The Last Bus

 

ingles

Zuzendaria: Gillies MacKinnon. Gidoia: Joe Ainsworth. Aktoreak: Timothy Spall, Phyllis Logan, Grace Calder, Brian Pettifer, Colin McCredie. Erresuma Batua, 2021.

Istorioa: Alargundu berritan, Erresuma Batua alderik alde gurutzatuko du Tom Harper (Timothy Spall) adineko erretiratuak. Emazteari egindako promesa betetzeko, 50 urtez bizileku izan duten Eskoziako iparraldeko herritik uharteko hegoaldeko muturreraino joango da, maleta bat aldean eta erretiratuei garraio publikoan musu-truk bidaiatzea ahalbidetzen dien txartela baliatuz.
Onena: Harper emazteari egindako promesari atxikitzen zaion irmotasun berarekin darama Spallek filma bizkarrean. Eta agure kaskagogor bezain maitekorra gorpuzten duen aktore beteranoaren sorbaldak sendoak dira. Harperren bidaian iraganeko pasarteak ia beti egoki tartekatuta, bere xumetasunean eta alde on eta txarrekin, garraio publikoan gauzaturiko road movie txukun antzekoa da, sentibera eta samurra.
Txarrena: Samur-samurra da, bihotzik gogorrena ere uneren batean bigunduko duena. Hain da samurra, ezen azukre igoera ere eragin dezakeen. Gatz eta piper pixka batek ongi egingo lioke, batez ere onberatasun xaloak gainezka egiten duen uneetan. Bestalde, bidean ikusten diren paisaia zinez ugari eta ederrak ez ote diren batez ere turismorako azpilan soil... Aukeran, hobe agureak autobusetan topatuko duen giza paisaia.
Eñaut Mitxelena