Arkeologia

koliseoErromako Koliseoko hondarra berreraiki egingo dute

Jatorrian zuen itxura berreskuratuko du Erromako Koliseoko plateak. Gladiatoreen arteko borrokak eta bestelako ikuskizunak egiten ziren Koliseoko hondarrean, baina egun guztiz desagertua dago, eta platearen azpiko tunel eta ziegak agerian daude. Bada, Italiako Gobernuak egitura horiek estali nahi ditu, eta lortzeko lanak ere iragarri ditu. Lehiaketa publikoa egin ostean, Milano Ingenieria enpresaren egitasmoa hautatu du Italiako Kultura Ministerioak. Proiektuaren arabera, 3.000 metro koadroko platea eraikiko dute Koliseoaren erdialdia betetzeko. Bereziki tratatutako egur arinez egingo dute, eta ireki eta itxi egin ahal izango da, lur azpiko eraikuntzak ikus daitezen. Ingurumen aldetik jasangarria izango dela eta eraikinari ez diola inolako kalterik eragingo ziurtatu du Kultur Ministerioak. Urte amaieran edo datorren urtearen hasieran hasi nahi dituzte lanak, 2023rako amaituta izango dituztelakoan. Orduan, Koliseo azpiko eraikinak babesteko ez ezik, bisitariei Koliseoaren beste ikuspegi bat eskaintzeko balioko du obrak. Gainera, ekitaldiak egiteko erabiliko dutela iragarri dute, betiere ekitaldiek eraikinari kalterik eragiten ez badiote. Hori bai, ikuskizun erraldoirik ez dute onartuko. Erabakiak eztabaida piztu du adituen artean, Koliseoaren jatorrizko itxura berreskuratzearen alde daudenen eta eraikina kaltetua izango dela uste dutenen artean, hain justu.