Frantzia

bozkaHizkuntza gutxituen legeari kolpe gogorra

Historikotzat” jo zen, iragan apirilaren 8an, Frantziako Asanbleak hizkuntza gutxituen aldeko legea edo Molac legea onartu izana. Besteak beste, murgiltze eredua irakaskuntza arruntera eramatea ahalbidetuko zuen, Frantziako hizkuntza gutxituen mesedetan; tartean, euskara. Nolanahi ere, Martxan alderdiko 61 diputatuk helegitea aurkezteak kezka eragin zuen. Ez alferrikakoa, tamalez: Frantziako Konstituzio Kontseiluak atzera bota du legea, partzialki, bi artikulu (helegitean ez ziren aipatzen) Frantziako Konstituzioaren aurkakoak direlakoan. Zehazki, 2. artikuluaren kontrakoak, zeinek Frantziako hizkuntza frantsesa dela dioen. Murgiltze ereduaren aurkako ebazpenak eskola publikoari zein itunpekoari eragingo die. Esaterako, Seaskaren ikastolak ziurgabetasun egoeran utziko ditu, 1994tik zuten lege babesa ere zalantzan jarri delako. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak legea sinatu izanak, gainera, irtenbideak zailtzen ditu. Hobera egiteko zen legea askoz okerragora egiteko baliatu du, azkenean, Frantziako Gobernuak. Erabakiak haserre bizia sortu du euskalgintzako eragileengan nahiz Ipar Euskal Herriko ordezkari politiko gehienengan; baita izugarrizko egonezina ere, euskararen irakaskuntza kolokan jarri duelako. Protesta egiteko ekinbideak iragarri eta antolatu dituzte, eta erabakiaren aurka egiteko asmo irmoa azaldu dute. Beharko, ataka gaiztoan utzi dituztelako lehendik ere Frantzian egoera txarrean ziren hizkuntza gutxituak, eta erabat zapalduak euskaraz nahiz bestelako hizkuntza gutxituetan bizi nahi duten guztien eskubideak.