Dagokidana eskatzearen ordaina jasaten ari naiz

garateJuanma Garate, txirrindularia

Tropeleko txirrindulari beteranoenetakoa eta errespetatuenetarikoa da Garate (Irun, 1976), baina ez da urte erraza bizitzen ari. Aurtengo kontratua berritzerakoan, desadostasunak izan ditu Belkin taldearekin, ez ziolako gizarte-segurantzan alta eman nahi. Azkenean, eta ika-mika askoren ostean, aldarrikaturikoa lortu du, baina denboraldi osoa darama lehiatu gabe. 1999tik maila profesionalean lehian, hainbat taldetan ibili izan da: Lampre, Saunier Duval, Quick Step, Rabobank... Garaipen garrantzitsuak lortu izan ditu, besteak beste, hiru itzuli handietan etapa garaipen bana.

 

Denboraldi guztia lehiatu gabe. Zer moduz?

Minduta. Ez da atsegina. Azkenean, taldearen haserrealdi baten biktima naizela uste dut, besterik gabe dagozkidan eskubideak eskatu ditudalako: gizarte-segurantzan alta eman ziezadatela. Orain, dagokidana eskatzearen ordaina jasaten ari naiz.

 

Hain kaxkarrak al dira txirrindularien lan-baldintzak?

Bai, oso. Tira, ez da inolako sekretua. Kontua da orain artean bakoitzak ahal zuen moduan ematen zuela izena gizarte-segurantzan. UCIk ez ikusiarena egiten du gai horretan, ez du saltsarik nahi. Eurek jartzen dituzte arauak, eta, aldi berean, tranpa markatu: langileei alta eman behar zaiela diote, baina mediku aseguru pribatu eta pentsio-plan bana aurkeztuz gero, aseguru kontuen estaldura justifikatutzat jotzen dute. Baina ez da hala: soldatapeko kontratua izanez gero, enpresak arduratu behar du zutaz. Beraz, esaten dutena benetan bete dadila eskatzean hasten dira arazoak.

 

Maiatzean zenion On Kixoteren moduan sentitzen zinela, alegia, haize-erroten aurka borrokan. Hain handiak al dira haize-errotak?

Noski. Azken finean, biziaturiko sistema baten kontra egiten duzu borroka. Urte asko daramatza sistema horrek modu berean funtzionatzen, beti gaizki. Nik, atzerrian nagoenetik, beti aldarrikatu ditut nire eskubideak, honen guztiaren funtzionamenduaz kontziente naizenetik. Lampre taldean hasi nintzenean, gaztetxoa izanik, ez nintzen erabat nire eskubideen jakitun. 21, 22, 23... urterekin, ez duzu kontu horietan askorik pentsatzen: txirrindularia izan nahi duzu, gogo bizia duzu. Baina urteak joan ahala, zure lan-baldintzei eta eskubideei erreparatzen diezu, eta orduan ateratzen dituzu konklusioak. Nik Quick Step taldean nintzenetik aldarrikatu ditut eskubideok. Rabobank taldean gauza bera, baita Belkinen ere. Azken batean, biziaturiko sistema baten aurka borrokatzen zara, eta azkenean lortu dut dagokidana. Hau da, orain, beste edozein soldatapekoren antzera, gizarte-segurantzaren barnean nago, horrek eskaintzen duen estalduraren barruan. Edozein langileren moduan.

 

Txirrindularitza profesionalean, oro ez da urre?

Inon ez. Nire ustez, ez da bizitzako inolako arlotan. Edozein gai edo esparrutan sakontzean, ikusten duzu gauzak ez direla diruditena. Edonon. Telebistan agertzeagatik ez diozu arazoak izateari utziko, ez da hori. Agian, gehiago izango dituzu. Baina tira, jendeak hori ez du ikusten; txirrindularitzaren alde onei erreparatzen die, telebistaz edo errepidean ikusten direnei: jendea, ikuskizuna... eta kito. Baina atzean lan handia dago. Azkenean, 70-80 langileko enpresak dira taldeak.

 

Tropelean, handiagoa al da batasun eza elkartasuna baino?

Bai. Esaterako, nik izan dudan arazoarekin, ez espero inor ate joka etortzeagaldezka, ea ezer behar ote duzun. Beste inor nire egoera berean egon balitz, neuk ere ez nukeen egingo, nik uste. Alegia, nik inoiz ez diot inori aurpegiratuko ni babestu edo ez babestu izana. Sekulan. Mugida honetan sartu banaiz, jakitun nintzelako izan da, eta banekien bakarrik egongo nintzela. Azken batean, mundu honetan oso azkar bizi gara, beti aurrera begira, alboetara begiratu gabe. Dena oso azkar doa eta zurea begiratu behar duzu, kirol oso-oso sakrifikatua delako, egunaren 24 orduak eskaini behar zaizkiona, eta ezin zara gelditu besteen arazoetan pentsatzen. Zu aurrera zurearekin, eta arazoek ukitzen ez zaituzten bitartean, segi. Zentzu horretan, ez nuen espero inork nire atea jotzea, eta are gutxiago aurpegiratuko diot inori.

 

14 urte profesional. Asko aldatu al da txirrindularitza?

Ufa! Izugarri, azken 14 urteotan jendartea aldatu den moduan. Neurri batean, bat datoz. Lehen, agian, erreferenteak zenituen, nagusiak, idoloak; eta entzun egiten zenien, miretsi, errespetatu. Egun, gizartean, hori galtzen ari da zertxobait. Idoloak ez dira hain idolo, eta nagusiei, erreferenteei, telebistaz ikusi eta gero bat-batean alboan kilometroak egiten zenituen horiei, zitzaien errespetua galdu egin da, ez da existitzen. Egun, maila profesionalean hasi den 20 urteko gaztetxo bati berdin zaio munduko txapeldunaren alboan joatea. Beste txirrindulari bat gehiago balitz bezala ikusiko du. Gainera, askojakin kontuekin iristen dira asko: ez dute inork gauzak erakusterik nahi izaten. Baina beno, egungo jendartearen joera dela uste dut. Txirrindularitzan, gazteek ez dute hain gustuko inork irakastea. Askok uste dute dena dakitela, onak direlako eta amateur mailan lasterketak irabazi dituztelako gora iristen dira, eta uste izaten dute honek modu berean funtzionatzen duela. Baina maila hau ezberdina da eta, behetik iritsitakoan, kilometro-kontagailua 0an ipini behar da, eta begiak eta belarriak ongi ireki. Eta asko ikasi, ez duelako inolako zerikusirik behe-mailetan bizitakoarekin.

 

Ile urdinak errespetatzen al dira tropelean?

Ez, inola ere. Hori historiara pasatu da. Moduak eta moduak ere badaude. Esaterako, ni errespetatua naizela uste dut. Baina begirunea irabazteko moduak zerikusia du. Ezin duzu tropelera iritsi eta, beteranoa zarelako eta zerbait gaizki egiten ari dela uste duzulako, oihuka eta modu txarrean esaten hasi. Modu hezigarrian eginez gero, modu onean erakutsita, ziurrenik errespetatuko zaituzte. Niri balio izan dit, beti. Orain, esaterako, nire taldean dudan lana gazteen alboan egotea da, haiek heztea eta. Bada, zaila da, zeren zenbait gaztek ikasteko gogo handia izaten baitute, baina beste batzuei ezin diezu ezertxo ere esan, urguilu handiegia dutelako.

 

Atzera begiratuta, zerekin geratzen zara?

Agian, kirol honek irakatsi dizkidan balioekin: errespetua, konstantzia, lana, diziplina... Hau guztia gurpil bat dela jakitea: gaur goian egon zaitezkeela, lorian, eta hurrengo egunean berriz ere behean, gora egiteko lan egin beharrean. Hori egunerokora ekarrita, oso baliagarria da. Bizitzan arazoak izaten dira, gurpilaren behealdean uzten zaituztenak, baina badakizu berriro ere gora joango zarela. Baina horretarako borroka egin behar da.

 

Dopinaren inguruko eskandalu ugarien ostean, txirrindularitzak sinesgarritasuna berreskuratuko al du?

Ari da. Txirrindularitzak urteak daramatza modu egokian lanean, oso egokian, eta hori publikoari eta jendeari helarazi behar zaio. Ikus dezatela benetan lan sinesgarria egiten ari dela. Publikoaren errespetua berreskuratzeko, beste kirolek onartu ez dituzten baldintzak onartu ditugu. Kontrol mordoa egiten dizkigute, guk hala onartu dugulako. Onartu dugu iruzurtiekin amaitu nahi dugulako, eta kirol honen sinesgarritasuna berreskuratzeko, merezi baitu. Aldaketa hau guztia bizi izan dugunok gara horren aldeko apustua egin behar dugunak. Urteotan trantsizioa eman da, eta dopinaren aurkako iraultza iritsi da. Denok nahi dugu horrekin amaitu, baina ardi beltzak beti izango dira. Bizitzaren arlo guztietan gertatzen den moduan: ezin duzu eskua sutan ipini denengatik, baina egia da gure irudia garbitzeko lan handia egiten ari garela txirrindulariok.

 

Munduko zale onenak gara euskaldunok ala zilbor handiena dugunak?

Ez, baina egia da zaletasun handia dugula. Ez gara asko, baina zale direnek benetan ulertzen dute txirrindularitza. Belgikan, adibidez, bestelakoa da: jendeak zure argazki bildumak egiten ditu, ongi sailkatu eta zainduak; kromo bildumak eta halakoak... Guk horrelakorik ez dugu egiten, baina adituak gara. Ez gara asko, baina daudenak onak dira.

 

Tropelean serio eta arduratsu ospea duzu. Errepidetik kanpora, gauza bera?

Bai, halakoa naiz. Ez naiz buruarina. Beharbada, bizikleta gainean arduratsuagoa naiz, bizikletatik jaitsitakoan baino. Jaisten naizenean, pailazo samarra naiz, gustuko dut ingurukoei barre eragitea.

 

Itzuli handi gehien egin dituenetakoa zara tropelean. Hobetuko al da marka hori?

Oxala! Baina, oraintxe bertan, ez dut indarrik ProTour mailako talde batean lekua bilatzeko. Jakina, nahiko nuke; ez dut uste nire karrerak halako amaiera merezi duenik, ezta neuk ere, pertsona moduan. Bestelako agurra merezi dudala uste dut, eta nahiko nuke aukera izan beste urtebetez belaunaldi berriei nire esperientzia eskaintzen jarraitzeko. Baina istorio honen guztiaren ondorioz, bizikletari izan diodan maitasuna sentitzeari utzi diot. Dena dela, beste itzuli handirik lehiatuko ez banu ere, lehiatzearekin eta nahi nukeen moduan agurtzearekin nahikoa izango nuke. Lehiaturiko lasterketa azkena izan dela jakitearekin, behintzat.

 

DI-DA BATEAN

 

Zerk alaitzen dizu eguna? Seme-alaben irribarreak.

Eta zerk tristatu? Oraintxe, nire taldeaz mintzatzeak.

Zerk eragiten dizu barrea? Seme-alabek.

Eta negarra? Une honetan, nire egoerak.

Zerk haserrarazten zaitu? Injustiziek.

Zerk ateratzen zaitu zeure onetik? Injustizia berberek.

Bizio bat: Txokolate beltza.

Lasterketa bat: Donostiako Klasikoa.

Garaipen bat: Mont Ventoux-ekoa (Frantziako Tourrean).

Jardunean ez dagoen txirrindulari bat: Laurent Jalabert.

Jardunean den bat: Alejandro Valverde.

Amesgaiztoak sortzen dizkizun mendate bat: Flipatu egingo duzu, baina Irungo San Martzial. Txikitatik igo izan dut eta inoiz ez diot neurria hartu.

Amets goxoak eragiten dizkizuna: Pordoi eta Gavia.