oMOrruMU baMAt
IbonRG eta Enrike Hurtado
Repetidor, 2021
Tradizioa eta abangoardia uztartzeko orduan, Joxan Artze aitzindaria izan zen euskal kulturgintzan. Bada, une honetan ez zaigu IbonRG baino musikari egokiagorik bururatzen Artzeren ondarea berreskuratu eta, bide batez, hari omenaldia egiteko, Ibonek ere biziki atsegin duelako sustraietatik esperimentaziorako bidezidorra urratzea. Enrike Hurtadorekin elkarlanean, disko eder eta iradokitzailea ondu du: Artzeren lehen etapako poema liburuetako zenbait olerkiri musika jarri diete, hein handi batean Ibon RGren Hil zara aurreko diskoko biluztasun eta herrikoitasunari eutsita. Beste zenbait piezatan (ezin bestela izan, Artzeri buruz ari bagara), testuak alde batera utzi, eta nagusitasuna txalapartari eman diote, betiere Artzek berak onetsiko lukeen ukitu garaikidea erantsita musika tresna zaharrari. Emaitza liluragarria da, eta nago Hil zara hura aho bete hortz hartu zutenak maiteminduta geldituko direla disko honetako 11 kantuekin.
Gotzon Hermosilla