-emana indartze aldera, sare sozialetan murgilduko da ikasturte honetan AIZU!, eta webgunean bertan ere erabiltzaileen parte-hartzea bultzatuko duten atalak izango dira. Esaterako, erabiltzaileei zuzendutako inkesta, aldiro-aldiro berrituko dena.

 


 

bertsoakInternet bidez bertso pertsonalizatuak erosteko aukera izango dute hala nahi dutenek Bertsoak Opari (www.bertsoakopari.com/) webguneari esker. Iñigo Otegi eta Mikel Larbonak sorturiko atarian, hainbat bertsolari ezagunek egingo dituzte bertsoak, beti ere eskatzaileek emandako eskakizunak aintzat hartuta. Hots, bertso pertsonalizatuak erosi ahal izango dira. Funtzionamendu erraza du guneak: erabiltzaileak aukeran dituen bertsolarien artean bat hautatu, bertsoa egiteko behar duen informazioa bidali eta, ondoren, webguneak bertsolariari informazio guztia helarazi ostean, bertsoa jasoko du eskatzaileak. Bertsoak opari gisa banatzea ez ezik, jendea eta bertsolariak harremanetan jartzea ere badu helburu zerbitzuak, baita bertsolaritza sustatzea ere. Oraingoz, bost bertsolarion artean aukeratu ahal izango dute erabiltzaileek: Anjel Mari Peñagarikano, Sebastian Lizaso, Julio Soto, Beñat Gaztelumendi eta Aitor Sarriegi. Nolanahi ere, aurrerantzean eskaintza zabaltzeko asmoa agertu dute webgunearen arduradunek.