Oteiza belaunikarazi zuen parajea

agina

Natura eta paisaia, artea eta ondarea, oroimena eta historia... Osagai ugari biltzen dira Agiña mendiaren inguruan, Nafarroan, Bortziriak eskualdeko Lesaka herriko lurretan. Eñaut Mitxelena. Argazkiak: Eñaut Mitxelena.

Lesakako herriguneak berak badu sobera arrazoi herria ezagutzeko, baina mendialdeko parajeek ez diote zertan inbidiarik izan. Hala gertatzen da udalerriak Gipuzkoarekin duen mugan, Endara, Auzoberri eta Zala auzoak magalean hartzen dituen Agiña mendian.
Agiñara autoz hurbiltzeko, izen bereko mendatean gora jo behar da, Lesaka eta Oiartzun lotzen dituen NA-4000 errepidea hartuta. Oiartzungo noranzkoan, lehenik Agiña eta ondoren Aritxulegi mendatea igarotzen ditu (Gipuzkoako lurretan, GI-3420 izena dauka). Mendi bide polita, kontu latza gordetzen duena: Francoren diktaduraren lehen urteetan, Gerra Zibilean frankistek preso hartutako milaka pertsonek gatibu lanetan eraikitakoa da; esklaboen pare, tratu txarrak, gosea, indarkeria, gaixotasunak, umiliazioak, miseria edota heriotza jasan zituzten. Ez da, gainera, inguruotan modu horretan egindako bakarra.
Lesakatik irten eta 7 bat kilometrora dago Agiñako gaina. Ezker-eskuin zabaltzen diren eremuak Agiñako estazio megalitikoaren parte dira, mairu-baratzez, batez ere, baina baita trikuharriz eta tumuluz jositako gunea. Agiña inguruko hegietan, halako hainbat ikusiko ditugu.
Agiñako gainean, errepidea utzi eta oinez zementuzko pista bati jarraituz, 500 bat metrora Gontzalo Zulaika Arregi Aita Donostia konpositore eta musikologoaren omenezko monumentua dugu. Besteak beste, herri kantutegiko ondarea berreskuratzen berebiziko lana egin zuen Aita Donostiak. Aranzadi zientzia elkarteak eskatuta, Jorge Oteiza eskultoreak eta Luis Vallet arkitektoak eraiki zuten monumentua, eta 1959an inauguratu zen.
Oteizak egindako hilarriak, Valletek altxatutako kaperak eta antzinako hiru harrespilek multzo artistiko-monumentala osatzen dute. Oskol itxurako kapera xumea da Valletena. Oteizaren hilarria, berez eskultura, prisma karratua da. Alde batean, barrurantz hustutako zirkunferentzia du; bestean, herri kantutegitik harturiko esaldi hau: Txori kantazale ederra, nun ote aiz kantatzen? (proba: zein euskal kantariren abestian ageri da?). Bi elementuon parean, Burdin Aroko harrespilak, iragana eta oraina lotuta oroimenerako espazioa osatzen. Leku ikusgarri eta berezia, Oteiza bera belaunikarazi zuena. Haren lagun Jose de Arteche idazle azpeitiarrak idatzi zuenez, Orioko artista leku horretara lehenengoz eraman zutenean, besoak gurutzean zituela belaunikatu omen zen, “emanazio telurikoak jaso nahi zituela esanez”.
Euskal kulturan, toki esanguratsua da, eta ez soilik multzo monumentalarengatik. Mikel Laboaren errautsak ere bertan haizatu zituzten zendu zenean. Kontu mundutarragorik ere bada. Sonatua izan zen hilarriak 1992an jasandako erasoa. Aralar Komando Kulturala izeneko talde batek hartu zuen bere gain. Merezi du hemeroteketara jotzeak gertakaria ezagutzeko, hain izan zen xelebrea guztia. Erasoaren ondorioek hortxe jarraitzen dute, Oteizak berak erabaki baitzuen kalteak ez konpontzea.
Pistari jarraituta, Domikoko urtegia izango da hurrengo jomuga, gutxi gorabehera kilometro eta erdira. Lehenik, Ikatzulo izeneko bidegurutzera iritsiko gara. Bertako iturria ezkerrean utzita, urtegirantz joko dugu pistan behera. Urtegiko hormara iritsi baino 100 bat metro lehenago, ezkerretarantz doan bide ez oso garbia hartuta, Domikoko sekuoia gorria (Sequoia sempervirens), egurrezko hesi batek inguratua, bisita daiteke. 47 metro luze, Nafarroako zuhaitzik garaiena da, eta 2009tik, Nafarroako Natur Monumentu. Behin urtegiaren ertzean, bueltaxka egin daiteke inguruan, toki ederra da eta.
Egindako bidetik abiapuntura itzuli eta errepidea zeharkatuta, parez pare dago Agiña mendiaren tontorra (618 m). Igoera motz eta erraza, bidean harrespilak ez ezik, P lerroa delakoko metraileta-habia bat ere baduena. II. Mundu Gerra ostean, aliatuek Espainia erasoko zuten beldur, Frankoren diktadurak Pirinioetan zehar eraikitako lerro gotortua zen P lerroa. Hori ere langile behartuek eraikia. Lubaki batek inguratutako eta antena batek itsustutako tontorrean, postontzirik ez, baina bai beste metraileta-habia bat. Gailurrak, hori bai, sekulako oparia eskaintzen die begiei: gertu, Aiako Harriaren granitozko malkarrak, Kopako Harri mendia eta San Anton urtegia; urrutixeago, Bianditz eta Errenga mendiak, itsasoa, Lapurdiko kostaldea, Bera herria, Larhun; urrutiago, Nafarroako mendiak eta Pirinioak...
Txangoa luzatu nahi izanez gero, badago Kopako Harrira (596 m) edota San Anton urtegira joatea, Agiñaren eta Kopako Harriaren arteko lepotik. Jarrai ala buka, galdera, lehenik: paisaiari, naturari (Nafarroako lurrak ez, baina Gipuzkoakoak Aiako Harria Parke Naturalaren parte dira) eta ondareari dagokienez hain toki garrantzitsuan, jarriko zenituzkete 120 metroko luzerako haize errotak? Bada, horixe bera egin nahi du Nordex Energy Spain enpresak, oraindik hastapenetan den egitasmo baten arabera. Txango ederra amaitzeko galdera itsusia, bai.

Jakingarriak

Non jan: Endara auzoan bi jatetxe daude: Olaberri, San Anton urtegiaren alboan; eta Aialde, Aritxulegirako igoeraren erdialdean. Aritxulegi gaineko tunela zeharkatu eta berehala, Oiartzungo lurretan, Arritxulo aterpean jan daiteke, eta lotarako lekua ere eskaintzen dute.
Urtegiaren ertzean, San Anton ermita dago. San Antoni eskainitako egunaren bueltan (urtarrilak 17), erromeria egin ohi da bertan. Oso ohikoa da Oiartzun, Lesaka eta Berako herritarrak bertaratzea, autoz zein oinez.