Xabier Montoiaren narrazio bilduma berria kalean da

montoia

Taxiak ez dira inoiz gelditzen (Susa) Montoiak azken lana plazaratu zuenetik lau urtera heldu zaigu. “Epe luze samarra harentzat”, Josu Landa editorearen esanetan, baina “Montoia peto-petoa” omen da itzuli dena. Izan ere, haren narratibako pertsonaietan, inguruetan, egoeretan... askotan agertzen da norberaren edo gizartearen ustezko kode moralaren apurketa, eta dilema etiko baten aurrean jartzen ditu pertsonaiak, epaitu gabe. Liburu honetan, gaztetxo bat lehen aldiz maitemintzen da, biologia ikasle batek harriek sufritzen duten galdetzen du, barruko zaratatik ihesi komunitate batera doa beste pertsonaia bat, lagun talde batek mendeku plana prestatzen du... Ipuin guztietan, Ane eta Maite agertzen dira, edo haietako bat, garai ezberdinetan eta hainbat ikuspegitatik, baina ezaugarri horrek ez du liburua nobela bihurtzen. Idazleak aurkezpenean azaldu zuenez, azken ipuina kendu egin zuen, “liburua eleberri bihurtzen zuelako eta ez zelako hori nire asmoa”.


loiolaEPIZENTROA narrazio liburua kaleratu du Nerea Loiolak, Erein argitaletxearekin. Idazle debarrak zazpi kontakizunez osatu du bere lehen ipuin bilduma, eta gai ugariri heldu dio:  maitasuna, desira, sexua, gurasotasuna, zoriontasunaren eraikuntza, nahiak, ardurak, ezinak… beti giza harremanen ardatzaren inguruan. Pertsonaiak, berriz, gure buruan errotuz doazen erabakien eta erabakiok benetan gauzatzearen artean dagoen amildegiaren bertigoan kokatu ditu kasu askotan. Orain arteko literatur ibilbidean, Loiolak haurrentzako bi liburu argitaratu ditu: Harri bat poltsikoan (Igela, 2018) eta Azken lanhütarra (Erein, 2019). Azken urteotan, ordea, beste alor batzuk ere jorratu ditu: iritzi zutabeak Urola Kostako Hitzan eta helduentzako ipuinak. Epizentroa da lan horren aurreneko emaitza.

 

 

balioakBALIOAK. HITZ-MOSAIKO BAT
Erik Pina Miñambres
Itzulpena: Iván Pina Miñambres
Scribo, 2021

Idazleak gaztelaniaz idatzitako liburu hau anaia bikiak itzuli du euskarara. Hainbat narraziok osatzen dute helduentzako nahiz gazteentzako argitalpen hau, eta irakurlea bizitzari buruzko gogoeta egitera bultzatzea du xede. Hala, istorio bakoitzak gai bat jorratzen du: dolua, beldurrei aurre egitea, genero berdintasuna, mugikortasun urriko pertsonen egoera, naturarekiko harremana... Narrazioek ilustrazio bana dute kontakizuna testuinguruan jartzeko.

liburuDONEANEKO ALABA
Juan Kruz Igerabide
Alberdania, 2021

Nobelako narratzailearen bizialdia eta Doneaneko alabarena 36ko gerrako pasarte latz batek uztartzen ditu. Narratzaileari, unibertsitateko literatura irakasle eszeptikoa bera, bizimodua aldatuko zaio Doneaneko alaba gazte poeta ezagutzen duenean. Tartean, pertsonaia ugari gurutzatzen dira, fikziozkoak eta historikoak, aurrera doan bizimodu arruntaren azpian gerraren zauriak ezkutatu ezinik. Maitasunak, tragediak, ezinak, bizipozak... elikatzen dituzte pertsonaiak.