UEMA

uema‘Bertatik bertara’ kanpaina, euskararen amua

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak udako kanpaina jarri du martxan, iaz bezala, gurera etortzen diren bisitariak eta haiekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera gonbidatzeko. Dozenaka udalek eta hainbat garapen agentziak egin dute bat kanpainarekin, euskarak udalerri euskaldunen nortasuna primeran islatzen duela nabarmentzeko. Hala, UEMAk hainbat baliabide prestatu ditu bisitarientzat eta zerbitzu sektoreko kideentzat: tabernetan eta jatetxeetan erabiltzeko mahai gainekoak, sentsibilizazio bideoak eta bisitariek telefonoetan erabili ahal izateko hiztegia, besteak beste. Azken batean, bertoko kulturaz, produktuez eta paisaiez gain, gure hizkuntza ere kalitatea eta hurbiltasuna erakusteko ezinbesteko osagaia dela azpimarratu nahi du kanpainak, egindako inkestek eta ikerketek argi erakusten dutelako bisitari asko berariaz etortzen direla udalerri euskaldunetara, euskara ezagutu eta entzutera.