Hezkuntza

arabaAraba Euskaraz bai egingo da, baina Euskal Eskola Publikoen Jaia ez

Iaz bezala, osasun egoerak erabat baldintzatu ditu aurten ere ikastolen aldeko zein euskal eskola publikoaren aldeko jaiak. Hala, egokitu edota bertan behera utzi beharrean izan dira antolatzaileak. Araba Euskaraz, Laudion ospatzekoa, egin egingo dute: ekainaren 20an izango da. Joan den urtean Amurrion egin nahi zuten, baina bertan behera utzi behar izan zuten. Laudioko Ikastolak lekukoa hartu, eta jaiari eutsi dio, egoera berezira moldatuta. Hala, Zabal bideak lelopean, hainbat ekitaldi egin dituzte urte osoan. Orain, ekainaren 20ko hitzordua izango du ginga: jaia egingo dute, baina osasun egoerari erabat egokituta. Hots, ez da jai erraldoi eta jendetsua izango. Bidenabar, osasun neurriak betetzeko ez ezik, ikastolen aldeko jai erraldoien eredu berriari heltzeko ere balioko du jai moldeak. Izan ere, duela bi urte erabaki zuen Ikastolen Elkarteak jai erraldoien eredua aldatzea. Araba Euskaraz, esan bezala, egingo da; EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioak antolatutako Euskal Eskola Publikoaren Jaia, ordea, ez. Ekainean zen burutzekoa, Bastidan, iaz ere jaia hartuko zuen Arabako Errioxako herrian. Orduan ezin izan zuten egin, eta aurten ere bertan behera uztea erabaki dute. Horrenbestez, datorren urtean jasoko du Bastidak euskal eskola publikoaren aldeko jaia.