Zalduaren azken liburua: ‘Inon ez, inoiz ez’

zaldua

Inon ez, inoiz ez (Elkar) da Iban Zalduak (Donostia, 1966) kaleratu duen hondar ipuin-liburuaren izenburua, azken urteotako lanaren emaitza. Hiru zati eta eranskin bat dituen obran, ia 40 ipuin bildu ditu, nahiz eta idazleak berak aitortu hainbat baztertu duela. Argia ikusi dutenen artean, fantastikoak eta errealistak daude, metaliteratura lantzen dutenak, eguneroko bizitzaren ifrentzua erakusten dutenak eta azkenaldiko gure panorama politikoa erretratatzen dutenak. Haatik, fikzioaren balioa aldarrikatu nahi izan du Zalduak liburu honekin. Gai aniztasun handiko eta narrazio molde eta luzera ezberdineko kontakizunak dira, obsesio batzuk errepikatu arren. Zalduak, zenbait ipuin-liburu argitaratzeaz gain, bi eleberri eta euskal literaturaren inguruko hiru saiakera ere kaleratu ditu, besteak beste. Gainera, hiru aldiz irabazi du urteko liburu onenaren Euskadi Saria (euskal literaturan, gaztelaniazko saiakeran eta haur literaturan).


 zubizarretaELKAR argitaletxeak udazkenean kaleratuko du, liburu bihurtuta, 2014ko Mikel Zarate haur literatura saria irabazi zuen egitasmoa, Patxi Zubizarretak idatzitako Mundua baloi batean kontakizuna, hain zuzen ere. Epaimahairen esanetan, “maila handiko 23 lan” lehiatu ziren guztira, baina Zubizarretak idatzitako nobela hautatu zuen bere “idazketa eder eta abilagatik”. Narrazioak umeen futbol partida bateko pasadizoa eta mutiko protagonista zaintzen dauden aingeruak nahasten ditu, fantasiaren eta errealitatearen arteko jokoan. Patxi Zubizarreta (Ordizia, 1964) idazlea eta itzultzailea da. Helduentzako nobelak ere idatzi dituen arren, haur eta gazte literaturako egile gisa da batez ere ezaguna, dozenaka titulu idatzi eta sari asko irabazi baititu.